Zabalik dago Civivox sareko haur-jaurderen 330 plazetarako izena emateko epea urrirako eta azarorako

Zabalik dago Civivox sareko haur-jaurderen 330 plazetarako izena emateko epea urrirako eta azarorako
12 hilabetetik 12 urtera bitarteko adingabeendako 25 proposamen daude, zazpi zentroetan banatuta
CIVIVOX


Irailaren 27ra arte zabalik egonen da izena emateko epea Civivox sareak urritik azarora prestatu dituen haur-, familia- eta belaunaldi arteko lantegietarako. Guztira 25 proposamen dira eta haurtxoetatik hasi eta 12 urtera arteko adingabeentzat pentsatuta daude. 330 plaza dira guztira. Haurrendako jarduerak eta familiendakoak sareko zazpi zentroetan gauzatuko dira. Iturramako Civivoxean, horiez gain sukaldaritzari lotutako belaunaldi arteko lantegi bat eginen da.

Euskaraz eta gaztelaniaz izanen dira jarduerak eta ostiraletan eta larunbatetan eginen dira guztiak. Plaza bakoitzeko 2 eta 5 euro artean ordaindu beharko da, hautatutako lantegiaren arabera, eta irailaren 28an (asteazkena) esleituko dira zozketa bidez. Esleipendunei posta elektronikoz jakinaraziko zaie. Izen-ematea aurrez aurre egin daiteke Civivox Sareko edozein zentrotan, 010 telefonoan (948420100 Iruñetik kanpo edo mugikorretik deituz gero) eta online Iruñeko Udalaren  (www.pamplonaescultura.es / www.pamplona.es) webguneetan.

Mendillorriko Civivoxa
Jarduerak lau multzo handitan sailkatu dira. Haurtxoendako eta eboluzio-ildoko proposamenak Mendillorrin zentralizatu dira (11:00) eta horien barnean sartzen dira haur txikiendako ‘Oin ttiki xikiñak, esku ttiki margotzaileak’ estimulazio sentsorialeko programa eta 4-6 urtetik beherako adingabeendako ‘Familian minimunduak sortzeko lantegia’ proposamena, biak ere sentsibilitate artistikoaren arlokoak. 12-24 hilabeteko haur txikiendako, urriaren 1ean eta azaroaren 5ean (larunbatarekin) hurrenez hurren, fruituekin lan eginen da: urriaren 1ean laranjak erabiliko dira eta azaroaren 5ean limoiak. Kostua lau eurokoa izanen da.

4-6 urteko haurrek eboluzio-ildo propioak izanen dituzte. Lau eta sei urte bitarteko haurrek, heldu batek lagunduta, aukera izanen dute hilean larunbat batean 11:00etatik 12:00etara bitarte, Mendillorriko Civivoxean, jolasaren eta artearen bidez familian “minimunduak” nola sor daitezkeen irakatsiko dien lantegi batekin gozatzeko, haurrendako ipuin bat edo urtaroak birsortuz. ‘Kanpaldia basoan’ (urriaren 22an) eta ‘Teo baserrian’ (azaroaren 5ean) agertoki txikiak birsortuko dira, jolastu eta istorioak kontatzeko espazioak, era horretan irudimena eta sormena suspertzeko. Kostua lau eurokoa izanen da.

Mendillorriko Civivoxean bertan, hilean bi ostiraletan, anai-arrebendako arte sentsorialeko tailerrak egingo dira pertsona heldu batek lagunduta; bertan, familiek haien arteko harremana sustatu ahal izanen dute artearen eta ukipen-, entzumen- eta ikusmen-estimuluen bidez. Era askotako lantegiak izanen dira eta aukera emanen dute ‘Zuhaitzak eta udazkeneko edukiontziak’, ‘Izpiliku-erroskilak’, ‘Paperezko geometriak’ eta ‘Obrak eta eraikuntzak’ proposamenekin esperimentatuz atsegin hartzeko. 2tik 6 urtera bitarteko anai-arrabei zuzendutako lantegi horiek arratsaldeko bost eta erdietan hasiko dira eta ordubeteko iraupena izanen dute. Kostua 5 eurokoa izanen da.

