Zentzumenen babeslekuan sanferminak giro lasai eta irisgarrian eta zarata gehiegirik gabe gozatzeko aukera dago, eta desgaitasunen bat duten pertsonek lehentasuna dute

Zentzumenen babeslekuan sanferminak giro lasai eta irisgarrian eta zarata gehiegirik gabe gozatzeko aukera dago, eta desgaitasunen bat duten pertsonek lehentasuna dute
Kondestablearen jauregian egonen da zabalik adin guztietarako gune multisentsoriala, uztailaren 8tik 13ra bitarte, goizez eta arratsaldez
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Aurtengo sanferminetan ere Kondestablearen jauregian egonen da Zentzumenen babeslekua: gune irisgarri eta lasaia da, eta bertan edonork gozatzen ahal du festaz. Iruñeko Udalaren ekimenez, uztailaren 8tik 13ra (biak barne) egonen da zabalik; gune berritzailea da, zarata handirik gabekoa, eta sanferminetan desgaitasunen bat dutenen, hipersentikorren eta dibertsitate funtzionala dutenen parte-hartzea bermatzea du helburu. Izan ere, bost zentzumenen bidez esploratzeko, sentitzeko, deskonektatzeko, babesa emateko, erlaxatzeko eta disfrutatzeko aukera ematen du guneak.

Zentzumenen babeslekua sanferminak irisgarri egiteko Udalaren estrategia zabalago baten parte da, eta horretarako, neurri hauek jarriko dituzte abian: feria-lekuan musikarik gabeko guneak jartzea, egokitutako plataformak, piktogramen bidezko seinaleztapena eta kultur programazio inklusiboa. Gunea gaur goizean aurkeztu dute Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak eta Iñigo Gómez Eguiluz alorreko zuzendariak; halaber, bertan hainbat entitate eta eragile laguntzaile izan dira: CERMIN (Nafarroako Desgaituen Entitate Ordezkarien Batzordea), Iruñeko Udaleko Haur Eskolak, Txantreako Liburutegi Publikoa, Traza Espacio Creativo elkartea, Anfas, Once eta Eunate elkartea.

Zentzumenen babeslekua koloretako leku bat da, gelditu eta lasaitasunez bizi ahal izateko bereziki pentsatua, eta zentzumenen bidez eta modu polisentsorialean gozatzeko proposamen, espazio eta material egokituak daude bertan. Bost eremu ditu, zentzumen bakoitzarendako bat. Kondestablearen jauregiko patioaren erdigunean lantegi komunitario batean sortutako collage-instalazio bat jarri dute ikusgai, eta hiru eremu hauek daude haren inguruan:  'Ukitu / Kontaktatu'; 'Usaindu / Usnatu', eta 'Ahogozatu / Hitzez jolastu'. Berritasun gisa, 'Begiratu / Ikusi' eremua jarri dute Areto Gotikoaren barrualdean. Eta sotoaren barnean, 'Entzun/Gelditu' gunea dago.

'Ukitu / Kontaktatu' eremuan papera da protagonista, collage teknikaren bidez. Paper gogorra, paper biguna eta zinta erabilita margolan bat sortzea proposatzen da: irudimena da muga bakarra, eta eskuak eta guraizeak tresna gisa baliatuko dira. Sortutako lanak etxera eramateko aukera dago, edo, nahiago bada, patioan uzten ahal dira. 'Usaindu / Usnatu' eremuan hainbat pote daude, eta pote horien barruan dagoen usaina asmatzeko gonbidapena egiten da; ondoren, bizitako sentsazioekin olerki bat, marrazki bat edo idazki bat sortzen ahal da. 'Ahogozatu / Hitzez jolastu' eremuan irudien, hitzen eta errezeten mundu bat proposatzen da, zaporera garamatzaten formak sortu eta marrazteko. 

Aurten 'Begiratu / Ikusi' gunea sortu dute: koloreetan, argietan eta itzaletan arreta jarrita begiratzeko gonbidapena. Areto Gotikoaren sarreran itzalak sortu eta kolorea ematen duten bi proiekzio daude, eta jarraian, jolasgune bat: kolorezko zintekin eta proiekzioen itzalekin itxurak sortzen ahal dira bertan. Eta sotoan 'Entzun / Gelditu' eremua dago: girotzeko musikarekin bat mugitzeko aproposa da, eta bihotz-taupadak entzuteko aukera ezin hobea, giro leun horretan lasaitasuna lortzeko erabiltzen diren oihal eta argiei esker.

Zentzumenen babeslekuak sarrera librea du, eta desgaitasunen bat dutenek lehentasuna dute. Adingabeek heldu batez lagundurik joan behar dute. Kontsultei arreta emateko langileak daude gunean. Arauekin bat, 20 minuturo eremuz aldatu beharra dago; hala, bisitari guztiek parte hartzen ahalko dute, baita guneaz gozatu ere. Ordu hauetan irekiko dute gunea: 12.00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.

Sare-lana
Zentzumenen babeslekuaren proiektua Iruñeko Udalaren eta gizarte-entitateen arteko sare-lan irmoari esker finkatu da; hain zuzen ere, lankidetza-eredu horrek baliabide teknikoak, arreta zuzeneko esperientziak eta irisgarritasun unibertsalaren ikuspegi partekatua bateratu ditu, herritar guztiek gune egokitu, seguru eta begirunetsu batez gozatzeko aukera izan dezaten.

Erreferentziazko gunea da estatu mailako festen esparruan, eta 2025erako handitzea erabaki dute: gizarte-entitateek jasotako beharrei erantzunez, helduendako gune lasaiagoa izan dadila nahi dute. Era berean, euskarri irisgarriak sortu dituzte: besteak beste, braillez idatzitako esku-paperak, piktogramak, irakurketa errazeko PDFak, zeinu-hizkuntzara egokitutako bideoak, eta abar. 

Sanferminak Iruñean webgunean kontsultatzen ahal da jaien irisgarritasunari buruzko informazio guztia.

 

2025EKO ZENTZUMENEN BABESLEKUA

¿Te ha sido útil esta página?