Aparkalekuak 346 plaza izanen ditu, lurrazpiko lau solairutan banatuta, egoiliarrendako eta merkatariendako. Horiek dira gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak onetsiko duen Zangoza kaleko aparkaleku-proiektuaren ezaugarriak, eta auzotarren inguru horretan aparkatzeko plazen eskaria asetzea du helburu. Lurrazpiko aparkalekuak Zangoza kaleko zatia hartzen du, Navarro Villoslada kaletik hasi etaTafalla kaleraino, eta hor kokatuko dira ibilgailuendako sarrera eta irteera. Proiektuaren barruan sartzen da halaber eremua berrurbanizatzea, Gurutzeko plaza eta bideak birmoldatuta.
Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Fermin Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak aparkaleku horren proiektua aurkeztu dute gaur goizean. 2023aren hasieran, jendaurrean jarriko da, hilabeteko epean, herritarren ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko. Proiektua bat dator Iruñeko Udal Planean ezarritakoarekin eta Bigarren Zabalguneko Hiri Jarduketarako Plan Berezia egiteko bigarren fasearen amaieran ezarritakoarekin, auzoko eremu hori fisikoki, funtzionalki eta sozialki berreskuratu nahi baitu. Jarduketa osoaren aurrekontua 13,7 milioi eurokoa izanen da, eta Udalak 2,5 milioi euro jarriko ditu Gurutzeko Plaza berrurbanizatzeko, 22 hilabeteko epean, gutxi gorabehera.
Aparkalekuak forma lineala izanen du Zangoza kalean; 164 metroko luzera izanen du, 17,7 metroko zabalera, 6 metroko erdiko kale bakarra eta aparkatzeko lekuak kale horren bi aldeetan kokatuko dira. Jarduketa-azalera 13.000 metro koadrotik gorakoa da. Aurreikusita dauden 346 plazetatik % 7 mugikortasun urriko pertsonendako izanen dira, araudia betetze aldera. Motorretarako 45 plaza prestatuko dira, halaber.
Aparkalekuak igogailuz hornitutako bi irteera izanen ditu, bata Gurutzeko plazan eta bestea Zangoza eta Tafalla kaleen arteko bidegurutzetik gertu, institutuko espaloian. Oinezkoendako irteera guztiak aparkalekuaren edozein tokitatik 50 metro baino gutxiagora daude. Aparkalekua auto elektrikoen automobil-parke baterako egokitzea aurreikusi da; izan ere, transformadore elektriko bat jartzeko eta garaje osoaren aurreinstalazio elektrikorako diseinua egin dira, bai eta lehen sotoko 38 plazako instalazio osoarena ere.
Gainazala berrurbanizatzea
Jendaurrean jarriko den proiektuak urbanizazio berri bat sortuko du Gurutzeko plazan eta haren inguruan. Gauzarik berritzaileena da plazaren erdiko urmaela murriztu eginen dela, lauki forma emanen baitzaio eta 45 gradu biratu, eta baita txorkoak ere. Horrela, plaza diagonalean zeharkatzea ahalbidetuko da. Erdiko gunea zeramikazko galtzada-harriz zolatuko da, eta gainazalaren akabera leuna izanen da, gorri eta marroi kolorekoa. Plazaren perimetroan, espaloietakoa bezalakoa izango da zoladura, granito grisekoa eta zortzi metroko zabalerakoa.
Zangoza kalean bidea bere horretan utziko da, ilaran aparkatzeko lekuak etxebizitzen aldean direla. Espaloi hori berriro urbanizatuko da, 5,6 metroko zabalera emanen zaio eta lauza eta granitozko galtzada-harriekin zolatuko da. Etorkizuneko Zangoza kalea izanen den horretako bi espaloiek ere tamaina ertaineko zuhaitz-lerro bana izanen dute. Gurutzeko plazan gaur egun dauden zuhaitzak kontserbatuko dira.
Institutuko eta Gurutzeko plazako espaloiak 7,8 metroko zabalera izanen du, eta hori ere, harlauza eta granitozko galtzada-harriz zolatuko da. Gainerako espaloiek 3,3 metroko zabalera izanen dute. Gurutzeko plazako oinezkoendako sarrerako eta irteerako edikuluak garbiketa automatikoko komun bat izanen du mugikortasun urriko pertsonendako.
San Fermin kalearen eta Plaza de la Cruz BHIren arteko tarteari bizitegi-kalearen izaera emanen zaio, eta galtzada espaloiaren parera altxatuko da eta egungo aparkalekuak kendu eginen dira. Gurutzeko plaza eta Navarro Villoslada, Bergamin, San Fermin eta Zangoza kaleak lotzen dituzten lau izkinetan ere galtzada altxatuko da, oinezkoen zirkulazioaren segurtasuna hobetzeko.
Auzotarren eskaria
Bigarren Zabalguneko eremu horretarako lurrazpiko aparkaleku baten beharra Iruñeko Udalari legegintzaldi honetan helarazi zaion eskaera bat da. 2021eko abuztuan, auzotarren elkarte batek azpiegitura hori egiteko interesa helarazi zion Udalari, inguruan aparkatzeko plazen eskaintza handitzeko eta egoiliarrei zein gainerako herritarrei aparkatzeko sortzen zaizkien arazoak arintzeko.
Urte bereko maiatzean lehen laginketei ekin zitzaien, Gurutzeko plazaren inguruko zuhaitzen sustraien tamaina eta egoera ezagutzeko, aparkalekuaren proiektua idazteko garaian informazio zehatza izateko. Hainbat astez eta elkarren segidan, 8 laginketa ere egin ziren, plazaren erdiko urmael txikiaren inguruko egonlekuari itzal egiten dioten lau zedro eta platano multzo baten sustraien ibilbidea eta egoera ikertzeko.