
Iruñeko Udalak epea ireki du 2026-2027ko ikasturtean, irailetik ekainera bitarte, zentro komunitarioetako aretoen erabilera egonkorra eskatzeko. Deialdia irabazi asmorik gabeko entitateei zuzenduta dago. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 6an bukatuko da.
Zentro komunitarioetako aretoak modu egonkorrean erabili nahi dituzten irabazi asmorik gabeko entitateek eskaera-fitxa eta proiektuaren fitxa bidali beharko dituzte centroscomunitarios@pamplona.es helbide elektronikora, edo, aurrez aurrez aurkeztu, Komunitate Ekintzako Alorreko bulegoetan (Zapatería kalea 40 – 3.). Plazara! Zentro Komunitarioaren kasuan eskaera https://plazara.eu/areto-eskaera/ webgunean edo plazara31@gmail.com helbide elektronikoan egin behar da.
Eskaerak jasotakoan, zentro komunitarioen erabilera eta funtzionamendua arautzen duen ordenantzan jasotako irizpideak jarraituko dira aretoak adjudikatzeko. Besteak beste, honako irizpide hauek baloratuko dira: jarduerak herri-ekimen batek abiatzea edo auzotarren interesekoak izatea, auzotar guztiei irekita egotea eta gizartean eragina izatea, inguruko pertsonen beharrei erantzutea eta aretoaren espaziora egokitzea. Aretoen lagapenari eta zentro komunitarioen funtzionamenduari buruzko informazio guztia, erabilera-erregelamendua barne hartzen duen ordenantza barne, udal-webguneko helbide zehatz honetan kontsultatzen ahal da: www.pamplona.es/eu/accion-comunitaria.
Hogeita bederatzi lokal komunitario
Zentro komunitarioen sareak 29 lokal ditu hiriko 13 auzotan. Sarera gehitu diren azkenak San Joan Boscokoa (Iturrama), Santa María la Realekoa eta Estafeta kaleko adinekoendako lokala izan dira, azken hori Udalak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak sinatutako akordio bati esker. Zentro komunitarioak udalaren lokalak dira, auzotarrek erabiltzekoak, irekiak, erabilera anitzekoak eta integratzaileak. Iruñeko auzoetan daude, eta hiria zentro komunitarioen sare batez hornitzen dute, elkarte-bizitza sustatzeko eta herritarren parte-hartze aktiboa bultzatzeko xedez.
Lokalak jardueraren bat egin nahi duen edozein kolektiborendako, pertsona-talderendako edo irabazi-asmorik gabeko entitaterendako eskuragarri daude, jarduera unean unekoa ala egonkorra izan, betiere auzoko bizitza komunitarioan eraginik badu. Erakunde eskatzaileek zentroetan egiten dituzten jarduerek irekiak izan behar dute, irabazi-asmorik gabekoak, eta belaunaldi arteko, kultura arteko ikuspegia bultzatu behar dute, generoaren eta inklusioaren ikuspuntutik.
Aurreko ikasturtean, 2025eko irailetik 2026ko ekainera bitarte, 28.273 erreserba egin zituzten guztira 507 kolektibo edo erakundek. 2026ko urtarriletik uztailera bitarte, 450 kolektibok, elkartek edo udal programek 18.459 erreserba egin dituzte, Haurren Programak eta Adinekoen Sareek, kasurako. Jarduerak askotarikoak dira, hala nola musika eta dantza, kirola, joskintza, pintura, hizkuntzak, mota guztietako bilerak eta aisia eta denbora libreko jarduerak. Azken batean, bertako pertsona zein kolektiboen artean loturak sendotzea bultzatzen duten jarduerak egiten dira.