Zabalgunean, Iturraman eta Juslarrochan
Hiru urtetik hamabi urtera arteko haurrek proposamen sortzaileekin gozatu ahal izanen dute. Zabalguneko Civivoxean, hilean ostiral batean familiarteko lantegiak eginen dira hiru eta sei urte bitarteko eta sei eta hamabi urte bitarteko haurrendako, buztin polimerikoz sortu eta modelatzeko. Arratsaldean, bost eta erdietatik aurrera eta bi orduz, formekin eta ehundurekin jolas eginen dute, koloreak konbinatuko dituzte eta beren ‘Giltzatako pertsonalizatuak’ eta ‘Lehen belarritakoak’ sortuko dituzte. Kostua lau eurokoa izanen da.

Iturramako Civivoxak, berriz, euskarazko eta gaztelaniazko familiarteko sormen-tailerrak hartuko ditu hilean bi larunbat goizetan, sei eta hamaika urte bitarteko haurrentzat. Hamaiketan hasiko dira eta bi orduko iraupena izanen dute. Oraingoan ‘Artista-karpeta’ bat sortuko dute eta ‘Ogi mamizko orearekin modelatzen’ ikasiko dute. Kostua 4 eurokoa izanen da. Juslarrocha Civivoxak, bere aldetik, familian sormena sustatzeko laborategi artistikoak proposatzen ditu, hilean larunbat batean goizeko hamaiketan. Bost eta hamar urte bitarteko haurrei zuzendutako lantegi hauetan Josh Bryan eta Alexander Calder artisten lanak baliatuz mundu magiko eta sortzaile batean murgilduko dira. Lantegiak gaztelaniaz eta euskaraz dira, hurrenez hurren, eta laborategi bakoitzaren amaieran erakusketa txiki bat eginen da. Lantegi hauen kostua lau eurokoa izanen da.

Milagrosan, Sanduzelain eta Kondestablen
Hilean behin, Milagrosako Civivoxean sei eta hamabi urte bitarteko haurrendako lantegiak izanen dira, buztin polimerikoz sortu eta modelatzeko. Material horrekin esperimentatuz,’Zortearen amuletoak’ eta ‘Hiru marran beldurgarria’ egin ahal izanen dituzte. Kostua bi eurokoa da. Larunbatetan, arratsaldeko bost eta erdietan, ordu eta erdiz, Sanduzelaiko eta Kondestable Civivox zentroek haurrentzako sormen guneak irekiko dituzte, «Verde Bali» eta «Rosa Tokyo» izenpean.

Proposamen plastikoak dira, eta, pinturaren, koloreen, formen eta jolasaren bidez parte-hartzaileek beren gaitasun artistikoak garatuko dituzte. ‘Ispilu mezuduna’, ‘Marrazki zabalgarria’ ‘Nire lehen Kawaii-marrazkiak’ eta ‘Burbugrafia’ izanen dira urrirako eta azarorako aukeratutako lantegiak. Euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira eta bi euroko kostua izanen dute.

Belaunaldi arteko publikoa eta Mapping jaialdia
Civivox sarearen belaunaldien arteko proposamenen artean, urriaren 28rako (ostirala), Iturramako Civivoxak "Sustraiak eta ametsak" sormen lantegia proposatu du. Aitona-amonak eta bilobak elkarrekin artearen alde', lantegiaren bidez haurrek udazkenari ongietorria emango diote ‘Masa plastiko eta sentsorialak artez kozinatzen’ aitona-amonekin pasadizo eta oroitzapen dibertigarriak trukatzen dituzten bitartean. Kostua 4 eurokoa izanen da.

Udazken honetan Mendillorriko eta Iturramako Civivoxetan ospatuko da Mapping Jaialdia, azaroaren 12tik 26ra bitartean. Testuinguru horretan, umetxoendako adierazpen artistikoko eta plastikoko lantegiak eginen dira, hamabost hilabetetik lau urtera bitarteko haurrei zuzenduak. Jaialdiko proposamen eszenikoetan eta ikuskizunetan oinarrituta, honako jarduera hauek izanen dira: ‘Argi-edukiontziak, argi beltza baliatzen duen esperientzia sentsoriala’ (Medilloriko Civivoxean) eta ‘Gordelekua margotzen’ lantegia (Iturramako Civivoxean). Azaroaren 18an eta 25ean izanen dira, hurrenez hurren, arratsaldeko bost eta erdietan, eta bakoitzak lau euroko kostua izanen du.

¿Te ha sido útil esta página?