Gaur eguerdian Txema Mauleón Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak eta Marisol de la Nava Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak diplomak entregatu dizkiete eraikinak eta lokalak garbitzeko oinarrizko ikastaroa bukatu duten 15 emakumeei eta gizon bati. Jarduera hori gauzatu da Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak INTRO proiektua abian jartzeko duela hilabete batzuk sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker. Proiektu horren bidez, enplegagarritasun zaileko profila duten migratzaileei lan-aurreko prestakuntza eta gaikuntza eman nahi zaie.
Ikastaroa Arrotxapeko IWER eraikineko lokaletan eman da, Gizarteratze eta Laneratze Taldearen (EISOL) laguntzari esker. Prestakuntzari esker, parte-hartzaileek 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria eskuratu ahal izanen dute. Titulu horren bidez, sektore horretan lan egiteko gaikuntza bermatzen da, eta, horretarako, prestakuntza ez-formalaren gaitasunen agiria eskatu behar da.
Ikastaroan egoera irregularrean nahiz egoera erregularrean zeuden pertsonek parte hartzen ahal zuten; parte-hartzaile gehienak egoera erregularrean zeuden. Parte-hartzaile gehienak emakumeak ziren. Prestakuntza teorikoa jasotzeko 190,5 orduak goizez eman dira, familia eta lana uztartzea errazteko, ikasle gehienek ez baitute gizartearen laguntzarik. Prestakuntza urritik abendura egin da, eta teoria lantzeaz gain, 40 praktika-ordu izan ditu.
Garbiketa- eta mantentze-lanak egiten ikasteaz gain, parte-hartzaileek beste zeharkako gaitasun batzuk eskuratu dituzte, besteak beste, komunikatzeko gaitasuna, gatazkak konpontzeko gaitasuna, denbora kudeatzeko gaitasuna eta talde-lanean aritzeko gaitasuna. Gainera, gaitasun digitalei buruzko oinarrizko ezagutzak eskuratu dituzte, hala nola, mugikorra baliatuta lana bilatzea edo administrazio publikoekin izapide digitalak egitea. Azkenik, prestakuntzaren barruan, lana aktiboki bilatzen irakasten zaie. Ikastaro hori Europako Next Generation EU funtsek finantzatzen duten Reskillig-Upskilling lanbide-kualifikazioaren deialdiaren ondorioz sortu da, eta horren bidez, biztanleria aktiboaren lanbide-kualifikazioa hobetu nahi da, arreta berezia eskainiz bazterketa-arriskuan dauden pertsonei.
