Iruñeko Udalak, COworkidsen bitartez, urteko lehen hiruhilekorako jarduera eskaintza zabala antolatu du astelehenetik ostiralera bitarteko arratsaldeetarako, 3 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeendako. Doako 3.000 leku baino gehiago izanen dira hiriko hamalau auzoetan banatuta, gazteendako eskola-laguntza eta askotariko proposamenak eskaintzeko xedez, hala ludikoak nola prestakuntzakoak. Izen-ematea auzo bakoitzean egin beharko da, hango COworkids guneetan, urtarrilaren 13ra bitarte (ostirala). Telefonoak eta auzo bakoitzeko jardueren eskaintza webgunean eskura daitezke. Lehentasuna izanen dute irailetik abendura bitarteko jardueretan parte hartu zutenek.
Programazioa 2022ko azken hiruhilekoan eskainitakoaren berdina izanen da. Hala, auzo guztietarako komunak diren jarduera batzuk eskainiko dira, eta, gainera, auzo bakoitzak beste hainbat proposamen izanen ditu, herritarren eskaeren arabera eginen direnak. Jarduera guztiak arratsaldez eginen dira, 16:30etik 19:30era, eta askaria barne hartuko dute.
Programazio komunak eskola-laguntza eta ikasteko gune partekatu bat ditu oinarri eta bertan ikasketa-teknikak eta etxerako lanetarako laguntza eskaintzen dira. Gainera, auzo guztietan daude Sormen-laborategia eta joko-anitzak, haurrek talde-jardueren bidez, eskulanen bidez, partaidetza-dinamiken bidez eta beren sormen-potentziala garatuz, 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuak eta Haurren Eskubideen Hitzarmena lan ditzaten. Eskaintza komuna saskibaloiko eta xakeko kirol jarduerekin osatzen da, eta bi diziplinetako Nafarroako federazioekin elkarlanean ematen dira.
Horri guztiari auzo bakoitzeko berezko programazioa gehitu behar zaio, auzo bakoitzean herritarrek eginiko proposamenen arabera sortutakoa. Hala, Sanduzelain, Zabalgunean, Ermitagañan, Etxabakoitzen, Donibanen, Buztintxurin, Txantrean eta Alde Zaharrean 3 eta 5 urte bitarteko haurrendako haur-jolasak eskainiko dira. Arrotxapean, Lezkairun, Mendillorrin eta Ermitagañan ‘Nerabe-kontuak’ izeneko lantegiak eginen dira, 13 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzat. Halaber, Azpìlagañan, Zabalgunean, Iturraman eta Mendillorrin, antzerkiko jarduera eskainiko da, Milagrosan berriz, ostiralero dantza afrikarrak emanen dira, eta Etxabakoitzen eta Buztintxurin zumba eskolak.
Auzo bakoitzeko berezko eskaintza honako hauek osatzen dute: 3D Diseinuko lantegi bat Ermitagañan eta Donibanen; futbola Arrotxapean, Lezkairun, Milagrosan eta Etxabakoitzen, eta pilota Alde Zaharrean, Sanduzelain eta Iturraman. Halaber, auzoko haurren eskariei erantzunez, Txantrean Minecraft-a eskaintzen da.
Larunbatetan ere
COworkidsen proposamen ludikoa larunbatetan ere eginen da COworkids Larunbatak! programako jarduerei esker, eta horretarako ere, izena-emateko epea zabalik dago dagoeneko. Kasu honetan, interesdunek izena emateko 948420584 telefonora deitu beharko dute 08:00etatik 15:00etara bitarte. Aste barruko jardueretan ez bezala, larunbatetako lantegietarako izen-emateak hiruhileko osoan egonen dira zabalik. Hala, astero, astelehenetik ostiralera, larunbateko proposamenean izena emateko aukera egonen da.
Larunbat bakoitzean auzo desberdin batean eginen dira jarduerak, baita Gaztediaren Etxean ere. Bi kasuetan, proposamen ludikoa 12:00etatik 13:15era bitarte eginen da; eskulanak, biodantza, slime-lantegia, yoga-hastapenak, ginkanak eta dantzak barne hartuko ditu, besteak beste. Interesdunek www.coworkidspamplona.es webgunean kontsultatzen ahal dute COworkids Larunbatak! programari buruzko informazioa eta jardueren egutegia. Gainera, edozein zalantza argitzeko coworkids@pamplona.es helbidera idatz dezakezue.