Zirriborroak aurkeztu eta azaltzeko fase bat txertatu du Udalak sanferminetako kartel-lehiaketan, sormen-lanari balio handiagoa emateko

Zirriborroak aurkeztu eta azaltzeko fase bat txertatu du Udalak sanferminetako kartel-lehiaketan, sormen-lanari balio handiagoa emateko
Egileek lanaren planteamendua eta kontzeptua azaldu beharko dituzte hasiera batean, eta hautatzen diren 20 egileek bakarrik entregatu beharko dute kartela

Iruñeko Udalak zenbait aldaketa txertatu ditu sanferminetako kartela aukeratzeko ohiko lehiaketara, sormen-lanari balioa handiagoa emateko asmoz. Oinarri berrietan jasotakoaren arabera, hasiera batean ez da beharrezkoa izango kartela euskarrian entregatzea, baizik eta zirriborro batekin nahikoa izango da, planteamenduaren eta ideia-kontzeptuaren azalpenarekin. Horiek ikusita, 20 hautagairen lehen aukeraketa bat egingo da, eta horiei eskatuko zaie lana inprimatzea eta euskarri zurrun batean entregatzea, ebaluatua izan dadin. Epaimahaiak orduan zortzi finalista aukeratuko ditu, horien artean herritarrek bozketa egin dezaten, 2008az geroztik egin ohi den bezala.

Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek gaur goizeko prentsaurrekoan eman dituzte ezagutzera lehiaketaren oinarri berriak. Azaldu dutenez, ekimen honen helburua da lehiaketaren izaera irekiari heltzea, parte-hartze librea mantenduta, eta aldi berean irizpide "profesionalago" batekin uztartzea, hartara kontzeptuari eta sormen-lanari balio handiagoa aitortuz eta aurkeztutako lanek ideia landuak izan ditzaten lortze aldera.

Oinarri berriak datozen egunotan argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta horrekin bat ezarriko da hautagaitzak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori martxoaren 28an amaituko da, 13:30ean.

Hasieran, zirriborroa eta azalpena besterik ez

Aurreko urteetan bezala, sanferminetako kartel-lehiaketan parte hartzea librea da. Egile bakoitzak zirriborro bakarra aurkezten ahalko du, originala, argitaragabea eta teknika librekoa. Ezin izanen dira aurkeztu aurreko edizioren batean finalistak izandako obrak.

Aurreko urteetan ez bezala, ez da kartela hasieran entregatu beharko, baizik eta kartelaren zirriborro bat, 1.000 x 700 mm-ko formatuan, "Pamplona/Iruña San Fermín 2018, 6 al 14 de julio / Uztailaren 6tik 14ra" testuarekin. Zirriborroarekin batera testu bat entregatu beharko da, non azalduko baitira kontzeptuaren garapen teorikoa eta kartelaren osagaiak, hala nola konposizioa, koloreak, tipografia, sinbologia, eta abar.

Testu horrek ez du autorearen sinadurarik ez identifikazio daturik eduki behar: leloari baino ez dio erreferentzia egingo. Biltegiratzeko USB gailu batean aurkeztu beharko da, eta agiriek (zirriborroa eta azalpena) karpeta batean sartuta egon beharko dute, kartelaren leloarekin identifikatuta. Gutun-azal itxi batean entregatuko dira egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa, NANaren fotokopia, curriculum laburra eta aurkeztutako obra originala eta argitaragabea dela dioen aitorpena; kanpoaldean, kartelaren leloa ageriko da.

Lanak Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Alorrean (Descalzos k. 72, 2. solairua) aurkeztu behar dira.

Hautapen-faseak

Epaimahaiak -Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendaria buru izango delarik eta diseinuaren, komunikazioaren edo arte plastikoen arloko bost profesionalek eta Udaleko arte plastikoetako teknikariak osatua- aurrefinalistak izango diren 20 zirriborro aukeratuko ditu. Hogei hautagai horiei astebete emango zaie gehienez ere behin betiko kartela Iruñeko Ziudadelan aurkezteko. Euskarri zurrun batean gainean aurkeztu beharko dira 20 kartel horiek, epaimahaiak balorazioa egin dezan, eta gero, erakusgai jartzeko. Udalak bere gain hartuko du kartelaren produkzio-kostua, gehienez ere 100 euro ordainduta kartel bakoitzagatik.

Lehen aukeraketa horren ostean, epaimahaia produzitutako 20 kartel horiek ebaluatzeko bilduko da, eta zortzi finalistak hautatuko ditu. Azken hamar urteetan egin bezala, zortzi kartel horiek herri-bozketaren fasera igaroko dira, eta herritarren boto gehien eskuratzen duen kartela izango da irabazlea. Saria 3.600 eurokoa izango da.

¿Te ha sido útil esta página?