Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 187.765 euroan onetsi du Calderería kalean udal-igogailu bat instalatzeko lizitazioa: kale hori bera eta Compañía plaza lotuko ditu. Igogailua Alde Zaharreko osasun-zentroaren eta Hizkuntza Eskola Ofizialaren artean dagoen plaza txikian jarriko da, eta 4,21 metroko desnibela gaindituko du. Hala, erantzuna emanen zaie bizilagunen eskakizunei, gero eta ugariagoak baitziren; irisgarritasuna hobetzea eskatzen zuten bizilagunek, batez ere osasun-zentroko pazienteei eta Hizkuntza Eskolako ikasleei laguntzeko. Lanak otsailean hastea da helburua, baita horiek lau hilabeteko epean bukatzea ere.
Igogailua panoramikoa da, eta 8 lagunendako tokia du. Gaur egun bi guneen arteko desnibela gainditzen laguntzen duten eskaileren izkina batean jarriko da, Hizkuntza Eskolaren alboko fatxadaren ondoan. Horretarako, eskaileren lehen zatia eraitsiko da. Zimendu-lauza baten gainean bermatuko da igogailua; zimendu-lauza horrek joan den mendearen hasieran toki horretan bertan zegoen bainuetxe zaharraren putzua estaltzen du. Arrazoi horregatik, eta jarduketa-eremua Alde Zaharreko BBBPBan sailkatutako eremu arkeologikoetako baten barruan dagoela aintzat hartuta, behar-beharrezkoa da Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusia – Vianako Printzea Erakundeak adierazitako jarraibideak betetzea. Eta jarraibide horiek, oraingoz, eremuan indusketa arkeologikoak egitean oinarrituko dira.
Igogailua putzu zaharraren gainean finkatzea aurreikusten du proiektuak, eta, beraz, zoladurara ateratzen den putzu horren zatia desmuntatzea proposatzen du. Horiek horrela, desmuntatu ondoren, 30 zentimetro lodi den lauza batekin zigilatuko da putzua. Zorupean eta putzuan ahalik eta eragin txikiena izate aldera, igogailuaren zimendu-hobiak 42 zentimetro eskaseko sakonera izatea erabaki da. Edonola ere, putzuaren parte diren osagai arkeologikoak hustuko dira, eta horretarako, eskuz induskatuko da putzuaren azpialderaino heldu arte. Gainera, zundaketa arkeologikoak eginen dira igogailua ezarriko den tokian. Aurkikuntzaren bat eginez gero, Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari jakinaraziko zaio.
Calderería kaleko bainuetxe zaharra 1925ean ireki zen, eta putzua hura hornitzeko erabiltzen zen. Bainuetxe zaharra 1978an eraitsi zen, bertan auzoko osasun-zentroa eraikitzeko xedez. Orduantxe sortu zen Calderería kaleko plaza txikia; Hizkuntza Eskolaren eraikinaren beheko solairura sartzen da plaza txiki horretatik, eta bertan, askotariko jarduerak egiteko ekitaldi-aretoa du Udalak. 2002an Compañía plazan abian jarri zen lurpeko aparkalekua eraiki zenetik, eskailera baten bitartez lotzen dira Calderería kalea eta Compañía plaza. Orubean esku-hartze arkeologikoak egin ziren 1995. eta 1999. urteen artean, baina, antza denez, ez zen urbanizatzeko eta hainbat laginketa egiteko beharrezkoa zen sestratik haratago induskatu.
Beirazko igogailu panoramikoa
Gainerako hiri-igogailuak bezala, Compañía plazakoa ere panoramikoa izanen da. Hala, aurreikuspenen arabera, 8 lagun (630 kg) sartuko dira igogailuan. Kabinaren neurriak 1,1 eta 1,4 metrokoak izanen dira, eta bi sarbideko sistema izanen da; hala, sartzeko eta ateratzeko ateak parez pare egonen dira goiko eta beheko parteetan. Gailuak 4,21 metroko desnibela gaindituko du segundoko metro 1eko abiaduran.
Kabinek beirazko itxiturak izanen dituzte, baina alboetako zatietako batzuk opakuak izanen dira, eta zati horietan botoiak, argiak, aire girotua eta informazio-panela egonen dira. Gainera, bideozaintza-kamara izanen du igogailuak, baita aginte-postu zentralizatu batekin ahots bidez hitz egiteko zuzeneko sarbidea ere.
Igogailuaren kutxa altzairuzko profilez eginen da, eta 20 zentimetroko lodierako hormigoizko hormen gainean egonen da. Beheko zatiaren itxitura inguru horretan dagoen antzeko harri batekin eginen da, Compañía plazaren parean, eta hortik aurrera beira gardenezkoa izanen da egitura.
Igogailuaren sarbideetan, egun dagoen galtzada-harrizko lurzorua birjarriko da. Goiko zatian Calatorao udalerriko lauza erabiliko da, Compañía plazaren diseinuari jarraikiz. Igogailurako sarbidean, bi mailetan, Calatorao udalerriko harriz egindako oinez hautemateko zoladura jarriko da.
Esku-hartzean eraispen- eta igeltserotza-lanak barne hartuko dira, eta obra adjudikatzeari dagokionez, igogailua instalatzeaz eta ondoko (Calderería k. 11) udal-aretoa egokitzeaz gain, irizpide hauek hartuko dira kontuan: irizpide kualitatiboak (50 puntu), eskaintza ekonomikoa (35 puntu), irizpide sozialak (10 puntu) eta ingurumenarekin lotutakoak (5 puntu). Irizpide kualitatiboen barruan, 30 punturekin baloratuko da obraren azalpen-memoria eta haren garapena; lanek izanen duten eraginaren tratamendua, berriz, 10 punturekin, eta obra-plana, 10 punturekin.
Bizilagunak 2019az geroztik aritu dira igogailua eskatzen; izan ere, mugikortasun urriko eta adineko pertsonek arazoak zituzten osasun-zentrora sartzeko.