Zabalik dago epea 2026ko sanferminak iragarriko dituen kartela hautatzeko lehiaketan parte hartzeko

Zabalik dago epea 2026ko sanferminak iragarriko dituen kartela hautatzeko lehiaketan parte hartzeko
Jatorrizko lanak aurkezteko epea apirilaren 14ra arte egonen da zabalik eta artxibo digitalak www.pamplonaescultura.es/eu webgunearen bidez bidali beharko dira
Fitxategi
cartel San Fermín

 

Ostegunean irekiko da epea 2026ko sanferminetako kartela hautatzeko lehiaketara jatorrizko lanak online aurkezteko, eta apirilaren 14ko 23:59an amaituko da. Ohikoa denez, bi une izanen ditu prozesuak: lehenik eta behin, epaimahai tekniko batek 10 kartel hautatuko ditu jasotako jatorrizko lan guztien artean, eta bigarren fasean, bozketa irekiko da, eta Iruñean erroldatutako 16 urtetik gorako bozkatzen ahalko dute. Proposamenak jatorrizkoa eta argitaratu gabea izan beharko du, eta teknika librekoa. Ez da, ez osorik ez partzialki, adimen artifizialaren bidez sortua izanen.

Lehiaketaren oinarriak www.pamplonaescultura.es/eu webgunean kontsultatzen ahal dira (hasierako orrian ‘Sanferminetako Kartel Lehiaketa’ izeneko esteka bat egonen da). Helbide horretan bertan aurkeztu beharko dira lehiaketarako lanak. Inprimakiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez betetzen ahalko dira, eta lanak telematikoki aurkezteko lehen pausoa izanen da: 2018az geroztik prozedura hori erabiltzen da.

Hona hemen aurkeztu beharreko guztia: obraren leloa edo izenburua; kartelaren kontzeptua edo kontzeptu horren garapen teorikoa; kartelaren parte diren osagaiak (konposizioa, koloreak, tipografia eta sinbologia); eta lehendik eginiko lanen baten txosten artistikoa (berdin dio lana argitaratua edo argitaragabea den), bereizmen txikiko 3-6 argazki barne. Agiri horrek bost orri eta 1 MB-ko pisua izaten ahalko ditu gehienez ere. Parte hartu nahi dutenek kartelaren irudia ere entregatu beharko dute, JPG formatuan (neurriak: 820 x 1171 pixel). Bereizmena: 72 pixel/hazbete. Pisua gehienez: 2 MB).

Webguneko inprimakia betetzeko, bi egiaztapen egin behar dira. Bete beharreko eremu guztiak bete eta bidaltzeko botoia sakatu ondoren, mezu elektroniko bat bidaliko da inprimakian bertan adierazitako helbide elektronikora. Mezu horretan lotura bat agertuko da: hor klik egin, eta izen-ematea baliozkotu eta bukatuko da. Behin pauso hori emanda, beste mezu elektroniko bat iritsiko da helbide berera, kartelak lehiaketan parte hartuko duela baieztatzeko: kartelaren leloa, identifikazio-agiria eta plika-zenbakia ere emanen dira mezu horretan. Plika-zenbakia izanen da lehiakidearen erreferentzia lehiaketa osoan, eta parte hartu izanaren ziurtagiri gisa ere balio du.

Kartel irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, eta hasiera baten epaimahaiak hautatutako gainontzeko bederatzi lehiakideetako bakoitzak, 500 euroko accesita.

Kartelaren edukia
Lehiakidearen esku dago testua eta armarria non jarri, baina, edukiari dagokionez, kartelean “San Fermín, 2026, Pamplona/Iruña, Del 6 al 14 de julio/Uztailaren 6tik 14ra” testua agertu beharko da, eta irakurgarria izan beharko du, erabilitako tamaina zein tipografiari dagokienez. ‘Pamplona/Iruña’ eta dataren testuetan bi hizkuntzak bereizi daitezke, edo lerro banatan jarri, baina tamaina bera izan behar dute. Banatuta edo modu ez ortografikoan bereizita aurkezten badira, ez da barra etzana zeinu ortografikoa jarri beharko. Karteleko hitz eta hizkuntzak kolore desberdinetan irudikatzen ahalko dira, baina, nolanahi ere, argi eta modu bertsuan irakurtzen direla bermatu beharko da.

Irudiari dagokionez, armarria derrigorrez agertu behar da, bere horretan edo logotipo gisa (koloretako bertsioan edo kolore bakarrekoan). Armarria nahierarara egokitzen ahal da kartelaren diseinura , betiere ezaguterraza eta identifikagarria bada eta osagai guztiak egoki irudikatuta badaude.

Kontuan izan behar da finalerako sailkatzen diren 10 kartelak 1000 x 700 mm-ko formatuan inprimatuko direla (bertikalean).

Hautatzeko irizpideak
Prozesuaren hurrengo pausoa honakoa izanen da: epaimahaiak 10 kartel finalistak aukeratuko ditu hainbat irizpide aintzat hartuta: kalitate artistikoa, sanferminen irudiari eginiko ekarpen artistikoa, eskatutako osagaien koherentzia eta irakurgarritasuna, eta txosten artistikoaren koherentzia eta zer interes duen. Aintzat hartuko dira, halaber, Udalak sanferminetan erabili ohi dituen formatuetara (programa ofizialaren azala, liburuxka tolestu horizontalak eta agertokietako olanak...), beste bitarteko digitaletara eta miniaturetara hobekien egokitzen diren diseinuak. Epaimahaia teknikariek eta diseinuaren, komunikazioaren eta arte plastiko eta bisualen arloko profesionalek osatuko dute.

Hautatutako 10 kartelen plika-zenbakiak Iruñeko Udalaren webguneetan argitaratuko dira (www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu), herritarrek botoa eman dezaten. Finalera sailkatutako 10 kartelekin erakusketa bat eginen da, eta Iruñeko Udalak antolatuko du, lehiakideek aurkeztutako artxiboak baliatuta.

2025eko kartelak
2025eko Sanferminetako Kartelen Lehiaketan 490 lan jaso zituen Udalak. Gehienak (468) Espainiako Estatutik heldu ziren, eta 22, nazioartetik. Beste herrialde batzuetatik ere heldu ziren, hala nola AEB, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Serbia, Ekuador, Argentina eta Belgika.

 

¿Te ha sido útil esta página?