Iruñeko Ziudadelan egongo da ikusgai, gaur hasi eta maiatzaren 13ra bitarte, Nafarroan bizi diren artistak erakusketa. Beste herrialde batzuetatik iritsi diren hamabi artista dira. Hamabi istorio, hamabi adierazpide. Bulgariarrak dira, txiletarrak, txinatarrak, argentinarrak, japoniarrak, boliviarrak, mexikarrak...Pintoreak, marrazkilariak, argazkilariak, eskultoreak... Komunean bi gauza dituzten pertsonak dira: Nafarroan bizi direla eta artearekiko interesa. Eta gaurtik aurrera, lotzen eta biltzen dituen proiektu hau ere.
Artista horietako bati, Juan Manuel Fernández Cuicháni hain zuzen, bururatu zitzaion ideia. Jatorriz ekuadortarra da eta Iruñean bizi da; ez du ukatzen migratzailea denik, are gehiago, ongi kontzientea da, eta horrek aukera ematen dio bere artean ikuspuntu globaletik lan egiteko, eta ikuspuntu hori zabalagoa izaten da, batzuetan gutxiago bidaiatu duen bertako artista batena baino. Cuichánek urteak eman ditu bere egoerari bueltak ematen, bai eta Nafarroan jaio ez baina bertan bizi diren eta artea ogibide edo zaletasun gisa duten beste lagun askoren egoerari ere. Gogoeta horren ondorioz sortu da bere proposamena: erakusketa bat eskaintzea egile-multzo bati haien lana hobeki ezagutarazteko aukera emate aldera.
Erakusketa horrela aurkeztu dute gaur goizeko prentsaurrekoan erakusketaren artista eta komisario Cuichánek berak eta Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek. Erakusketa Ziudadelako Mistoen eraikineko lehenengo solairuan bisitatu ahalko da, ordutegi honetan: asteartetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era; larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara. Apirilaren 30etik aurrera arratsaldeko ordutegia ordu erdian atzeratuko da.