Zazpigarren urtez, Iruña eremu laranja izango da sanferminetan, ibilgailuak aparkatzeari dagokionez, zehazki, uztailaren 5etik 14ra

Zazpigarren urtez, Iruña eremu laranja izango da sanferminetan, ibilgailuak aparkatzeari dagokionez, zehazki, uztailaren 5etik 14ra
Uztailaren 15etik 31ra aparkatzeko eremu urdin, laranja eta gorrietan ez da aparkatzeagatik ordaindu beharko; abuztuaren 1ean hasiko da berriro ohiko zerbitzua

Tokiko Gobernu Batzarrak goizean onetsi du hiriko aparkatze mugatuko eta murriztuko eremuak arautzen dituen ordenantza aldatzea, halako moduan non Iruña uztailaren 5etik 14ra –biak barne– aparkatzeko eremu laranja izatea ezarri baita. Ondoz ondoko zazpigarren urtez, 2013tik alegia, Udalak neurri hori hartu du sanferminetan aparkatzeko dauden arazoak hobetzeko.

Uztailaren 5etik 14ra bitarteko aldi horretan, eremu laranja gisako funtzionamendua izango dute, 24 orduetan, honako sektore hauek: 3 (Milagrosa, Santa María la Real eta Azpilagaña), 4 (Iturrama), 5 (Mendebaldea, Ipar Etxabakoitz eta Ermitagaña), 6 (Donibane) eta 7 (ospitale-eremua). 2. sektoreko tarte batean, zehazki Nafarroa Behereko, Oliveto Kondearen, Katalina Foixkoa eta Pío XII.a etorbidearen eta 1. sektorearekiko mugaren artean, 1. eta 2. sektoreko bizilagun-txartela dutenek soilik aparkatzen ahalko dute. 1. eta 2. sektoreetako bizilagunek soilik aparkatzeko eremua izango da, baita ere, Larraina elkartearen ondoko zonalde hori. 2.
sektorearen gainerakoa, hots, Nafarroa Behereko eta Oliveto Kondearen etorbideetatik hiriaren hegoalderantz, eremu laranja nagusituko da egun horietan. Edozein eremutan ateratako tiketek baimena emango dute gehienez ere 24 orduz aparkatzeko. Bizilagun-txartela dutenek beren sektoreetan aparkatzen ahalko dute, denbora-mugarik gabe.

Halaber, behin sanferminak igarota, aparkatze-arautuko eremuan ez da ordaindu beharko, bi astez. Uztailaren 15etik 31ra, eremu urdinetan, laranjatan eta gorrietan aparkatutakoan ez da beharrezkoa izango ez tiketik ateratzea ezta ordaintzea ere. Hori bai, bizilagun-txartela dutenek soilik aparkatzeko eremu berdeetan debeku izango da aparkatzea, ohi bezala. Abuztuaren 1ean, ostegunarekin, zerbitzura normaltasunera itzuliko da, eta ohiko baldintzak izango dira aplikagarri, tarifa, eremu eta koloreez bezainbatean.