Zabalik dago“Natura sentitzea” programan izena emateko epea, zeinak jarduera gidatuak eskaintzen dituen ikastetxeetatik hurbil dauden berdeguneetan

Zabalik dago“Natura sentitzea” programan izena emateko epea, zeinak jarduera gidatuak eskaintzen dituen ikastetxeetatik hurbil dauden berdeguneetan
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako doaneko jarduerak apirila eta ekaina bitartean garatuko dira euskaraz eta gaztelaniaz

 

 

Iruñeko Udalak, berriz ere, udaberrian abiatuko du ‘Natura sentitzea’ programa, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleendako ingurumen-hezkuntza bultzatzen duena ikastetxeetatik gertu dauden parke eta lorategietan. Ikasturteko azken hiruhileko honetan, Ingurumen Hezkuntzako Udal-Lantaldeak 45 lantegi eskaintzen ditu. Xedea da naturarekiko lotura sendotzea eta hiriko berdeguneei balioa ematea, horrela ikasleen ongizate fisikoa, psikologikoa eta soziala errazteko.

Dinamiken eta jolasen bidez, parte hartzen dutenek bere auzoko parkearen bizitzan murgilduko dira, nolakoa den ohartuko dira, nor bizi den han eta zeinen ongi pasa eta zenbat ikas dezaketen bertan. Ekimena ‘Go Green Iruña’ proiektuaren barruan kokatzen da, zeinak barne hartzen baititu hirian garatzen ari diren edo garatuko diren klima-aldaketaren kontrako ekimen guztiak eta datozen urteetako jarduketa-ildoak zehaztuko baititu.

Jarduerak asteazkenetik ostiralera eginen dira, apirilaren 12tik ekainaren 12 ra, goizez, 09:00etatik 13:00etara. Lekua zehaztuko da erreserba egiten duen ikastetxetik gertuen dagoen berdegunea kontuan hartuta. Hezkuntza-etapa bakoitzarentzat jarduera mota bat diseinatu da eta ikastetxeetatik gertu dagoen berdegune batean garatuko da. Haur Hezkuntzarako ‘Gure lorategiaz jabetzen’ proposatzen da, eta Lehen Hezkuntzarako, aldiz, bi proposamen diseinatu dira. 1. eta 3. mailako ikasleentzat, ‘Lorategi bat baso gazte bat al da?’ eta 4. eta 6. mailakoentzat, ‘Eskolatik gertu’.

Gidatutako jarduera bakoitzak aldez aurretiko jarduera bat eta ondorengo bat dauka, eta biak ikasgelan eginen dira. Guztiak bere hezkuntza-etapari egokiturik daude eta behar beste neurri hartu dira osasun-egoera bakoitzean segurtasuna bermatzeko. Taldeek, gehienez, 25 lagun izanen dituzte.

500 parte-hartzaile baino gehiago pasa den udazkenean programa hasi zenetik

Parte hartu nahi duten ikastetxeek izena eman dezakete 948 42 09 84 telefonoan edo museoeducacionambiental@pamplona.es posta elektronikoan. Izena-ematea doan da, eta jarduerak gaztelaniaz eta euskaraz egin daitezke. Programaren gaineko informazio guztia esteka honetan  aurki daiteke, Ingurumen-hezkuntza webgunean.

Programa hau 2020ko udazkenean jarri zen martxan lehen aldiz, ikasturte honen hasieran. Geroztik, bostehun ikasle baino gehiagok parte hartu dute ekimenean, zeinak, Iruñeko hirigintza-garapenari esker, kasu askotan aukera ematen baitie ikasleei, ikasgeletatik oinez minutu gutxi batzuetara, jardueretara bertaratzea, esaterako gune hauetan: Taconera, Antzara plaza, Gaztelugibela, Trinitarioseko pasealekua, Alemaneseko parkea edo Iruñeko Orfeoiaren parkea.

Natura sentitzea

  • Haur Hezkuntza. ‘Gure lorategiaz jabetzen’
    • Iraupena: Ordu bat
    • Helburua: naturarekiko lotura eta ingurune berde hurbilenaren ezagutza sustatzea.
    • Garapena: ipuin baten elementuen bilaketaren bitartez, berdeguneak eskaintzen dituen kolore eta testurekin jolastuko gara.
  • Lehen Hezkuntza, 1. mailatik 3.era. ‘Lorategi bat baso gazte bat al da?’
    • Iraupena: Ordu eta erdi bat
    • Helburua: naturarekiko lotura eta ingurune berde hurbilenaren ezagutza sustatzea.
    • Garapena: berdegunea osatzen duten elementuak ikertzen jolastuko gara, eta irudimena libre utziko dugu gure “piztitxoa” eraikitzeko.
  • Lehen Hezkuntza, 4. mailatik 6.ra. ‘Eskolatik gertu’
    • Iraupena: Ordu eta erdi
    • Helburua: naturarekiko lotura zein ingurune berde hurbilenaren ezagutza sustatzea eta horrek duen garrantziaz kontzientzia hartzea, hala bere dibertsitateagatik nola bertara bisitan etortzen diren herritarrengatik.
    • Garapena: jolas eta dinamiken bitartez, espazioa beste modu batean bizitzen saiatuko gara, honako galdera hauen bidez: nor bizi da han? zer paper betetzen du pertsona bakoitzarengan? eta gainerako herritarrengan?

 

 

¿Te ha sido útil esta página?