Ziudadelako Labean David Mutiloa iruindarraren 'Izenbururik gabea' instalazioa dago ikusgai, Udalak eta AEDAS Homesek sustatutako 2025eko Labea Aretoa Arte Instalazioen Nazioarteko I. Lehiaketaren lan irabazlea

Ziudadelako Labean David Mutiloa iruindarraren 'Izenbururik gabea' instalazioa dago ikusgai, Udalak eta AEDAS Homesek sustatutako 2025eko Labea Aretoa Arte Instalazioen Nazioarteko I. Lehiaketaren lan irabazlea
Formatu handiko eskultura da, aretorako berariaz egina, eta barrualdea eta kanpoaldea bateratzen ditu eraikinaren arkitekturarekin jolasean
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Ziudadelako Labean David Mutiloaren Izenbururik gabea instalazioa dago ikusgai, Labea Aretoa Arte Instalazioen Nazioarteko I. Lehiaketaren lan irabazlea. AEDAS Homes etxebizitza-sustatzaileak Iruñeko Udalarekin elkarlanean eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren parte-hartzearekin sustatu dute lehiaketaren saria: ostiral honetan jaso du egileak, eta 10.000 euroko sari ekonomikoaz gain, bere proposamena gauzatu du.

Ekitaldian Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak, Íñigo Gómez Eguíluz alorreko zuzendariak eta Mikel Fernández AEDAS Homeseko Iparraldeko Ordezkariak parte hartu dute, eta azken horrek eman dio egiaztapen-diploma David Mutiloa irabazleari, zeina jasotako 21 proposamenen artean hautatu baitute. 

David Mutiloaren sorkuntza kalitateagatik eta Labeko espazioa modu originalean baliatzeagatik nabarmentzen da. Izenbururik gabea lanak izaera minimalista du, aretoaren arkitekturarekin jolasten da eta kanpoaldea zein barrualdea erabiltzen ditu. Horrela, aretoa da bisitariei begira dagoena, 12 metro luze eta 34 zentimetroko diametroa duen altzairuzko pieza baten bidez, leiho baten bidez eraikina diagonalean zeharkatzen duena. 

Sorkuntzak bere azalean marrazki batzuk ditu, lirikoagoak, sinbolikoagoak edo literalagoak. Marrazkiak hainbat teknika erabiliz lortu dira, ebakiduren, zulaketen eta leunketen bidez eta denboraren joanari eta aldakortasunari buruzko gogoetara gonbidatzen dute, aldakortasuna baita Mutiloaren proposamenaren funtsezko alderdi bat. Lana erakusketa ikusgai dagoen bitartean aldatzen joanen da, batez ere kanpoko aldea, eguraldiaren ondorioz. Labea aretoko instalazioa piezak izanen dituen askotariko egoeretatik bat bakarrik izanen da, egin den unetik  korrosioak erabat jan eta desegiten duen arte.

David Mutiloa egile sarituak (Iruña, 1979), Diseinu Industrialeko ikasketak egin zituen, Arte Ederretan lizentziaduna da, eta masterra du Ekoizpen eta Ikerketa Artistikoan. Lan-ibilbidean, erakusketak egin ditu bakarka, taldeka eta hainbat erakunderekin elkarlanean, besteak beste, hauetan: Antoni Tàpies Fundazioa, Macba, Miró Fundazioa, La Casa Encendida, Arts Santa Mònica, Jorge Oteiza Fundazio Museoa, FabraiCoats, Arts Santa Mònica, LaCapella eta García Galeria. Artistaren obrak hainbat herrialdetan ikusgai egon dira, esaterako, Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian, Grezian, Italian eta Singapurren.

Iruñeko Labea Aretoa Instalazio Artistikoen Nazioarteko lehen Lehiaketak arte garaikidea eta esperimentala sustatu nahi ditu, eta Ziudadela eta, zehazki, Labea aretoa –esparruko zaharrenetako bat, 1973an Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten– ezagutzera eman eta hedatu nahi ditu. AEDAS Homes etxebizitza-sustatzaileak sustatzen du, ConLasArtes by AEDAS Homes programaren barruan. Programa horren bidez, enpresak bere ingurumen-helburuen artean artea eta kultura hedatzeko ekintzak egiten ditu.

Lehenengo edizioko epaimahaia honako hauek osatu dute: Íñigo Gómez Eguíluz, Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria; Oskia Ugarte, Uharte Zentroko zuzendaria; Alexandra Baures, Mapamunditarrak programaren komisarioa; José María G. Romojaro, AEDAS Homeseko Arkitekturako zuzendari ohia; eta Ana Suárez Gisbert, abokatua eta kultura-kudeatzailea, idazkari aritu dena. Epaia emateko irizpideek honako hauek izanen dituzte ardatz: proposamenaren eduki esperimentala, originaltasuna, eragina eta emozioak sortzeko aukera, bai eta kontzeptualizazioa ere.

Erakusketa aktibatzea

Labeko erakusketaren osagarri gisa, ostegunean, urriaren 23an, 18:00etan, aktibazio bat eginen da aretoan bertan. Horretarako, David Mutiloa artistak beste bi esku-hartze eginen ditu, erakusketaren iruzkin edo osagarri gisa. Esku-hartze horiek, formatu eta denborazkotasun desberdinetakoak, azaroaren 16an erakusketa ixten den egunera arte egonen dira aretoan

 

'IZENBURURIK GABEA', DAVID MUTILOA
•    2025eko Labea Aretoa Arte Instalazioen Nazioarteko I. Lehiaketaren lan irabazlea, AEDAS Homesek eta Iruñeko Udalak bultzatuta.
o    Bisita-Ordutegia: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era (astelehenetan itxita)
o    Irailak 19 – azaroak 16
o    Erakusketaren aktibazioa: urriak 23, 18:00etan

¿Te ha sido útil esta página?