Ziudadelako barrutiak uztailaren 23an, asteazkenarekin, irekiko ditu ateak, sanferminen ondoren egiten diren garbiketa- eta aratze-lanak amaitu eta gero. Sanferminetako Egile Su Artifizialen Nazioarteko XXIV. Lehiaketako su artifizialak jaurtitzean jausitako hondakin piroteknikoak kentzen ari dira egun hauetan, bai harresien goiko aldean bai lubanarroetan. Halaber, su artifizialen bildumak jaurtitzeko azpiegituretako batzuk kentzen ari dira.
8 langilez osatutako brigada bat harresitutako barrutia garbitzen ari da, eta beste 18 langile lubanarroetan ari dira lanean, autobus-geltokiaren eta Eraikin Singularraren arteko eremua garbitzeko. Langileak Udaleko garbiketa- eta lorategi-zerbitzuaren parte dira. Guztira bost hektareako gune bat leheneratzen ari dira: lubanarroek hiru hektarea hartzen dituzte eta harresien goiko aldeak, beste bi.
Lanek bi fase dituzte: lehenengo fasean, hondakinak, hala nola karkasak eta petardoak, eta lehertu gabeko beste material batzuk eskuz garbituko dituzte, eta ondoren, aratze-lanak eginen dituzte. Aratze-lanak honetan dautza: ebakidura sakona egiten da lurzoruan, eta hala, gainazaletik urrunen dauden ernamuinek ez dute eragozpenik izanen berriz ere hazteko; aurreikuspenen arabera, guztira piroteknia-arrastoen zatiak dituzten landare-hondakinen 60 eta 80 metro kubiko artean kenduko dituzte.
Behin lanak bukatuta, eta Herritarren Segurtasunak hondakin piroteknikorik ez dagoela egiaztatu ondoren, Ziudadela berriz ireki eta lau erakusketa-aretoak (Mistoen eraikina, Arma Aretoa, Labea eta Bolborategia) ikusgai egonen dira berriro, ohiko ordutegian: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13.30era eta 18:00etatik 20:30era; eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.