Ziudadelako Lidia Biurrun aretoan guztira 206 ezkontza zibil egin ziren iaz

Ziudadelako Lidia Biurrun aretoan guztira 206 ezkontza zibil egin ziren iaz
Maite Esporrín zeremonia gehien egin zituen zinegotzia da, iaz bi udalbatza izan ziren eta 37 zinegotzik egin zituzten ezkontzak
bodas civiles

Iruñeko Udalak guztira 206 ezkontza zibil egin zituen Ziudadelako Lidia Biurrun aretoan. Zifra aurreko urtekoaren oso antzekoa da, 201 ezkontza zibil egin baitziren areto horretan. Hala ere, jaitsiera esanguratsua da 2015ean egindakoekin alderatuta, orduan 255era iritsi baitzen kopurua.  

Ezkontza Ziudadelan zeremonia zibilaren bidez formalizatzea erabaki zuten bikoteek  iraila, ekaina eta abuztuaren aldeko hautua egiten zuten, hurrenkera horretan. Hiru hilabete horietan metatu ziren ezkontzen ia erdiak (% 44,4). Irailean 34 eztei egin ziren, hurrena ekainean egin ziren gehien, 30, eta abuztuan, 28. Aldiz, urtarrila, otsaila eta abendua izan ziren beste behin ere eskari txikiena izan zuten hilabeteak, 2, 7, eta 10 ezkontzarekin. Egin ziren ezkontza guztietatik 198tan bikoteak mistoak ziren, eta 8tan sexu berekoak. 2018an sexu bereko13 bikotek formalizatu zuten ezkontza zibila Udaletxean. 

Zeremonia horiek udalbatzako kideek egiten dituzte. 2019an gertatu zen bi udalbatza izan zirela, maiatzean hauteskundeak egin baitziren. Horregatik, 27 udal ordezkari badira ere, iaz guztira 37 zinegotzi izan ziren 206 ezkontza horietakoren bateko buru. 

Maite Esporrin, PSNren udal taldekoa izan zen eskari gehien jaso zituen zinegotzia, izan ere, urte osoan  31 ezkontza egin zituen. Aurreko legegintzaldian Geroa Baiko zinegotzi izandako -oraingoan ez du errepikatu- Iñaki Cabasesek 19 ezkontza egin zituen lehen seihilekoan. Eskari gehien jaso zuen hirugarren zinegotzia Patxi Leuza izan zen, hori ere Geroa Baikoa; 18 bikote ezkondu zituen bigarren seihilekoan, jada legegintzaldi honetan. Horiei Maider Beloki gehitu behar zaie, EH Bildukoa, zeinak 12 ezkontza egin baitzituen urte osoan. Gainerako zinegotziek ezkontza 1 eta 9 artean egin zituzten. Iruñeko Alkate Enrique Mayak  9 bikote ezkondu zituen 2019an, horietatik 3 alkate karguan. Bestalde, Joseba Asironek, aurreko alkateak, 5 ezkontza egin zituen: bat alkate zela eta beste lauak udalbatza berriko kide gisa.

Talde politikoei dagokienez, PSNko zinegotziek 54 eztei egin zituzten (aurreko urteko 20en aldean); haien atzetik Navarra Sumakoek 53 ezkontza (UPNk 39 egin zituen 2018an); EH Bildukoek 50 (aurreko urtean 46 izan ziren); Geroa Baikoek 42 (2018an 78 ezkontza egin zituzten talde honetako zinegotziek, Iñaki Cabasesek nagusiki, 72 egin baitzituen). I-E eta Aranzadi taldeetako zinegotziek, biak aurreko legengintzalditik datozenak, bost eta bi ezkontza egin zituzten hurrenez hurren (2018an 11 eta 6 izan ziren hurrenez hurren). 

Ezkontza Zibilen Bulegoa, Casa Marcelianon

Ezkontza zibila Iruñeko Ziudadelan egin nahi dutenek, aurrez ezkontza-espedientea abiatu beharko dute erregistro zibilean edo bikotekideetako bat erroldatuta dagoen herriko bake-epaitegian. Espediente hori abiatu izanaren egiaztagiria eskuratuta, Casa Marcelianon dagoen (Merkatuko k. 7-9) Iruñeko Ezkontza Zibilen Bulegora joan beharko dute. Horretarako, nahitaezkoa da aurretiko hitzordua eskatzea, Internet bidez edo udal-argibideetarako 010 telefonoan. Behin hara joanda, ezkontzarako eguna eta ordua aukeratu eta hura ospatzeko tasa ordaindu ondoren (100 €, 2020. urtean), ezkontza Ziudadelako Lidia Biurrun aretoan egin ahal izateko bete beharreko baldintzen eta eman beharreko urrats guztien berri emanen zaie. Bertan zehaztu beharko dira gainera zeremoniaren inguruko bestelako alderdiak ere, hala nola, eraztun trukea, irakurgai osagarriak, edo zuzeneko musika sartu nahi den, betiere kontuan hartuta ezkontzaren gehieneko iraupena 25 minutukoa izanen dela emandako ordutik kontatzen hasita, eta epe horretan aretoa eta bertarako sarbidea libre utzi behar direla, hurrengo ezkontza egin dadin. 

Iruñeko Udalak ezkontzak ostiraletan eta larunbatetan eginen direla ezarri du, salbu eta jaiegunak badira edo ekitaldi edo ospakizun bereziak badaude. Zentzu horretan, 2020an egun baliogabeak dira: apirilaren 10a; maiatzaren 1a; uztailaren 3a, 4a, 10a, 11, 17a eta 18a; abuztuaren 15a eta abenduaren 25a. Gainerako ostiraletan ezkontzak arratsaldez egin ahal izanen dira, ordu erdiro, 18:30etik 20:00etara. Larunbatetan, ordu erdiro eginen dira ezkontzak 12:00etatik 13:30era bitartean. Maiatzetik urrira ezkontzak larunbat arratsaldez ere egin ahal izanen dira, 18:30etik 20:00etara.
Ezkontideek zeremoniaren buru zein zinegotzi izatea nahi duten aukeratuko dute Udalbatzako zinegotzi guztien artean, betiere libre badaude. Era berean, ezkontza gaztelaniaz ala euskaraz izatea nahi duten aukeratu ahal izanen dute.

Ia 800 lagun gehiago ezkondu gabeko bikoteen erroldan

2019 urtean 799 bikote gehiagok eman dute izena Iruñeko Udalaren ezkondu gabeko bikote egonkorren erroldan. Horietatik, 55 bikote sexu berekoak ziren. Maiatza, ekaina eta iraila izan ziren alta gehieneko hilabeteak (92, 81 eta 83 alta hurrenez hurren).   Abenduan, ordea, 28 alta besterik ez ziren izan. 

Alta-kopuruak 100 baino gehiagotan gainditzen du 2018koa, eta 2012ko alta-kopuruaren antzekoa da, orduan 808 alta izan baitziren. Bi data horien artean alta-kopurua modu esanguratsuan gutxitu zen: 2013tik 2018ra arteko epean urtean 500 bat alta izan ziren batezbeste. 

Bestalde, 2019an errolda honetan erregistraturiko bajen kopurua 393 izan zen, horietatik 30 sexu bereko bikoteak zirelarik. Bajetan igoera izan bada ere, 2018an baino 60 baja gehiago, egia esan 2011tik hona kopurua egonkor samar mantendu da; urtean 335 baja izan dira batezbeste.  
 

¿Te ha sido útil esta página?