Iruñeko Udalak deialdi bat ireki du datorren ikasturtean ikastetxeek Energia xahutzearen aurkako ekintza proiektuarekin bat egin dezaten. Ekimen horren bidez, Udalak haurrak kontzientziatu nahi ditu eskolan energia aurrezteko neurriak hartzeko garrantziari buruz. Proiektuak ikasmateriala eta jokoan oinarritutako tresna digital bat eskaini ez ezik, hautatutako zentroak diruz laguntzen ditu planteatutako neurriak martxan jar ditzaten.
Interesa duten zentroek apirilaren 16ra arte aurkezten ahalko dituzte hautagaitzak, educacionambiental@pamplona.es helbide elektronikoaren bidez; deialdiari buruzko informazioa eta osatu beharreko eranskina Ingurumen Hezkuntzako udal-webgunean kontsultatzen ahal dira. Hautagaitzak jaso ondoren, Udalak proiektuan parte hartuko duen ikastetxea hautatuko du. Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren jarraipenaren pean parte hartzen duten ikastetxeez gain, programak tresna digital bat erabiltzeko aukera ematen du, energiaren, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren curriculum-edukiak landu nahi dituen edozein ikastetxek libreki erabiltzeko.
Energia xahutzeren kontrako ekintza proiektua Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleei dago zuzenduta. Jolasen bitartez, lanean dihardute zentroarekin lotutako alderdietan hobekuntza energetikoak martxan jartzeko: besteak beste, ikasgelatik ateratzean argiak itzaltzea, ondotik pasatzean pizten diren mugimendu-sentsoreak jartzea, argi analogikoen ordez LED argiak jartzea eta leihoen isolamendua hobetzea. Ikasleek elkarrekin batera adosten dituzte ikastetxean hartu beharreko neurriak, betiere helburu hauek aintzat hartuta: kontsumo energetikoa eta faktura elektrikoa murriztea, eta, batez ere, ingurumenari mesede egitea.
Batetik, proiektuak curriculum-esperientzia bat barne hartzen du, energiaren jatorria eta erabilera aztertzeko eta diagnostikatzeko gai izateko behar diren ezagutzak, jarrerak eta trebetasunak eskuratzeko, eta ikastetxean energia-trantsizioa posible eginen duten ekintzak proposatzeko. Bestetik, hautatutako ikastetxeak diru-zuzkidura jasoko du, parte hartzen duten ikasleek eraginkortzat jo dituzten energia aurrezteko neurrietako batzuk ikastetxean martxan jarri ahal izateko.
Aurtengo ikasturtean bost ikastetxek parte hartu dute
Energia xahutzearen kontrako ekintza proiektua bost ikastetxe hauekin aritu da lanean aurten: FEC Vedruna eta Nuestra Señora del Huerto ikastetxeetan, hirugarren urtez jarraian; La Compasión-Escolapios eta Patxi Larrainzar ikastetxeetan, bigarren urtez jarraian; eta Ermitagaña HLHIP ikastetxean, aurten lehenengoz.
Ermitagaña HLHIPko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak energia xahutzeari buruz aritu dira lanean, eta orain aurkeztu dute ekintza-plana: eraikinaren iparraldeko leihoen isolamendu termikoa hobetzea da helburua. Izan ere, berotze-sistema erabili arren, ikasgeletan hotz handia egiten zuen neguan, eta ikasleak egoera horren kexu ziren. Ermitagaña HLHIPren, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetzari esker, ikastetxeak 6.000 euro jasoko ditu uda honetan bertan leihoetako batzuk aldatu ahal izateko.
Patxi Larrainzar HLHIP ikastetxean, berriz, argi-sentsoreak jarri dituzte korridoreetan. Halaber, La Compasión Escolapios ikastetxeko 5. mailako ikasgela batean LED argiak jarri dituzte. FEC Vedruna ikastetxeko ikasleek ordenagailu-gelako argiak aldatu dituzte, eta Nuestra Señora del Huerto ikastetxekoek, pasabideetako sentsoreak. Kasu guztietan, energia aurreztea izan da helburua; hala ere, beste helburu bat lortu dute: ikastetxeetako ohiturak aldatzea, baita ikasle eta irakasleenak ere.
Proposamenak abian jarri ahal izateko, Udalak 1.000 euro ematen dizkie lehen aldiz parte hartzen duten ikastetxeei, eta 500 euro bigarren urtez parte hartzen dutenei. Parte hartzen duten lau ikastetxeak aste hauetan aurkezten ari dira Energia Xahutzeren Kontrako Ekintza Planari lotutako proposamenak Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuaren aurrean; izan ere, Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak kudeatzen du programa. Ikastetxeek aurkezpenetan azaltzen dituzte proposamenen nondik norakoak, eta ingurumena babesteko konpromisoa aitortzeko diploma bat jasotzen dute.
Energia Xahutzearen Kontrako Ekintza programa Stardust proiektu europarraren barruan egin zen; izan ere, proiektu horrek energia-efizientzia areagotzea eta hiri parte-hartzaileen bizi-kalitatea hobetzea du helburu. Proiektu horrek Europar Batasuneko HORIZON 2020 Ikerketa eta Berrikuntza Programaren finantzazioa jaso zuen. Gainera, programa bat dator Udalak klima-aldaketaren borrokan duen konpromisoarekin; konpromiso hori Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Iruñeko 2030 Estrategiarekin bat eginez gauzatzen da.