Ziudadelan taberna eta terrazako modulu bat jarriko da, 12 mahai eta 48 aulkirekin, eta Baserriberri tabernak kudeatuko du. Aste honetan abiatuko da eta urrira arte egonen da zabalik. Irekiera-ordutegia astegunetan 18:00etatik 23:00etara izanen da astelehenetik ostegunera, eta 18:00etatik 24:00etara, ostiraletan. Asteburuetan, bestalde, 11:00etatik 15:30era eta 18:00etatik 24:00etara irekiko dute larunbatetan, eta 11:00etatik 15:30era eta 18:00etatik 23:00etara, igandeetan. Ordutegi horiek aldatzen ahalko dira, betiere Bide publikoan terrazak eta ostalaritzari nahiz dendei lotutako beste elementu batzuk instalatzea arautzen duen Ordenantzan ezarritakoak gainditu gabe.
Iruñeko Udalak, Covid-19aren osasun-krisialdiaren ostean, mahai gainean jarri zuen hiriko gune publiko batzuetan ostalaritzako aldi baterako postuekin bide publikoa okupatzeko lizentzia emateko lizitazioa, atari zabalean aisialdi- eta jolas-guneak sortzeko eta horrela hiriko erdigunea deskongestionatzeko. Toki horietako bat Ziudadelan zegoen. Lizitaziora eskaintzarik aurkeztu ez denez, zuzenean baimenduko da, Udalak interesa baitu ostalaritzako gutxieneko eskaintza egon dadin.
Kultur jardueren erdigunea eta turismoaren erakargunea
Ziudadela Udalaren udako kultur programazioaren eszenatoki nagusia da, izan ere, parke hau toki irekia eta handia da, bidea ematen du edukiera eta pertsonen arteko distantzia fisikoa eraginkortasunez kontrolatzeko, eta ingurune segurua eskaintzen du Udalak eta sustatzaile pribatuek programatutako kultur eta musika jarduerak egiteko. Horrez gain, bertako eraikinetan erakusketa asko programatzen dira, erakusketa-aretoetan. Hortaz, ohiko erakargunea da kultur jardueretara bertaratzen direnentzat edo gotor-sistema hau ezagutzera hurbiltzen direnentzat, Iruñeko turismo-ondarearen funtsezkoa baliabidea baita. Udako lehen asteetan ekitaldi edo erakusketaren batera bertaratu diren bisitarietako askok eskatu dute taberna- eta terraza-zerbitzu hau eman dadin.
Taberna-modulua Udalarena da eta lehengo urteetan erabili izan da. Zerbitzua kudeatzeko baimena jaso duen enpresa ostalaritza-sektorekoa da, eskarmentua dauka bere establezimendutik kanpoko ostalaritza-jardunetan, aritu izan da ostalaritzako instalazio mugikorrak ustiatzen eta behar beste langile zein azpiegitura nahikoa dauzka.