“Zenbat kolore, hainbat gustu”: COworkids programak  980 leku eskainiko ditu udan 3 eta 17 urte bitarteko adingabeei zuzendutako zortzi kanpaldi desberdinetan

“Zenbat kolore, hainbat gustu”: COworkids programak  980 leku eskainiko ditu udan 3 eta 17 urte bitarteko adingabeei zuzendutako zortzi kanpaldi desberdinetan
Kanpaldietan izena emateko epea zabalik egonen da ekainaren 1etik 10era, 010 telefonora deituta
Fitxategi
Fitxategi
Coworkids vernano

 

 

 

 

 

Haurrendako udal-programak 980 leku eskainiko ditu guztira udan 3 eta 17 urte bitartekoendako zortzi kanpalditarako, ekainaren 27tik abuztuaren 19ra bitarteko proposamenekin. Gustu guztietarako eskaintza. Iruñeko Udalak, COworkidsen bitartez, hiri-kanpaldi tradizionalei beste hainbat motatako kanpaldiak gehituko dizkie, hala nola kirol anitzekoak, igerilekuetakoak, ingelesean murgiltzeko kanpaldiak eta ‘Iparralderantz’ kanpaldi berritzaileak, hondartzara eta Frantziako Donejakue bidera eguneko txango eta ibilaldiekin.

Gaur goizean aurkeztu du “Zenbat kolore, hainbat gustu” programa María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotziak, eta agerraldi publiko berean Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Zinegotziak gauza bera egin du hiriko gazteei zuzendutako programazioarekin.

COworkids udal-programak 2022ko ikasturtea bukatuko du 3.000 izen-emate baino gehiagorekin lehen seihilekoko bere jardueretan, eta udarako doako 4 proposamen eta ordaindu beharreko beste lau eskainiko ditu. Eskaintza guztiak astebetekoak dira (astelehenetik ostiralera), ‘Iparralderantz’ kanpaldiak salbu, lau egunekoak direnak, egun bakoitzeko txango batekin. Argibide gehiago jasotzeko, coworkids@pamplona.es helbidera idatzi. Gainera, eskaintza osoa programaren webgunean kontsultatu daiteke.

Doako jarduerak: igerilekuak eta gotorlekua

Doako proposamenak ekainaren azken astean abiatuko dira ‘Kirol anitzeko kanpaldiarekin’, zeina ekainaren 27tik uztailaren 1era bitarte eginen baita, 10:00etatik 13:00etara. 8 eta 12 urte bitarteko haurrendako aurreikusita, astero 60 leku eskainiko ditu Arantzadiko kirolgunean. Haurrek futbola, pilota, padela, xakea eta joku anitzak egiteko aukera izanen dute, eta jarduerak Nafarroako hainbat kirol federaziorekin elkarlanean eginen dira.

Arantzadin ere eginen da, uztailaren 26tik abuztuaren 5era, COworkidseko Igerilekuak kanpaldiaren bigarren edizioa. Astero, 8 eta 12 urte bitarteko 20 haurrek, 11:00etatik 14:00etara bitarte, igerileku barruko zein kanpoko jolasez gozatzeko aukera izanen dute. Izen-ematea doakoa da eta, kasu honetan, aste baterako zein bitarako eman daiteke izena. Kanpaldi hori beste tokitara hedatu da, eta, edizio honetan, bigarren atal bat eginen da ordutegi eta baldintza berdinetan, baina Sanduzelaiko Aquavoxeko igerilekuetan, abuztuaren 8tik 19ra, ordutegi berean.

Laugarren jarduera San Bartolome gotorlekuan eginen da abuztuaren 1eko eta 8ko asteetan. Nagusiagoei zuzendutzen zaie, 13 eta 17 urte bitartekoei. ‘Nerabeendako EKOkanp’ delakoan 80 lagunendako tokia egonen da berriz ere udan eta, arratsaldero, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara, COworkids lantaldeak ingurumena zaintzeari buruzko aisia-jarduerak eginen ditu: ihes-jokoak, ginkanak, piraguismoa, lantegiak, magia, jolasak, musika, askariak eta apar-festa.

Hiri-kanpaldiak garapen jasangarrirako

COworkidsek hiri-kanpaldien bi modalitate proposatuko ditu udan. Lehengoak, tradizionalak, 600 leku izanen ditu, eta uztailaren 18tik abuztuaren 19ra eginen da, astekako izen emateekin. Adin tarteen arabera antolatuko diren 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua dago, eta Iturrama ikastetxe publikoan (Eneko Aritza kalea 13, 60 leku aste bakoitzeko) eta Cardenal Ilundain ikastetxe publikoan (Marcelo Celayeta etorb. 117, 60 leku aste bakoitzeko) eginen da, egunero, 08:00etatik 14:45era. Ordutegi horretan jolasak, eskulanak, kirola eta Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) inguruko jarduerak eginen dira. Leku bakoitzak 55 euro balio du aste bakoitzeko, bazkaririk gabe, eta 85 euro, bazkari zerbitzua barne.

Bigarren kanpaldia uztailaren 18tik 22ra eta abuztuaren 8tik 12ra eginen da, Ikasketa Integralerako Nafarroako Zentroarekin (CNAI) elkarlanean. Ingelesezko murgiltze linguistikoko kanpaldi bat da eta Hegoalde Ikastolan ( Sebastián de Albero kalea 2) eginen da, 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako, 120 lekurekin. ‘There is no planet B’ izenburupean, jarduerek GJHak jorratuko dituzte, 09:00etatik 12:00etara. Prezioa asteko 89 euro da.

Bi kanpaldietan familiendako deskontuak aurreikusita daude: Bi seme-alaben izen emateagatik, % 20koa, eta hiru seme-alaba edo gehiagorengatik % 30ekoa.

Itsasoa, hondartza eta Donejakue bidea

COworkidsen uda honetarako eskaintzaren berritasun nagusia ‘Iparralderantz’ kanpaldiak dira, bakoitza 20 lekurekin. Kanpaldi bakoitzak lau irteera ditu: Frantziako Donejakue bideko bi toki esanguratsuetara, Orreagara eta Donibane Garazira, eta beste bi Hondarribiko eta Donostiako hondartzetara. Lau txango izanen dira eta osotara 10 euro balioko dute, eguneroko bazkaria barne hartuta, 08:00etatk 16:00etara baitira.

Eduki bereko bi edizio eginen dira, baina data ezberdinetan eta adin-tarte ezberdinendako: uztailaren 26tik 29ra, 9 eta 12 urte bitarteko haurrendako (I), eta abuztuaren 16tik 19ra, 13 eta 17 urte bitarteko nerabeendako (II).

¿Te ha sido útil esta página?