Egile nafarrek edo Nafarroan bizi direnek urriaren 28ra bitarte aurkezten ahalko dituzte gai libreko jatorrizko lanak Iruñeko Udalaren egile berriendako euskarazko Literatur Lehiaketara, zeinak dagoeneko 32 urte baitaramatza abian. Egile berrien literatur-sormena euskaraz sustatzea du xede.
Poesia modalitatean, lanek 200 bertso izan behar dituzte gutxienez, eta narrazioan, gutxienez 15 orrialde. Deialdiaren oinarriek honako sari hauek ezartzen dituzte: lehen saria, 2.500 euro, bigarrena 1.000 euro eta hirugarrena 500 euro, eta horiez gain lau aipamen ematen ahalko dira, bakoitza 250 eurokoa, kontuan hartu gabe lanak zein modalitatetan aurkeztu diren. Joan den edizioan 24 ale aurkeztu ziren lehiaketara.
Lanak online aurkez daitezke www.irunakulturada.eus edo www.pamplonaescultura.es webguneetan edo aurrez aurre Udalaren Erregistro Orokorrean edo erregistro osagarrietan. Deialdiak barne hartzen du lanak online nola aurkeztu azaltzen duen apartatu bat, Kulturako udal-webguneetan dagoen esteka baten bitartez.
Lehiaketaren oinarrietan deialdiaren arauak biltzen dira. Eskatzen diren betekizunen artean dago modalitate bakoitzeko lan bakarra aurkez daitekeela, euskaraz idatzia, jatorrizkoa eta argitaratu gabea. Egile berriendako lehiaketa bat denez, ezin izanen dute lanik aurkeztu beren izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu dutenek. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo argitalpen kolektiboetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Halaber, lehiaketa honetako aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan.