Ziudadelako Arma aretoan egonen da ikusgai 2025eko Arte Plastiko eta Bisualetarako Laguntzen Programan hautatutako sei proiektu artistikoen erakusketa

Ziudadelako Arma aretoan egonen da ikusgai 2025eko Arte Plastiko eta Bisualetarako Laguntzen Programan hautatutako sei proiektu artistikoen erakusketa
Iruñeko Udalak deialdia hedatzen laguntzen du, eta xede du tokiko artisten ibilbide artistikoak finkatzea
Irudia
Irudia
Irudia

Ziudadelako Arma aretoan, 2026ko maiatzaren 28tik irailaren 20ra bitarte, Arte Plastiko eta Bisualetarako Laguntzen Programaren 2025eko edizioan parte hartu duten tokiko sei sortzaileren proiektuen erakusketa egonen da ikusgai. Deialdia Huarte Zentroak eta Nafarroako Gobernuko Kulturako, Kiroleko eta Turismoko departamentuak sustatzen dute, tokiko arte-ehuna indartzeko eta ikerketa eta ekoizpen artistikoko proiektuak laguntzeko eta Iruñeko Udalak deialdiaren hedapena egiten laguntzen du urtero. 

Gaur, osteguna, aurkeztu da erakusketa, eta bertan Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko zinegotziak parte hartu du, Oskia Ugarte Abarzuza Huarte Zentroko zuzendariarekin batera. 

Erakusketak honako hauen lan artistikoak biltzen ditu: Maider Garayo Urabayen, Itsaso Iribarren & Germán de la Riva, Carlos Irijalba, Andrea Muniáin, Maite Redondo Gaztelu eta Jaime Remírez de Ganuza Garrido; deialdiko ekoizpen modalitatean hautatutako artistak dira guztiak.

Aurkeztutako proiektuak ikerketa- eta ekoizpen-prozesuen fase desberdinetan daude, eta oso lengoaia eta metodologia desberdinetatik abiatzen dira. Batzuk bukatu gabe daude, eta, beraz, erakusketak abian dauden ekimenetara hurbiltzeko aukera ere ematen du. Programaren helburuetako bat, hain zuzen ere, prozesu horiei lagun egitea da, eta, hala, sortzaileek denbora eta baliabideak dituzte lan-ildo berriak ikertzeko, ekoizteko eta garatzeko.

Erakusketa ikusgai dagoen bitartean, 2025eko Arte Plastiko eta Bisualetarako laguntzen programan hautatutako proiektuak ere aurkeztuko dira, argitalpen-modalitatean. Modalitate hori argitalpenak kaleratzera dago bideratuta, hainbat formatutan, eta helburu du argitalpen-formatua behar duten arte garaikideko proiektu eta artistenhedapena eta sustapena egitea. 2025eko deialdian honako proiektu hauek hautatu zituzten: Taxio Ardanazen irudi bakar bat, Oihane Mcguinnessen Armendarizen Shakaur eta Fermín Jiménez Landaren O todo brilla o nada brilla.

Erakusketarekin batera aretoan bertan eskuragarri dagoen doako argitalpen bat egin dute, lan-prozesuei lotutako materialak eta testuak biltzen dituena. Era berean, erakusketak berariazko bitartekaritza-espazio bat du, proiektuei hurbiltzeko modu ezberdinak eskaintzeko eta bisitariendako irakurketako eta parte hartzeko tresnak sortzeko. 

Bisita-ordutegia honako hau da: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era bitarte eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. Erakusketarekin batera, jarduera publikoen programa bat antolatu da: aurkeztutako ikerketei lotutako topaketak, bisitak eta ekintzak barne hartuko ditu.

Hautatutako proiektuak
Lehenengo proposamena: Andre Muniáinen Sobre la condición mágica de la técnica: eskultura eta ikus-entzunekoak oinarri hartuta, magia, teknologia eta automatizazioa uztartzen dituen ikerketa-proiektu bat da. 

Carlos Irijalbaren Wanderers lana, berriz, aluminio arin batzuez osatuta dago eta metala modu askean adieraz dadin saiatzen da. Urtzearen eta isuriaren ziklo bat sortzen du, materialaren adierazpen askearen eta artistaren nahiaren arteko adostasunaren bila. Bestalde, Itsaso Iribarrenek eta German de la Rivak Flesh & Films proiektuan ukimena eta gorputzen arteko kontaktua lantzen dute irudiak sortzeko motor gisa.

Jaime Remírez de Ganuzaren Cardos de plata proiektuak film-euskarri analogikoa darabilen ikus-entzunezko ikerketa baten zati bat jasotzen du, begirada makurtzeko eta bere Soriako familiaren jatorriarekiko lotura zeharkatzen duenari arreta emateko tresna gisa. 

A girl in a room and I bought my new jeans proiektuan, Maider Garbayok irudiaren, objektuaren eta kultura bisualaren arteko harremanean jartzen du arreta, ikurrak, materialak eta erreferentziak erakusgunera nola eramaten ahal diren aztertuz, identitatearen eta irudikapen-sistemen inguruko irakurketa berriak sortze aldera.

Azkenik, Maite Redondoren Mi ojo persigue soles como quien perseguía oro lana, De cerca, de lejos el sol filmaren instalazioa eta zabalkuntza da. Duela hamabi urte Asiako hego-ekialdean grabatutako irudi batzuetatik abiatuta, irudiez eta haiek sortzeko ekintzaz hausnartzen du filmak, non eginak diren eta nork egiten dituen zalantzan jarriz. 


2025EKO ARTE PLASTIKO ETA BISUALETARAKO LAGUNTZEN PROGRAMA

  • Ziudadelako Arma aretoa:

    • Data: 2026ko maiatzaren 28tik irailaren 20ra bitarte (sanfeminetan izan ezik)

    • Ordutegia: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, goizez bakarrik, 11:30etik 13:30era; astelehenetan, itxita

  • Ekoizpen-modalitatean hautatutako proiektuak:

    • Sobre la condición mágica de la técnica, Andrea Muniáin.

    • Wanderers, Carlos Irijalba.

    • Flesh & Films, Itsaso Iribarren & Germán de la Riva.

    • Cardos de plata, Jaime Remírez de Ganuza Garrido.

    • A girl in a room and I bought my new jeans, Maider Garayo Urabayen.

    • Mi ojo persigue soles como quien perseguía oro, Maite Redondo Gaztelu.

  • Argitalpen-modalitatean hautatutako proiektuak:

    • irudi bakar bat, Taxio Ardanaz. 

    • Shakaur, Oihane Mcguinness Armendariz.

    • O todo brilla o nada brilla, Fermín Jiménez Landa.

¿Te ha sido útil esta página?