Zabalik dago 15 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzendutako Taldeka bitartekaritza artistikoko programaren ikasturte berrian izena emateko epea; urritik martxora bitarte eginen da

Zabalik dago 15 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzendutako Taldeka bitartekaritza artistikoko programaren ikasturte berrian izena emateko epea; urritik martxora bitarte eginen da
Hirugarren edizioak identitatearen kontzeptua izanen du ardatz, eta lantegien, bisiten eta artistekin eginen diren topaketen bidez landuko da



Taldeka bitartekaritza artistikoko programaren hirugarren edizioan izena emateko epea gaur (asteartea) ireki da Kulturako https://www.pamplonaescultura.es/eu/ udal-webgunearen bidez. 15 eta 21 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta programa, eta 15 saio izanen ditu guztira, arratsaldez, urritik martxora bitarteko aldizkako ostegunetan. Izen-emateak doan dira, eta saio bakoitzaren aurretik, onetsitako pertsonei tokia esleitu zaiela jakinaraziko zaie. Ikastaroak identitatearen kontzeptua izanen du ardatz ikasturte honetan. 

Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zuzendariak Taldeka programaren ikasturte honetako edizioa aurkeztu du Oihane Mcguiness eta Karmele Oteros programaren koordinatzaileekin batera. Egitasmoak helburu du hirian kulturari dagokionez gertatzen dena ezagutzea, eta horretarako, kultura garaikidera modu sortzailean hurbiltzea proposatzen du, eta gazteek beste gazte batzuei zuzendutako izaera artistiko eta sortzaileko ekimen eta proposamenak sortzen dituzte ingurunean. Horiek horrela, saioetan, besteak beste, tokiko artistekin topaketak egiten dira, eta ekitaldi eta erakusketetara bisitak antolatzen dira.

Gainera, Taldekak topatzeko eta sortzeko gune bat diseinatzeko asmoa du, eta bertan, 15 eta 21 urte bitarteko gazteek aukera paregabea dute kultur jardueretan parte hartzeko, esperientziak partekatzeko eta beraien burua artistikoki adierazteko bide ugari esploratzeko. Hala, kulturarekiko nolabaiteko interesa duten gazteen arteko sare berriak ehuntzea da asmoa, lankidetza-praktikak sustatu eta gazteen artean proiektu erkide bat garatzeko, Iruñeko inguruan testuinguru kultural eta artistikoarekiko interes handiagoa bultzatzeko xedez.

Bi lan-talde 
Aurreko edizioetan bezala, bi lan-talde ezarri dira parte-hartzaileen adinaren arabera. Lehenengo taldea 2009ko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra bitarte jaiotakoek osatuko dute, eta bigarrena, 2005eko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra jaiotakoek. 10 eta 15 kide artean izanen dituzte taldeek.

Izena ematea doan da, eta gaur ireki da epea (irailak 1). Horretarako, online inprimaki bat bete beharko da, Kulturako udal-webguneko estekan eskuragarri. Dagoeneko egin diren bi edizioetan, 15 eta 21 urte bitarteko hogeita hamar bat gaztek hartu dute parte.
Ikasturte honetan, aurreikuspenen arabera, 15 saio eginen dira urritik martxora bitarteko aldizkako ostegunetan, arratsaldez, 17:30etik 20:30era. Ziudadelaren ingurunean eginen dira saioak, hala nola Arma aretoan eta kasernetan. Egun hauetan izanen dira saioak: urriak 1, 8, 15 eta 22; azaroak 5 eta 19; abenduak 10 eta 17; urtarrilak 14 eta 28; otsailak 11 eta 15; eta martxoak 11, 18 eta 20. 

Ikasturte honetako gai nagusia: identitatea
Ikasturte honetan, identitatearen kontzeptua izanen da ideia eta ildo nagusia, eta hura garatzeko, Ziudadelako erakusketetara bisitak eginen dira, baita lantegi praktikoak ere. Azkenik, ideia hori ikasturtean zehar sortuko den guztian irudikatuko da. Identitatea ez da estatikoa, denboraren, inguruan dugunaren, memoriaren eta espazioaren bidez eratutako eraikuntza bat baizik, eta abiapuntu komuna izaten ahal da pertsona bakoitzak bere berezitasunetik parte har dezan.

Hiru lan-ildo ezarri dira, eta lehenengoak identitate desberdinei heltzen die artea abiapuntu hartuta. Identitatea esperientzia, ingurunea eta arreta jartzen den elementu horiek abiapuntu hartuta eratzen da, betiere aintzat hartuta artea esperientzien parte izaten ahal dela eta ikuspuntu berria eta egunez egunekoa esploratzeko bideak proposatzeko gai dela. Horretarako, modu jarraituan, saio guztien erregistroa eginen da, eta parte-hartzaile bakoitzak irudi bat atera eta erregistro fisikoa egin beharko du programaren saio bakoitzean. Erregistro horrek pertsona horren begirada berezia islatuko du.

Bigarren ardatzak berezko identitate desberdinak aditzera emateko eta garatzeko apustua egiten du praktiken eta artistek gidatutako lantegien bidez. Modu horretan, sortzeko era berriak uzten dira agerian, eta horiek modu aktibo eta zuzenean jartzen dira praktikan. Egunez eguneko gaiekin lotutako praktikak lantzea proposatzen da, identitatea eraikitzen duten esperientzien parte baitira: besteak beste, argazkilaritza, bideoak, soinua, moda, kontakizunak sortzea, irudiak eta iruditeria sortzea.

Hirugarren ardatzak bakoitzak berezko duen horretatik kolektiborantz eginen du lan, eta asmoa izanen da saio bakoitzean Ziudadela artearekin lotutako ikuspegietatik aktibatzea eta, talde-jarduerak egite aldera, parte-hartzaileak eremuaren kide izatea eta bertan elkartzea.  Saioetan amaierako erakusketa bat egiteko ideia izanen da kontuan, Ziudadelan bertan geratzen ahal den ekintza edo osagairen bat eratzeko xedez, eta horrekin batera ikasturtean zehar garatutako identitatearen zati baten ekarpena eginez. Hala, batera egindako lana jasota uztea da asmoa, nolabait inguru hori asaldatuz, laburki eta modu iragankorrean izan arren.

 

TALDEKA 2026 – 2027

•    Taldeak
o    15 – 17 urte: 2009ko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra bitarte jaiotako gazteak
o    18 – 21 urte: 2005eko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra bitarte jaiotako gazteak

•    Izen-emateak: doan, leku guztiak bete arte (10 eta 15 lagun arteko taldeak) Epea irailaren 1etik aurrera dago zabalik. Online inprimaki bat bete behar da, estekan eskuragarri

•    Saioak: urritik martxora bitarteko aldizkako ostegunetan, 17:30etik 20:30era
o    Urria: 1, 8, 15 eta 22
o    Azaroa: 5 eta 19
o    Abendua: 10 eta 17
o    Urtarrila: 14 eta 28
o    Otsaila: 11 eta 15
o    Martxoa: 11, 18 eta 20

 

 

¿Te ha sido útil esta página?