Zabalik da urrian doako ‘Mintzakide’ euskarazko mintzapraktika programan izena emateko lehen epea

Zabalik da urrian doako ‘Mintzakide’ euskarazko mintzapraktika programan izena emateko lehen epea
Euskararen B1 maila duten 16 urtetik gorakoendako programa da, eta talde txikiak osatuko dituzte hizkuntza hobeki menperatzeko xedez



Zabalik da urrian Mintzakide programan izena emateko lehen epea, https://taupamugimendua.eus/ webgunearen bidez. 16 urtetik gorakoendako programa da, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B1 mailan euskaraz hitz egiteko gaitasuna dutenendako, eta talde txikiak osatuko dira horretarako, hitz-jarioa hobetu eta euskara ikasteko prozesua azkartzeko xedez. 

Taupa Euskaltzaleen mugimenduak antolatzen du programa, eta diruz lagundu dute Iruñeko Udalak, Iruñerriko beste udalerri batzuek eta Nafarroako Gobernuak. Doako programa da, eta parte-hartzaileek euskara jakin eta hitz egiten dute, baina hizkuntza erabiltzeko mugak dituzte, besteak beste, arrazoi hauen ondorioz: inguruan euskara erabiltzeko aukerarik ez izateagatik eta euskaraz mintzatzeko zailtasunak izateagatik. 

Lankidetza-proiektu bat da, euskaraz hitz egin ohi duten eta hitz egin ohi ez dutenen arteko topaketan oinarrituta. Halaber, euskaltegien laguntza izanen du programak, baita elkarte eta administrazio publikoena eta kultur-, hezkuntza- eta aisialdi-elkarteena ere. 

Mintzakidek ahozko hitz-jarioa trebatzeko taldeak osatzen ditu, euskaraz harreman atseginak sortu, hizkuntza erabiltzeko ohitura sustatu eta euskaldunen arteko hartu-eman sareak sortuta. Halaber, hainbat jarduera osagarrik aberasten dute programa. Talde txikiak osatzen dira, eta laukoteak, boskoteak, seikoteak izaten dira ohikoenak; hala, lotsa gainditu eta parte-hartzaile guztiek hitz egin dezatela sustatzen da, harreman eroso eta berdinzaleak sortuta. Gutxienez astean behin biltzen dira, parte-hartzaileek hautatutako gune publikoetan.

Hauek izaten dira jarduera osagarriak: Mintzapraktika saio bereziak; Mendi Taldea; Mintzakide Txirrindularitza; Antzerki Taldea eta Mintza Hitzorduak, modu malgu batean eta zehaztasunik gabe, hala nola mahai-jokoak Laban eta saioak Iruñeko peñetan. Joskintza-talde bat ere badago: 6-10 pertsonek osatzen dute, eta ostegunero modu autonomoan elkartzen dira Plazara! zentro komunitarioan euskaraz josten aritzeko.

Hazten ari den programa
2004an sortu zen programa, eta urtez urte gora egin du parte-hartzaile kopuruak: lehendabiziko urtean Iruñerriko eta Iruñeko ehun bat lagunek hartu zuten parte, eta iaz, berriz, 501 partaide ziren iruindarrak eta ia mila, Iruñerrikoak; parte-hartzaileen kopuru handi bat, % 61, emakumeak ziren. Hala gazteek nola adinekoek parte hartzen ahal dute programan, bai Nafarroakoek, bai beste toki batzuetakoek.
Parte-hartzaileen artean hainbat hiztun mota daude: euskaltegietako goi-mailetan ikasten ari direnak; euskaraz hitz egin nahi duten euskaltegietako eta euskarazko eredua duten ikastetxeetako ikasle ohiak; etxean euskara jaso zutenak; norekin hitz egin ez eta lagun berriak egin nahi dituztenak, etab.
Mintzakide programari buruzko informazio guztia https://mintzakide.eus/ webgunean kontsultatzen ahal da.

2025EKO MINTZAKIDE
•    Izen-emateak, urrian, https://taupamugimendua.eus webgunearen bidez
o    Adina: 16 urtetik gorakoak
o    Euskara-maila: B1 maila gutxienez
o    Tokia: taldeek erabakitzen dute zer gune publikotan bilduko diren astean behin
o    Hainbat jarduera osagarrik aberasten dute programa

 

¿Te ha sido útil esta página?