Iruñeko Udalak garapenaren eta herritartasun globalaren aldeko hezkuntza-proiektuetarako deialdi berria argitaratu du, jarduera eta prestakuntza berriak bultzatzea xede harturik, mundu berdinzaleago eta jasangarriagoa lortzearen aldeko herritar engaiatuen eredua azpimarratze aldera. Deialdiari 30.000 euro esleitu zaizkio; maiatzaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (95. zenbakian) iragarri zen deialdia, eta proposamenak aurkezteko mugaeguna ekainaren 28a da.
Diru-laguntzen ildo hau Udalak garapenaren alde duen lankidetza-programaren barruan dago; programa hori 6 deialdik osatzen dute, funtsean, eta orotara 1.272.100 euro jotzen du, udal-aurrekontuak nazioarteko lankidetzarako bideratzen duen guztizkoaren % 84,9. 2019rako, hain zuzen, 1.498.882 euroko aurrekontua dauka programak, eta horrek esan nahi du aurten Iruñeko Udalak aurrekontuaren % 0,76 bideratuko duela lankidetza-arlora. Hona beste deialdien nondik norakoak: garapenaren aldeko nazioarteko lankidetza; garapenaren aldeko lankidetza-proiektuak Hegoaldeko toki-entitateekin; garapenaren aldeko sentsibilizazio- eta hezkuntza-proiektu zein jarduketa puntualak; eta ekintza humanitarioak.
Deialdi berriaren helburua da Iruñean elkartasun-kultura bultzatzea, herritartasun globalerako hezkuntza sustatuz. Ikuspegi hori aintzat hartuta, xedea da mundu bat eta bakarreko kide izatearen sentimendua berrestea eta elkartasuna bultzatzea. Horretarako, hiriko lagun eta erakundeak animatu nahi dira aldaketa-eragile izan daitezen, hala inguru hurbilean nola maila globalean.
Herritartasun globala
Herritartasun globalerako hezkuntza prozesutzat hartzen da, kontzientzia kritikoak sustatu eta pertsona bakoitza aktibo eta arduratsu bihurtzeko, elkartasunarekin engaiaturik dagoen gizarte berria eraikitzeko asmoz. Ikuspegi hori aintzat hartuta, honako hauen alde egiten da: dibertsitatea errespetatzea eta baloratzea, ingurumenaren defentsa, kontsumo arduratsua eta norbanakoen giza eskubideak nahiz sozialak errespetatzea.
Oinarrietan jasotakoarekin bat, lehentasuneko gai hauei heldu beharko diete proiektuek: giza eskubideak; globalizazioa eta ekonomiaren inguruko nazioarteko arazoak; bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta ekonomia solidarioa; generoa eta garapena; migrazioak eta errefuxiatuak; elkarbizitza eta kultur identitateekiko errespetua; klima-aldaketa eta ingurumen-arazo globalak.
Horiekin loturiko jarduerak 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra egin beharko dira, Iruñean. Proiektuek jarraibideekin bat eginak eta sekuentziatuak egon beharko dute, eta ongi zedarriturik izan beharko dituzte xede-taldeak, helburuak eta jarduketarako estrategiak; hezkuntza ez-formaleko esparruan egon beharko dute; halaber, bereziki erreparatuko diote hegoaldeko herrialdeetako egoerari eta horrek gure inguruarekin duen loturari, eta proiektua gauzatzeko emaitzen, jardueren eta beharrezko baldintzen inguruko informazioa garatu beharko dute, besteak beste.
GGKEek Udalaren Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia, 2), erregistro osagarrietan edo legeek aurreikusitako beste edozeinetan aurkezten ahalko dituzte eskabideak. Telematikoki ere aurkezten ahalko dira, Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan, www.iruna.eus-ra joz. Eskabideak baloratzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan: proposatutako esku-hartzearen aurrekariak, testuingurua eta justifikazioa (15 puntu bitarte); esku-hartzearen kalitate teknikoa (105 puntu bitarte); proposamenean engaiatutako entitateak (40 puntu bitarte); esku-hartzearen xede-taldea (15 puntu bitarte); eta gaiak zein zeharkako ikuspegiak (25 puntu bitarte).
Proiektu batek gutxienez 130 puntu lortu beharko ditu diru-laguntza jasotzeko. Puntuazio hori gainditzen duten proiektuen artean gehienezko puntuazioa lortzen duena finantzatuko da eskatutako kopuruaren % 100ean, baldin eta kopuru hori ez bada deialdiari esleitutako kopurua baino handiagoa.