Iruñeko Harresietako Jaialdia abuztuaren 2tik 19ra bitarte izanen da, eta aurten ere Nafarroako hiriburuko udako kultur egutegiaren hitzordu finko gisa. Kaleko arteak, zirku garaikidea eta dantza berriz ere kalera atera eta protagonista izanen dira harresien ingurunean tokiko eta nazioarteko hamabost konpainiaren parte-hartzeari esker. Aurreko edizioan izandako arrakastaren ondoren, Nafarroako Suakai taldearen ‘Argiak, Musika, Ekin!’ ikuskizunak hasiera emanen dio jaialdiari datorren astelehenean, abuztuaren 2an, gaueko hamarretatik aurrera, eta filmetako soinu-banden bitartez, bertaratuei 360º-ko murgiltze-esperientzia proposatuko diete. Oraingoan, hitzordu hau Gaztelugibelera tokiz aldatuko da, Iruñeko harresien gune berezi eta adierazgarrira.
Harresietako Jaialdia uda honetan itzuliko da kultura kalera atera, arte-sorkuntza garaikidea sustatu eta beste ikusle batzuk erakartzeko xedez, eta horretarako sarrera libreko ikuskizunak sortu ditu. Aurtengo edizioko hamalau ikuskizunek bat eginen dute oraingoan ‘Biba Iruña bizirik!’ ekimenaren kultur eskaintzarekin, zeinak udan aisialdiko proposamen askotarikoak eskaintzen baititu egunero.
María García-Barberena Kulturako zinegotziak prentsaurrekoan eskaini ditu Harresietako Jaialdiko aurtengo edizioaren xehetasunak, eta nabarmendu du proposamen horren bidez “Iruñeko Udalak kultura garaikidea herritar guztiei hurbiltzearen alde egiten jarraitzen duela, hiriko harresi-ondareko espazioei balioa emanez eta kaleko arteei lagunduz”. Agerraldian Claudia Osések ere hartu du parte, Suakai Nafarroako konpainiaren zuzendarietako batek, zeinak datorren astelehenean zikloaren inaugurazio-ikuskizuna taularatuko baitu. Osések zehaztu ditu ‘Argiak, Musika, Ekin!’ ikuskizunak aurten izanen dituen berritasunak; izan ere, aurreko edizioan ikuskizunak Ziudadela bete zuen, eta aurten, egokitu eta Gaztelugibelera lekuz aldatuko da.
Soinu-banda bat zuzenean argiekin eta musikarekin Gaztelugibelen jaialdiari hasiera emateko
‘Argiak, Musika, Ekin!’ ikuskizunak jaialdia inauguratuko du datorren astelehenean gaueko hamarretatik aurrera. Etenik gabeko bidaia izanen da zinemaren historiako soinu-bandarik garrantzitsuen eta erakargarrienetan barna, eta, kasu honetan, Gaztelugibelen antzeztuko da (15. zenbakiaren parean), ikuskizuna 360º-tan ikusteko leku berezian, eta soinu murgilgarriaz. Zinemaren emozioa agertokira eramanda, oraingoan, zuzeneko jatorrizko soinu-bandarekin. Ikuskizunak irauten duen 70 minutuetan etenik gabeko bidaia bizitzen ahalko da zinemaren historiako soinu-bandarik garrantzitsuen eta erakargarrienetan barna. Ekoizpenak ikusleen pasio handietako bi gerturatzen ditu: zinema eta soinu-bandak, formatu bakar eta originalean.
360º-ko formatu berrian, publikoak inoiz ikusi ez duen ikus-entzunezko ikuskizun batez gozatzen ahalko du, non artistek bertaratuen artean zirkulu bat osatuko baitute. Soinu inguratzailea eta 360ko argiak protagonistak izanen dira bereziki eta, ikuskizunaren barruan, pertsona bakoitzak ikuspegi bitxiaz eta bereziaz gozatzen ahalko du, bizipen paregabe baten parte izaki. Sarrera librea izanen da, toki guztiak bete arte.
Tokiko, nazioko eta nazioarteko kutsua duten ikuskizunak
Inaugurazioa egin eta gero, jaialdiaren lehenengo hitzordua abuztuaren 3an izanen da, asteartearekin, Gaztelugibeleko lubanarroetan, Nostraxladamus konpainiaren ‘Volatiner@s’ ikuskizunarekin. Altuera-funanbulismoko ikuskizuna da, poetikoa eta bisuala, adin guztietarako, eta horren bidez Jaialdiak gogora ekarri nahi du ‘Argako Erregina’ gisara ezagunagoa zen Remigia Echarren funanbulista iruindarra. Halaber, arratsaldero abuztuaren 9tik 13ra eta 16tik 19ra, 19:00etatik aurrera, pertsonaia horri bakarrik eskainitako ikuskizuna taularatuko da. Estefanía de Paz artistak eginen du eta Ziudadelako 7. Poternan antzeztuko da, eta sarrera librea izanen da 30 laguneko edukiera bete arte.
Frantziako lau konpainiak eta Kenyako batek aurten nazioarteko kutsua emanen diote Jaialdiari, non Andaluziako, Extremadurako, Kataluniako, Madrilgo, Aragoiko eta Balear Uharteetako artistek parte hartuko baitute. Ikuskizunak Ziudadelako barrutian eginen dira, astelehenetik ostegunera, 20:00etan, eta ostiraletan, 22:00etan. Sarrera librea izanen da, iritsitako hurrenkeran edukiera bete arte, eta barrutiko ateak emanaldi bakoitza hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.
Harresietako Jaialdiaren ikuskizunak
- Abuztuak 2. 22:00. Argiak, Musika, Ekin! Suakai (Gaztelugibelen, 15. zenbakiaren parean)
- Abuztuak 3. 20:00. Volatiner@s. Nostraxladamus (Ziudadelako lubanarroetan, sarrera Armadako etorbidearen eta Yanguas y Mirandaren arteko izkinatik)
- Abuztuak 4. 20:00. Ahá! Alas Circo
- Abuztuak 5. 20:00. 78 Route. La Meute - Los Muchachos
- Abuztuak 6. 22:00. Creatura. Lapso producciones / Malabart
- Abuztuak 9. 20:00. Les madeleines de Poulpe. Kadavresky
- Abuztuak 10. 20:00. Tartana. Trocos Lukos
- Abuztuak 11. 20:00. Bowa. La gata japonesa
- Abuztuak 12. 20:00. Avol. Cir Bover
- Abuztuak 13. 22:00. Copyleft. Nicanor de Elia
- Abuztuak 16. 20:00. EL cazador. MIGTHY JAMBO
- Abuztuak 17. 20:00. VoloV. Colectiu TQM
- Abuztuak 18. 20:00. Magic Box. E.go
- Abuztuak 19. 20:00. Esencial. Vaivén Circo