‘Zinema gauak’ zikloak badu zer ospatu, 2021eko edizio honetan, 25 urte betetzen baititu. 1997an Iruñeko Udalaren programa egonkor gisa sortu zenetik hazten joan da kultur ekimen hau. Lehen urtean 9 proiekzio izatetik edizio bakoitzean 20 film baino gehiago izatera pasa da; dagoeneko ia 500 zinema proposamen eskaini dira, eta horietatik 20 inguru bertan behera utzi behar izan dira hiriko klimatologiaren ondorioz. 2016tik euskarazko zinema saioak ere antolatzen dira. ‘Zinema gauak’ zikloaren etapa bakoitzean espazio publiko berriak batzen joan dira, azkenekoa, Buztintxuri 2017an; horrela, egun, gaueko zinema 10 auzotan proiektatzen da. Programazioa –normalean generoen arabera antolatua– espazio bakoitzaren soziologiara ere egokitzen joan da.
COVID-19aren pandemiak zertxobait aldatu du Udalaren proposamena: aurreko udan Udalak bost proiekzio-eremu berritara mugatu zuen programa, osasun-segurtasuneko arauak betetzen zirela modu naturalean kontrolatzeko aukera ematen zutelako (López pilotalekua, Salestarren patioa, Ezpeletaren jauregia, José Vila IP zaharra eta El Lago IP); uda honetan, baina, normaltasuna berreskuratu da, nolabait, eta ohiko plaza eta parke batzuk berreskuratu dira. 2021eko programa abuztuaren 27an bukatuko da.
Aurtengo edizioko azken txanpan, abuztuaren 23an, astelehenarekin, ‘Superagente Makey’ filma proiektatuko da Iturraman; asteartean, ‘Ernest & Celestine’, Txantrean; eta asteazkenean, ‘¡Scooby!’, Sanduzelain. Hiru proiekzioak 22:00etan hasiko dira. Sarrera librea da, leku guztiak bete arte.
Proiekzioak eta ikusleak goraka programa hasi zenetik
Programaren antzinatasunak eta tenperatura, haize eta prezipitazioak ere garrantzitsuak dira ‘Zinema gauak’ programarako. 1997an (9 film), 5.000 iruindarrek hautatu zuten udal karteldegia aisialdirako aukera gisa; 2003an, berriz, abuztu izugarri bero batean, Iruñeko 20.000 herritarrek hartu zuten bide hori (23 film). 2007an, aitzitik, klimatologia hain txarra izan zen ezen hiru proiekzio bertan behera geratu behar izan baitziren, eta ikusleak 9.000 baino gutxiago izan ziren guztira.
Ikusleen marka ‘8 apellidos vascos’ (España, 2013, 95’) filmak ahutsi zuen, zeina 2015 abuztuaren 4ko gauean Yamaguchi parkean proiektatu baitzen, 1.325 ikuslerekin. Hori ikusleek oraindik etxetik aulkiak eta ogitartekoak eramateko aukera zutenean gertatu zen, orain baimenduta ez dagoen zerbait.
Iruñeko Udaleko zinemak zehatz mehatz betetzen du Zinemaren Legeak ezarritakoa eta jarduera ludiko, partizipatibo eta belaunaldi-artekoa eskaintzen du. ‘Zinema gauak’, 25 urteko ibilbidea duen programa egonkor gisa, badu bere tokia familia askoren egutegian udaro. Aurrekari hurbilenak 2003az geroztik Etxabakoitzen egiten diren proiekzioak dira, hiri-kanpamendu baten amaiera gisa eta auzo-unitatearekin lankidetzan eginak, bai eta 1996an ekimena hedatzeko egin zen proba pilotua ere, aire zabaleko hiru proiekzioez, Ziudadelan, Alde Zaharrean eta Txantrean.
Hurrengo hiru filmak
Abuztuaren 23an, asteazkenarekin, Iturramako bulebarrean ‘Superagente Makey’ filma egonen da ikusgai, Alfonso Sánchezen komedia bat, Leo Harlem eta Silvia Abrilekin. Ez da gomendagarria 7 urtetik behekoentzat. Argumentuari dagokionez, José Miguel “Makey” polizia xaloak izugarri maite du bere lana Carabanchel auzoan eta gehiegizko erantzukizun- eta ohore-zentzuaz jokatzen du. Bere bizitza goitik behera aldatuko da Costa del Solera bidaltzen dutenean. Bertan, Makey alabarekin elkartuko da berriz, elkarri hitz egin gabe urteak pasa ondoren, eta nazioarteko narkotrafiko sare arriskutsu batean murgilduko da.
Astearteko proposamena erabat ezberdina da, gaztelaniazko azpitituluak dituen euskarazko animazio film bat baita. Txantreako Salestarren patioan, ‘Ernest & Celestine’ film frantziarra egonen da ikusgai, edozein adinetako ikusleei zuzendua eta bereziki haurrentzat gomendatua. Notario izan nahi ez duen hartz baten eta dentista izan nahi ez duen sagutxo despistatu baten arteko adiskidetasunaren istorioa kontatzen du.
Animaziokoa da, halaber, asteazkenean Sanduzelaiko Gortari Doktorearen plazan proiektatuko den filma, ‘¡Scooby!’. Filmean, Scooby eta taldeak euren misterio konplexuenari aurre egin beharko diote: Cerbero txakur mamua askatzeko konplota. Txakur-apokalipsia geldiarazteko korrika egiten duten bitartean, taldea ohartuko da Scoobyk inork susmatu ez duen patu epikoa duela.
Zinema gauak. 22. Sarrera librea, leku guztiak bete arte
- Abuztuak 23, astelehena, Iturrama (Bulebarra).
- ‘Superagente Makey’
- Abuztuak 24, asteartea, Txantrea (Salestarren patioa).
- ‘Ernest & Celestine’. Euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin
- Abuztuak 25, asteazkena, Sanduzelai (Gortari Doktorearen plaza).
- ‘¡Scooby!’
- Abuztuak 26, osteguna, Milagrosa (Milagrosako Civivioxeko patioa - José Vila).
- ‘Yesterday’
- Abuztuak 27, ostirala, Arrotxapea (Maiteminduen parkea).
- ‘La Familia Addams’