Pompelo Civivoxa Iruñeko modaren sektorearen topagune bihurtuko da aste honetan, eta jardueren programa zabala eskainiko da horretarako: besteak beste, erakusketa bat, bi mahai-inguru eta hainbat topaketa diseinatzaileekin eta sektoreko profesionalekin. Proposamena Janzten duen hiria ardatz tematikoaren barruan dago: modaren sektorea ikusarazi eta sustatzeko jardueren parte da, eta azaroan antolatu den hirugarrena eta azkena da. Ekimena Iruña moda da programaren barruan dago. Iruñeko Udalak martxan jarri duen programa aitzindaria da Iruña moda da, eta xede du tokiko moda herritarrei hurbiltzea, sektoreko profesionalak balioestea eta barnetik dinamizatzea, bizipenak partekatuz eta baterako proiektuak eginez. Jarduera guztiak doan dira, erakusketa bisitatzea izan ezik, eta aurretik izena eman behar da 010 herritarrendako arreta-telefonoaren bidez.
Erakusketa, topaketak eta mahai-inguruak
Civivox Pompeloko irakurketa-gela izanen da jardueren egoitza, bertan Iraganetik orainera erakusketa egonen baita ikusgai aste osoan zehar; hain zuzen ere, erakusketa erakuslehio bat da modaren askotariko adierazpenak ezagutzeko eta sektorearen parte direnen lana bertatik bertara ikusteko.
Jardueren egitaraua azaroaren 19an (osteguna) abiatuko da, 18:00etan, María Clè Lealek gidatuko duen Latxa Basque Wool fabrics: hurbileko zuntz batendako aukera berriak topaketarekin. Diseinatzaile euskaldunak bere negozioaren historia partekatuko du: proposamenak ardi latxaren artilea berreskuratzen du, eta artileak diseinu garaikideko ehun eta objektuak eraldatzeko ematen dituen aukerak arakatzen ditu. Ondoren, Moda jasangarria: materialak, erabakiak eta egiteko moduak mahai-ingurua eginen da 19;00etatik 20:00etara, eta bertan izanen dira Laura Irurzun Urdiain, José Luis Mariñelarena Oiz, Arantza Lezaun, Ibone Garamendi eta Inari Jün, baita Maria Clè Leal ere.. Askotariko ibilbideak dituzten profesional horiek aukera izanen dute beren proiektuak ezagutzera emateko eta materialei, berrerabiltzeari eta kontsumo kontzienteari buruzko iritziak trukatzeko.
Hurrengo egunak –azaroak 20, ostirala– hauxe izanen du ardatz: proiektu berriak sortzea eta proiektu horiek hiriaren eraldaketari egiten dioten ekarpena. Lehenengo hitzordua 14:30ean izanen da, eta Sonia Romero izanen du protagonista: hitzaldi-lantegi sortzaile bat emanen du, eta marka bat sortzeari eta proiektu bideragarri bat lortzeari helduko dio elkarrizketa eta sormen-jolas eta -ariketak uztartuta. Ekintzailetza izanen da ildo nagusia hurrengo mahai-inguruan, 17:00etatik 19:00etara, eta honako hauek parte hartuko dute: Sonia Romero, Adriana Eransus, Bianca Horvath Arboit, Ainara Martínez, Judith Moreno eta Amaia Bezunarte; denek dute eskarmentua hirian negozioak martxan jartzen.
Egitarauari amaiera emateko, azken topaketa bat eginen da azaroaren 21ean (larunbata): 10:00etatik 14:00etara bitarte izanen da hitzordua, amaierako ekitaldiaren aurretik. Goizez, Loturak sortu eta patroiak apurtu saioa eginen dute Aitor Acilú-k eta Marta Bariáin-ek: parte hartzeko lantegi bat izanen da, eta elkarren artean ezagutzeko eta sektoreko pertsonen artean esperientziak partekatzeko egonen da diseinatuta. Bruguera jostundegiko Daniel Chong, Guillermo Décimo eta Magdalena Prieto (Lenita) diseinatzaileek emanen diote amaiera programari: 17:30ean, belaunaldien arteko solasaldi bat eginen dute beren ibilbideei buruz. Egungo talentua balioan jartzeko testigantza izanen da, baina, horrekin batera, omenaldia eginen zaie lanbide hori Iruñean mantendu eta sostengatu duten pertsonei.