Bestelako Argiak jaialdiak azken astea du Ziudadelan. Datorren urtarrilaren 6an amaituko dira dagoeneko sendotuta dagoen jaialdi artistikoan egunotan ikusi ahal izan diren ikus-entzunezko proiekzioak eta instalazio interaktiboak. Jaialdi horrek gogoeta, gozamena, jolasa, sormena eta emozioak piztea du xede, hainbat proposamen artistikoren bidez. Aste honetan, (urtarrilaren 2tik 4ra), haurrendako eta familiendako sormen-lantegiak ere antolatu dira Arma Aretoan.
Bestelako Argiak jaialdiaren bederatzigarren edizioak zortzi ikus-entzunezko pieza proiektatuko ditu Ziudadelako zenbait gunetan; horietako lau Zinetika jaialdiko (dantzaren, ikus-entzunezko hizkuntzaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko erlazioak aztertzen dituen diziplina anitzeko jaialdia) hautapen zinematografikokoak dira, eta beste lau Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumakoak.
Proiekzio bakoitzak minutu bat eta hamabi minutu arteko iraupena du, eta dagokion gunean ikusten ahal da, etenik gabe, 17:30etik 20:30era. Proiekzio-pantaila gisa prestatu dira Labearen kanpoaldea, Mistoen eraikina, Lidia Biurrun aretoa eta Bolborategia, baita Errege-bastioia eta Done Jakue bastioia, Armadaren etorbideko harresi-atala eta Bolborategira bidean dagoen pinu-ilara ere.
Ordutegi horretan bertan, 17:30etik 20:30era, aktibatzen dira Ziudadelako sarbideetako eta 8. kasernako instalazio interaktiboak ere. La Portela kolektiboak hainbat koloretako argizko horma-atalez osatutako triptiko baten bidez egiten die ongi etorria gotorlekura datozenei Armada etorbidetik sartzeko tunelean, eta hari distiratsuekin Sorospen Ateko tunelean. Fermín Izcok eta Logela Multimediak ikus-entzunezko esperientzia bat proposatzen dute 8. kasernan, lurretik heldu eta hainbat bidetatik hedatzen diren irudiekin.
Arte-sorkuntzako lantegiak
Bestelako Argiak jaialdia osatzeko, arte-sorkuntzako lantegiak eginen dira urtarrilaren 2an, 3an eta 4an. Lantegi horiek Ziudadelan ikusgai dauden eta Eguberri hauetan bisitatzen ahal diren bi erakusketa-proiektutan oinarritzen dira. Lantegietarako aurrez izena eman behar da, Arma Aretoan, hasi baino ordu erdi lehenagotik leku guztiak bete arte.
Urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, goizez, haurrendako lantegiak eginen dira, Arma Aretoan ikusgai dagoen Oparitzea urtzea da erakusketan oinarrituta. La Chincheta Bruna kolektiboak bideratuko ditu, 11:30etik 13:00etara. 5 urtetik 12 urtera bitarteko haurrendako dira lantegiak, gehienez ere 15 laguneko taldeetan. Izen-emateak 3 euro balio du.
Urtarrilaren 2an eta 3an, arratsaldez, 17:30etik 19:30era, Labean, familiarteko lantegiak eginen dira heldu batek lagundutako haurrendako, Tea en la Azotearen erakusketan oinarrituta. La Chincheta Brunak koordinatuko ditu lantegiak eta Gabriela Barrio, Carmen Salgado, Teresa Sabaté, Virginia Santos, Blanca Razquin, Alicia Otaegui eta Marijose Recaldek eginen dituzte. Saio bakoitzean, eta gehienez ere 40 parte-hartzailerendako, lanerako lau gune jarriko dituzte martxan, eta bakoitzean artista bat arituko da.
IX. BESTELAKO ARGIAK JAIALDIA. IKUS-ENTZUNEZKO PROIEKZIOAK
- 1.- LABEA. DENA EZINEZKOA DA, 198. (2008). Fermín Jiménez. 4’08”. Iruña. IRUÑEKO UDALAREN ARTE GARAIKIDEAREN BILDUMA. Grabitatearen lege zorrotzen menpe dauden objektu hutsal, eguneroko eta etxekoen segida bat. Hanpatasuna eta letra xehezko bizitzaren irrigarrikeria aztertzen dituen ekintza xume bat.
