Ziudadelako lau erakusketa-guneek Aste Santu honetan ere ateak irekiko dituzte, Nafarroako herritarrek eta bisitariek barruti harresituko hainbat eraikinetan dauden arte garaikideko sorkuntzez gozatzeko aukera izan dezaten. Interesa dutenek erakusketak doan bisitatzen ahalko dituzte, jaiegunetan, goizez (11:30etik 13:30era), eta larunbatean eta Pazko astean, goizez eta arratsaldez (11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era).
Une hauetan, Ziudadelan hainbat teknika eta estilotako lau erakusketa daude, Íñigo Labaien, Gonzalo Nicuesa, Jaime Eguaras, Pello Lizarralde eta proiektu bakarrean elkarlanean aritzen diren José Ignacio Agorreta, Imanol Úbeda eta Imanol Rayo artistenak.
Zehazki, Bolborategian, Íñigo Labaienen ‘Siluetak’ erakusketa egonen da ikusgai; bertan, artistak islatu nahi ditu COVID-19aren pandemiak eragindako konfinamenduan, deseskalatzean eta normaltasun berrian izan zituen sentimenduak eta sentsazioak. Hori egiten du zuri-beltzeko hogeita hamar bat argazkiren bidez, desfokuratzearekin jolastuz, eta horiekin pertsonek inoiz bizi izan ez duten egoera horren aurrean bizitako aldaketa islatu nahi du. Erakusketa maiatzaren 15era bitarte egonen da ikusgai.
Mistoen eraikinean bi erakusketa izanen dira. Alde batetik, beheko solairuan, Gonzalo Nicuesak gunea ‘#Stendhal’ lanera egokitzen du. Erakusketak hainbat neurritako eskultura klasikoen 70 bertsio grafiko ditu, greziar klasizismotik Errenazimendura arte. Horretarako argazkiak erabiltzen ditu, zuri-beltzean batzuetan, eta pop koloreetan beste batzuetan, grabaturaino bilakatuz, baina bertsio ezberdinetan: zianotipiak, litografiak, serigrafiak, risografiak edo plastiko gainean biniloz egindako piezak.
Beste aldetik, eraikin horren lehen solairuan, bisitariak ‘Sastraka / Maleza’ izeneko erakusketa-proiektua ikusten ahalko du, Pello Lizarraldek, José Ignacio Agorretak, Imanol Úbedak eta Imanol Rayok hainbat arte uztartuz sortutakoa. Hala, bakoitzak diziplina jakin batean duen esperientzia ematen dio proiektuari, literatura, pintura, musika eta argazkigintza batzen dituen erakusketa bat lortze aldera. Zehazki, erakusketa honako hauek osatzen dute: hamabi testu, gaztelaniaz eta euskaraz, testuetan oinarritutako 27 koadroren erreprodukzioa, Imanol Úbedak konposatu eta hamabi abesti dituen CD-diskoa, Imanol Rayoren 36 argazki eta argazkiak laguntzeko konposatutako soinu-banda duen CDa. Bi erakusketak, ‘#Stendhal’ eta ‘Sastraka / Maleza’, maiatzaren 1era arte egonen dira zabalik.
Azkenik, Ziudadelako kultur eskaintzak ‘Larruazalaren azpian: translazioak eta disonantziak’ zabaldu berri den erakusketa barne hartzen du. Erakusketak –Jaime Eguaras artistarena– maskulinitatearen inguruan aurretik ezarritako rol soziokulturalak kritikatu eta gizartearen aurrerapenen aurrean gizonak duen gelditasuna salatu nahi du. Horretarako, Eguarasek hainbat arte-diziplina erabili ditu, hala argazkigintza nola eskultura, baita ikus-entzunezko ekoizpena ere. Kasu horretan, erakusketa maiatzaren 15era bitarte egonen da ikusgai.