Zirku-arteen doako bi ikuskizunek buru emanen diote aste honetan Harresietako Jaialdiaren Bost Punta zikloari Ziudadelan

Zirku-arteen doako bi ikuskizunek buru emanen diote aste honetan Harresietako Jaialdiaren Bost Punta zikloari Ziudadelan
Aireko dantza, gaur, eta akrobaziak zuzeneko musikarekin, bihar, izanen dira azken bi hitzorduen protagonistak
Irudia
Irudia

Zirku-arteek diziplina-sorta zabala biltzen dute, eta abuztuan Ziudadelan dute hitzordua. Harresietako Jaialdiaren programazioaren barruan dagoen ‘Bost Punta’ zikloari amaiera emateko, aste honetan bi ikuskizun izanen dira, askotarikoak, teknikei dagokionez, eta aireko dantza eta akrobaziak protagonista izanen dituzte. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izanen da leku guztiak bete arte.

Gaur, abuztuaren 17an, asteazkenarekin, Ziudadelan Berdinki konpainia arituko da, eta ‘Mikra’ aireko dantza eta zirkuko ikuskizuna antzeztuko du. Trapezio bikoitzetik abiatuta, bi pertsonaia ‘perfekzio’ akrobatikoa lortzen saiatuko dira, topo egin eta topo ez egitearen bide batean. Zirku freskoa, baina drama-karga interesgarri batekin, genero-rolen, aitatasunaren eta nortasun pertsonalaren inguruan. Berdinki konpainia Irati Gonzalez Jaimerenak eta Koldo Arakistain Irazustak sortu zuten 2019an. 2017az geroztik, hainbat proiektutan egon ziren, esaterako Asvinenea arte eszenikoen laborategian edo Gure Zirkuan, Euskal Herriko zirku ibiltariaren lehen karpan. Karrikan izeneko mugaz gaindiko Euskal Herriko sorkuntza-deialdian hautatu zituztenean, konpainia propioa sortzea erabaki zuten. 

‘Bost Punta’ zikloari amaiera emateko, bihar, ostegunean, Circ Pistolet konpainiaren ‘Quizás no hay final’ ikuskizuna izanen da, mahai gaineko tentsio handiko akrobaziekin, bertikalekin, baskula txikiarekin eta eskutik eskurako orekekin, zuzeneko musikarekin, pikarokeria handiarekin, irri eta irribarreekin, adin guztiendako. Circ Pistolet konpainia 2008an sortu zen, Enric Petit eta Rat Serraren baturari esker. Elkarrekin konpainiaren lehen ikuskizuna sortu zuten, ‘Sobre rodes’, 150 emanaldi baino gehiagorekin. 2009an, Tomàs konpainian sartu eta ‘Le Grand C’ ikuskizunaren sorkuntza kolektiboan parte hartu zuen. Ikuskizun horrek 2012ko Ciutat de Barcelona de Circ saria irabazi zuen, haien muntaiekin irabazi dituzten sari guztietan lehena. 2019. urtearen amaieran, proiektu berria eratzen hasi ziren, beste bi artistekin –Marc Hidalgo akrobata eta Sergi Estella musikaria–, eta ondorioz, zuzeneko musika eta zirkuko bi teknika berri gehitu ziren, hala nola lurreko akrobazia eta baskula txikia.

Bi ikuskizun horiek amaiera emanen diote abuztuaren 2an hasi eta zirku-arteari lotutako bederatzi sorkuntza Ziudadelako hainbat agertokitara eraman dituen Bost Punta zikloari. Aurtengo edizioan, zikloak izena estreinatu du, dantza eta zirku ikuskizunak antzezten diren harresi-espazioa inguratzen duen gotorlekuaren planoa aipatuz.
 

2022KO HARRESIETAKO JAIALDIA. BOST PUNTA

  • Abuztuak 17, asteazkena. 20.00. Ziudadela. Mikra. Berdinki (Aireko dantza, zirkua)
  • Abuztuak 18, osteguna. 20.00. Ziudadela. ‘Quizás no hay final’. Circ Pistolet. (Zirkua, musika)    
¿Te ha sido útil esta página?