Auzo-eztabaidaguneen hurrengo saioa urriaren 25ean eginen da, oraingo honetan Arrotxapean. Auzotarrei eta elkarteei dei egiten zaie 18:30ean Juslarrotxa Civivoxeko Areto Nagusian (Maiteminduen pasealekua, 37) eginen den bileran parte har dezaten; Enrique Maya alkatea, Carmen Alba auzoko zinegotzia eta Udaleko teknikariak bertan izanen dira auzoa hobetzeko proposamenak eta iradokizunak entzuteko eta interesa duten pertsonei informazioa emateko.
Bileran ahalegina eginen da foro horretan bertan aurkeztutako galderei naiz posta elektroniko bidez eta azken egunetan bidalitakoei erantzuteko. Izan ere, gaur ireki da epea urrunetik egindako parte-hartzeak aurkezteko; urriaren 21a bitarte egin ahal izanen dira foros@pamplona.es helbide elektronikoaren bitartez, ‘Gaia’ atalean “Arrotxapeko auzo-eztabaidagunea” idatzita.
Auzo-eztabaidaguneak elkarrizketarako guneak dira eta Iruñeko Udalak antolatzen ditu herritarrek proposamenak, kontsultak eta ekarpenak egin eta bere ingurune hurbilari buruzko informazioa jaso dezaten. Orain arte bezala, auzotarren sarrera librea izanen da, leku guztiak bete arte, eta, bileran aldibereko itzulpena eginen da zeinu-hizkuntzara. Interesa izan baina saiora bertaratzerik ez dutenek, ohikoa den moduan, urrunetik jarraitzen ahalko dute Udalaren YouTubeko kanalean, saioen zuzeneko emankizunari esker.
Aurtengo hurrengo eztabaidaguneak azaroaren 17an eta abenduaren 15ean eginen dira, Zabalgunean eta Ermitagaña-Mendebaldean, hurrenez hurren. Hiru eztabaidagune horiei buruzko solasaldia sare sozialen bidez jarraitzeko Udalak honako traola hauek proposatu ditu: #ForoRochapea | #ArrotxapeakoEztabaidagunea; #ForoEnsanches | #ZabalguneetakoEztabaidagunea eta #ForoErmitagañaMendebaldea | #ErmitagañaMendebaldeakoEztabaidagunea.
19 urte auzotarrekin elkarreraginean
Alkatetza, Udalbatza eta teknikariak auzoetan aldizka egotea, auzokideekin harremanetan jartzeko batzarrak egiteko eta haien iritziak bertatik bertara ezagutzeko, ohiko dinamika da Iruñeko Udalean. Izan ere, 2004az geroztik egiten dira topaketa hauek, egutegi, eduki eta formatu ezberdinekin, nahiz eta 2007tik aurrera bihurtu ziren ohiko. Helburua da oinarrizko parte-hartzea sustatzea arazoak identifikatzeko eta hirian erabakiak hartzeko.
Parte hartzeko aukerak ere handituz joan dira pixkanaka-pixkanaka, teknologiaren hobekuntzak ahalbidetzen dituen baliabideak gehitu ahala. Pandemian zehar soilik utzi zitzaion egiteari, COVID-19a dela eta osasun-segurtasuneko neurriengatik ezarritako murrizketen ondorioz. Iruñeko Udalak iazko azken hiruhilekoan ekin zien berriro auzo-eztabaidaguneei, prebentzio-neurriek berriz bilerak egiteko aukera eman zutenean, eta, orduan, Mendillorri, Sanduzelai eta Milagrosa – Arrosadia – Azpilagaña auzoetako auzo-eztabaidaguneak egin ziren. Donibane auzoari buruzko saioa apirilaren 28an egin zen eta Etxabakoitzeko auzo-eztabaidagunea, berriz, maiatzaren 11n.
Azken hiruhileko honetarako aurreikusi diren hiru saio horiekin osatuko da alkateak eta zinegotziek hiriko auzo guztietako auzotarrekin egitekoa zuten topaketa-zikloa.