
“Mihiluze” uda honetan euskaraz jolastu eta gozatzeko Iruñeko Udalak proposatzen duen programa berria da. “Mihiluze” 3 eta 11 urte bitarteko adingabeei zuzenduta dago, eta familiendako lantegiak eta jolas kooperatiboak eskainiko ditu uztailean eta abuztuan Ziudadelan. Dagoeneko zabalik dago epea antolatu diren hogei jarduera inguruan izena emateko 010 - 948 420 100 telefonora deituta, eta bakoitzak 3 euroko prezioa izanen du.
“Mihiluzeko” programazioa hiru ataletan banatuta dago: familiendako lantegiak, “Itsaspeko bihotzak” eta “Labirintoaren erbestean”. Familiendako lantegiek gurasoek eta haurrek euskaraz jolas egin ahal izateko baliabideak eta jarduerak proposatuko dituzte, hala nola, jolasak, ipuinak, asmakizunak eta abestiak. Saioak uztailaren 20, 21, 22, 27, 28 eta 29an eta abuztuaren 10, 11, 12, 17, 18 eta 19an eginen dira Ziudadelako lorategietan, Arma Aretoaren ondoan. Lantegiak 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, betiere gurasoek lagunduta daudelarik. Gurasoek B2aren baliokidea den ahozko euskara maila izan behar dute jarduerak egokiago ulertu ahal izateko. Saio bakoitzeko 25 toki daude.
Beste proposamenetako bat, “Itsaspeko bihotzak”, 7 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Uztailaren 20, 21, 22, 27, 28 eta 29an eginen da Ziudadelako Arma Aretoan. Itsas-ingurunean girotutako proposamen ludiko bat da eta jolasaren, ipuinen eta eginen diren hainbat arte-proposamenen bitartez itsasoak gordetzen dituen askotariko sekretuak ezagutzea ahalbidetuko du. Jarduerak genero berdintasuna eta hezkidetza lantzen ditu bereziki. Saio bakoitzeko 12 toki eskainiko dira.
Azkenik, “Labirintoaren erbestean” izenburua duen hirugarren jarduera sortak labirinto baten bidez mundu eta kultura ezberdinetatik abenturaz betetako bidaia proposatzen du, jolasen, ipuinen eta hainbat arte-proposamenen bidez. Jarduerak kultura aniztasuna eta migrazioak lantzen ditu bereziki. Abuztuaren 10, 11, 12, 17, 18 eta 19an eginen dira Arma Aretoan, eta saio bakoitzeko 12 toki egonen dira, 7 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta.
“Mihiluze” programako lantegi eta jarduera guztiak goizeko ordutegian eginen dira, 11:00etatik 12:30era. Leku kopurua mugatua da. Izen-ematea egunez egun eginen da eta jardueraren bezpera arte edo tokiak bete arte egonen da zabalik. Parte hartzaile bakoitzak nahi adina egunetan izena eman dezake, baina kontuan izanda saio bakoitzaren proposamena berdina dela egunero. Haurrendako lantegien kasuan bi helduk eman dezakete izenahaur bakoitzeko, edo heldu bakarrak bi haurrekin.