Zabalik da ‘Mundu leunena’ gailu bigunen topaketa-lantegian izena emateko epea: irailaren 21etik 23ra eginen da, eta Erraiak programaren jarraipena da

Zabalik da ‘Mundu leunena’ gailu bigunen topaketa-lantegian izena emateko epea: irailaren 21etik 23ra eginen da, eta Erraiak programaren jarraipena da
Saioak Uharte Zentroan eta Arma aretoan eginen dira, eta Anna Irina Russell eta Blanca Arias artistek parte hartuko dute
Erraiak

 

Erraiak bitartekaritza kulturaleko programa bueltan izanen da udaren ondoren: Anna Irina Russell-en eskutik, topaketa-lantegia eginen da irailaren 21etik 23ra, Uharte Zentroan eta Ziudadelako Arma aretoan. Doan ematen ahal da izena, eta epea zabalik dago jadanik irailaren 21era arte, Uharte Zentroko webgunean. Eskaintzen diren 20 tokiak hautaketa-prozesu baten bidez beteko dira. Mundu leunena izenburupean, egitasmoak espazio komunak “leuntzea” du xede.

Topaketa-lantegiak maiatzean Erraiak programaren instalazioan erabilitako materialak ditu abiapuntu, horiek eraldatu eta beste bizitza bat emateko. Ekimenaren helburua da egindako lana lantegiarekin bukatu ez eta aurrera jarraitzea, baita hura hedatzea eta beren topaketak “leuntzeko” beharra duten hiriko elkarte eta taldeek lan hori baliatzea ere.

Lantegian gailu bigunen diseinua eta sorkuntza esploratuko da, espazio batean elkarrekin bizitzeko. Praktika artistikoaren eta esperimentazioaren bidez, gai honi buruz hausnartuko da: biguna den hori pertsonen inguruan dauden arkitektura eta sistemen zurruntasunari aurre egiteko modu gisa. Mundu leunena udatik bueltatzeko modu bat da ere, itzulera eztiagoa, samurragoa.

Lehen saioa irailaren 21ean (astelehena) izanen da Uharte Zentroan, 16:30etik 19:30era; bigarrena, Uharten ere, irailaren 22an (asteartea), 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara; eta Mundu leunena topaketa-lantegiari amaiera emateko, irailaren 23an (asteazkena), 17:00etan, lantegiaren azken aktibazio-saioa eginen da Ziudadelako Arma aretoan, eta 18:30ean, topaketa bat eginen da Blanca Ariasekin: artista-ikertzaile, bitartekari eta komisarioa da, eta blanditoblandito liburua idatzi zuen.

¿Te ha sido útil esta página?