Zabalik da Minaberri itzulpen-bekaren II. deialdia: 30 urtetik beherako itzultzaile hasiberriek izanen dute itzulpen-bekara aurkezteko aukera

Zabalik da Minaberri itzulpen-bekaren II. deialdia: 30 urtetik beherako itzultzaile hasiberriek izanen dute itzulpen-bekara aurkezteko aukera
Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu du EIZIE elkartearekin: beka eskuratzen duen itzultzaileak 3.000 euro jasoko ditu



Minaberri itzulpen-beka gazteei begira sortu zen, gazte-literaturako lan esanguratsuak euskaratzeko xedez. EIZIEk 30 urtetik beherako itzultzaile hasiberriendako bekaren deia egin du, Iruñeko Udalarekin lankidetzan eta CEDRO erakundearen eta Txalaparta argitaletxearen laguntzaz. Aurten Marie-Aude Murail idazle frantsesaren Sauveur & fils obra euskaratuko da. Deialdian parte hartu nahi dutenek bekaren helburu den laneko lagin bat itzuli beharko dute, eta itzulpenak aurkezteko epea apirilaren 28an amaituko da, 12:00etan.

Helburu hauek ditu bekak: itzulpengintza sustatzea, itzulpenen kalitatea bermatzea eta irakurzaletasuna ere sustatzea. Itzultzaile gazte hasiberriak trebatzeko xedez, beka eskuratzen duen itzultzaileak laguntza eta orientazioa jasoko du, mentoretza baten bidez; Aurten Xabier Olarra arituko da mentore-lanetan. Bekaren irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, eta azken itzulpena Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du.

Literatur itzulpengintzan hasi nahi eta lagina aurkezteko epea amaitu aurretik gehienez ere 30 urte dituen orok parte har dezake deialdian. Ezin izanen dira aurkeztu euskarazko literatura-itzulpenetarako beka, sari edo lehiaketaren batean irabazle izan direnak. Bekarako itzuli beharreko lagina honako helbide honetan eskura daiteke. 

Lanak aurkezteko epea eta lekua
Lanak paperean edo posta elektroniko bidez aurkezten ahalko dira. Paperean aurkeztuz gero, gutun-azal batean sartu beharko da lehiatzaileen eskura jarritako testuaren itzulpena, ezizen batez sinaturik. Gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datu hauek adieraziko dira: izen-deiturak, jaioteguna eta jaioterria, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea, NANaren fotokopia eta CV bat. Ezizen bera jarriko dute gutun-azalaren kanpoaldean. Gutun-azala honako helbide honetara bidali behar da: Zemoria kalea 25, behea, 20013 Donostia.

Eskabidea posta elektroniko bidez aurkezteko, honako helbide honetara bidali behar da mezua, gaia adierazirik: idazkaritza@eizie.eus. Hona hemen jarri beharreko gaia: II. Minaberri itzulpen-beka. Bi dokumentu bidali behar dira mezuari erantsita: batean, testuaren itzulpena bera, ezizen batez sinaturik; bestean, ezizen horren atzean dagoen itzultzailearen datuak (gorago adierazitakoak). Nortasun agiriaren fotokopia eta CV bat ere erantsi behar zaizkio mezuari.

Zazpi mentoretza-saio
Epaimahaia hiru lagunek osatuko dute: Fernando Rey Escalerak (EIZIEk izendaturik), Amaia Orbe Barriok (Txalaparta argitaletxeak izendaturik) eta Xabier Olarra Lizasok (CEDRO erakundeak bekarako izendaturiko mentoreak). Epaimahaiak honako hauek baloratuko ditu: testuaren kalitatea, hizkuntza-aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza. Beka eskuratzen duenak Zazpi lan-saio eginen ditu, bina ordukoak.
 
Irabazleak 2026ko ekainaren 23a baino lehen entregatu beharko du lana amaitua. Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du itzulpena –eskubideak aurrez eskuratuta–, eta 2026ko abendua izanen da hori egiteko epemuga. 

Ale guztietan nabarmen aipatuko da Minaberri beka, baita itzultzailearen izena ere. Itzultzaileak eta argitaletxeak sinaturiko itzulpen-kontratu baten bidez bermatuko da itzultzailea izanen dela itzulpenaren jabea. Bekaren hartzaileak liburuaren aurkezpenetan parte hartuko du, eta prest agertuko da oro har liburuaren sustapenean edo promozioan lagungarri izanen diren jardueretan parte hartzeko.
 

¿Te ha sido útil esta página?