Zabalik dago epea Arantzadiko kirolguneko eta Sanduzelaiko Aquavoxeko urteko abonamenduak erosteko

Zabalik dago epea Arantzadiko kirolguneko eta Sanduzelaiko Aquavoxeko urteko abonamenduak erosteko
San Agustín Aquavoxak, bestalde, % 75eko deskontua eskaintzen du abonatu iraunkorra egiterakoan

 

 

Arantzadiko eta Sanduzelaiko Aquavoxeko udal-kiroldegiek urteko abonamenduak erosteko epea zabaldu dute; 122,55 eta 245,25 euro artean salgai daude, adinaren arabera. San Agustín Aquavoxak, non izena emateko sistema hilabetero ordaintzekoa baita, deskontu bat eskaintzen die urtarrilean izena ematen dutenei, 41,49 eurotik 10,37 eurora jaitsita. Hiru instalazioek mugak ezarri eta neurriak hartu dituzte erabiltzaileen artean kutsaturik ez egoteko.

Urteko abonamenduaren kostua, Arantzadiko eta Sanduzelaiko kirolguneetarako, 245,25 euro da 25 eta 65 urte bitarteko lagunentzat, eta bidea ematen du urtarriletik abendura instalazioetara sartu eta horiek erabiltzeko. 65etik gorakoek eta 13 urte bitarteko haurrek 122,55 euro ordaindu behar dute, eta 14 eta 24 urte bitartekoek, 170,65 euro.

Bi kiroldegiak prezio publikoak erregulatzen dituen arauak arautuak dira, eta % 50eko murriztapena eskaintzen diete guraso bakarreko eta familia ugariko kideei, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua dutenei, genero- zein terrorismo-indarkeriaren biktimei, familia-harrerako egoeran daudenei eta instalaziora ikastetxearekin joaten diren 0 eta 3 urte bitarteko eta derrigorrezko hezkuntzako zikloetako ikasleei. Halaber, prezio-murriztapena eskuratu daiteke, errentaren arabera edo langabezian egonez gero. Ordainketa bi epetan egin daiteke, lehena izena ematerakoan, eta bigarrena urte erdiaren buruan.

Matrikula-murriztapena, urtarrilean, San Agustín Aquavoxean

San Agustín Aquavoxak, bestalde, abonatu iraunkorrak ditu, zeinek behin hasierako matrikula ordainduta, hileko kuotak ordaintzen baitituzte. Matrikula urtarrilean ordaintzen dutenek % 75eko deskontua izanen dute hasierako ordainketan (41,49 eurotik 10,37ra). Hileko kuotak 30,96 euro dira 25 eta 64 urte bitartekoentzat; 16,82 euro 65 urtetik gorakoentzat eta 13tik beherakoentzat, eta 20,34 euro, 14 eta 24 urte bitartekoentzat. Zentro honek bonu berezi bat ere badauka, astelehenetik ostiralera goizetan erabiltzekoa, 65 urtetik gorakoei zuzendua, 12,91 euroan. Prezio horiei 2021eko KPI (IPC) aplikatu behar zaie.

Urte berriarekin batera, San Agustín Aquavoxak berriz ere helduko dio, astelehenean, hilak 11, jarduera gidatuak egiteari. Bere instalazioetan eginen dira, betiere osasun-agintariek baimenduta eta edukiera-neurrien mugak zein pertsonen arteko distantzia gordeta.

Hiru udal-kiroldegi, Arrotxapean, Sanduzelain eta Alde Zaharrean

Arantzadiko udal-kirolguneak, Arrotxapean, udako igerilekuak eta igerileku klimatizatua ditu, igeriketa modu antolatuan edo askean praktikatzeko, bai eta saunak, gimnasioa eta erabilera anitzeko aretoa, frontoi estalia, padel-pista estaliak eta kiroldegi-pista estalia ere. Atari zabaleko igerilekuez gain, Sanduzelaiko Aquavoxak honako instalazio hauek ditu: bainuetxea (aisiarako igerileku estalia eta ikasteko igerileku estalia, hidromasajeko igerilekua duen bainuetxea, ur-oheak, erlaxazio gunea, tratamendurako dutxak, korridore hidrotermala, finlandiar saunak, turkiar bainua, termak eta, izotz-iturria), haurren jolasguneak, jarduera gidatuetarako aretoa, gimnasioa eta erabilera anitzeko aretoa. San Agustín Aquavoxak, bestalde, honako hauek ditu: bainuetxea/SPA, igerileku klimatizatua eta ikastekoa, gimnasioa eta erabilera anitzeko aretoak, jarduera gidatuak egiteko. Kontuan hartu behar da, ezen, murrizketak direla-bide, zerbitzu horietako baten bat mugatuta edo etenda egon daitekeela aldi baterako.

Kutsatze-kasuak ekiditeko, udal-kiroldegiek protokolo bat abiatu dute, instalazioetan maskarak erabiltzera behartzen duena. Pertsonen arteko distantziak gutxienez 1,5 metrokoa izan behar du, oro har, eta 2 metrokoa, kirol-jarduera egiten den bitartean, hiperaireztapenagatik. Instalaziora doazenek bere ur-botila edo ur-ontzia eraman behar dute, hidratatu ahal izateko. Ezin izanen da, arriskutsua baita, txorrotatik zuzenean edan. Aldagelak igerilekuaren erabiltzaileek baino ezin izanen dituzte erabili.

¿Te ha sido útil esta página?