
Ziudadelako Arma Aretoan LGTBI+ politika publikoak eskubideen ikuspuntutik jardunaldia eginen da astearte honetan, 18:00etatik 20:00etara. Jardunaldia Zaloa Basabe Gutierrez Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak inauguratuko du.
Ekitaldian, Andrés Scagliola adituak ‘Begirada intersekzionala tokiko LGTBI politiketan: aukerak eta mugak’ hitzaldia eskainiko du. Hizlaria politologian lizentziaduna da Uruguaiko Errepublikako Unibertsitatean, eta Politika Zientzietan masterduna Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Gizarte Politiken Zuzendari Nazionala izan zen José Mujicaren gobernuan, Uruguain, eta baita Montevideoko gobernuko Aniztasunaren Idazkaritzaren koordinatzailea ere. Giza Eskubideetan aditua da, Bartzelonako Udalaren 2016-2020 aldirako Sexu eta Genero Dibertsitaterako Udal Planaren ebaluatzailea ere bai, eta Universitat de Lleidako LGTBI politiken graduondoan irakasle aritu zen 2022an eta 2023an. Gainera, aholkularia da giza eskubideetan, sexu- eta genero-aniztasunean eta intersekzionalitatean.
Astearteko jardunaldian Iruñeko Udalaren Sexu- eta genero-aniztasunaren eta LGTBI+ berdintasunaren I. Udal Plana ere aurkeztuko dute:, Zeharka Aholkularitzako Eva Leoz Muruzabalen lana izanen da hori. Planak xede du ekintza-tresna bat izatea berdintasuna lortzeko, sentsibilizaziorako eta LGTBIfobiaren aurkako borrokarako, eta 2028. urtea du epemuga. Plan hau Iruñeko Udalak sexu- eta genero-aniztasunaren zeharkako ikuskerari heltzeko egiten duen lehen urratsa da, udal-politiketan eragiteko, gizartea inplikatzeko eta LGTBI+ kolektiboak eta elkarteak ikusarazteko bidean.
Jardunaldiaren bukaeran mahai-inguru bat antolatu dute LGTBI+ kolektiboetako kideekin: besteak beste, LGTBIQfriends elkarteko Alysson Rodriguesekin, Fenix Elkarteko Jared Andinorekin eta Ilotaledo elkarteko Alicia Izalekin. Mahai-ingurua Ekhiñe Atorrasagastik dinamizatuko du.
LGTBI+ POLITIKA PUBLIKOAK ESKUBIDEEN IKUSPUNTUTIK. 18:00 – 20:00
Abenduak 17, asteartea. Ziudadelako Arma Aretoa
- Ongietorria eta aurkezpena. Zaloa Basabe Gutiérrez, Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkaria
- Hitzaldia: ‘Begirada intersekzionala tokiko LGTBI politiketan: aukerak eta mugak’ Andrés Scagliolaren hitzaldia
- Iruñeko Udalaren Sexu- eta genero-aniztasunaren eta LGTBI+ berdintasunaren I. Udal Planaren aurkezpena, Zeharka Aholkularitzako Eva Leoz Muruzabalen eskutik.
- Mahai-ingurua LGTBI+ taldeekin: LGTBIQfriends elkarteko Alysson Rodrigues, Fenix Elkarteko Jared Andino eta Ilotaledo elkarteko Alicia Izal. Dinamizatzailea: Ekhiñe Atorrasagasti