- 2.- MISTOEN ERAIKINA. SU MISURA (2014) (Bere neurria). Augenblick (Alessandra Elettra Badoino, Marina Giardina, Fabio Poggi & Marco Longo). 1’20”. Italia. ZINETIKA JAIALDIA. Jostun bat, bere emaztea: beste edozein bezalako egun bat. Orduan, emaztea sartzen da. Artisautzako keinu erritmikoak dantza bihurtzen dira, orain. Hiruko dantza minutu batean.
- 3.- DONE JAKUE BASTIOIA. ‘Where the spiders live’ (2021) (Armiarmak bizi diren lekua). Holger Mohaupt
3’11’’. Erresuma Batua. ZINETIKA JAIALDIA. “Armiarmak bizi diren lekua” erantzun fisiko bat da Eskozian abandonatutako paintball-zelai baten hondakinetan girotutako arkitekturaren memoriari.
- 4.- LIDIA BIURRUN ARETOA. JUMP (2015): Jan Vesala & Taneli Törmä. 1’. Danimarka. ZINETIKA JAIALDIA. “Jauzia”. 1’. Bi gizon.
- 5.- ERREGE BASTIOIA. I AM MY MOTHER (2008) (Ni naiz nire ama) Mohamad Abbasi
1’02”. Iran. ZINETIKA JAIALDIA. Mohammaden amak ez du sekulan dantzatu, eta, hori dela-eta, hura mugiarazteko zer egin ote dezakeen galdetzen dio Mohammadek bere buruari. Hori horrela, amaren gorputzean sartzen zela irudikatu zuen, hura mugiarazteko. Amaren gorputzean sartu eta bertan dantza egiteko aukera balu, amak ere dantza eginen luke. Haren eta amaren arteko duoa da filma.
- 6.- BOLBORATEGIA. ME AND MY PARENTS PLAYING WITH THE BALL (2013) (Ni eta nire gurasoak baloiarekin jolasten). Elba Martínez. 5’. Iruña. IRUÑEKO UDALAREN ARTE GARAIKIDEAREN BILDUMA. Argumentua hutsala da, eta amaigabea, aldi berean, amaierarik gabeko gurpil batean kateatua: artistak apar-gomazko pilota bat jaurtitzen du gurasoen aurka, familiaren etxeko lorategian. Haiek, itxuraz, ez dute erreakzionatzen: horma bat dira, euskarri bat edo aitzakia bat. Edonola ere, alabaren ekintzaren aurrean, haiek osatzen dute esanahiz eta sentimenduz beteriko komunikazio paradoxiko horren elementu pasibo eta mingarria.
- 7.- ARMADA ETORBIDEAREN ATZEALDEA. JOURNAL (2002) Mariana Vassileva. 11’07”. Bulgaria. IRUÑEKO UDALAREN ARTE GARAIKIDEAREN BILDUMA. Esku batek hiri baten mugak jarraitzen ditu. Paseatzen ari den emakume heldu batek edo jolasean ari den neskato batek bezala, ukitzeak existitzen dela baieztatzen dio. Begirada horretan azalak pertsonaren eta inguratzen duenaren arteko muga gisa dihardu, kanpokoa sentiarazten dio eta bere burua sentitzen du.
- 8.- BOLBORATEGIRA BIDEAN DAUDEN PINUAK. ‘Banlieue du vide’ (2003) (Barnehutsaren aldaria). Thomas Köner
12’12”. Alemania. IRUÑEKO UDALAREN ARTE GARAIKIDEAREN BILDUMA. Gau-zaintzako kamera batek basoaren erdian dagoen bide bateko mugimendu eta soinu ia hautemanezinak erregistratzen ditu. Irudiek ezaugarri espazialekin jolasten dute, eta zalantzazko zerumugak deskribatzen dituzte, ikus-eremua fenomeno sotil eta zehaztugabe gisa agerraraziz. “Bizitzaren aldiri” horretan, paisaia fisikoak egilearen espazio mentala islatzen du.