Zabalik da BIKO-TEKA ilustrazio- eta narrazio-lantegian izena emateko epea: urtarrilaren 26tik 30era eginen da, Kondestablearen jauregian

Zabalik da BIKO-TEKA ilustrazio- eta narrazio-lantegian izena emateko epea: urtarrilaren 26tik 30era eginen da, Kondestablearen jauregian
Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak gidatuko dute lantegiaren hamargarren edizioa, liburu grafiko bat edo haurrendako album bat sortzea helburu
Fitxategi

Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, BIKO-TEKA ilustrazio- eta narrazio-lantegia antolatu du hamargarren urtez jarraian, 2026ko urtarrilaren 26tik 30era bitarte. Euskarazko ilustrazio- eta narrazio-lantegiak liburu grafiko bat edo haurrendako album bat sortzea du helburu, Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak gidatuta. Izen-emateak abenduaren 5era arte daude zabalik, administrazioa@ibbygaltzagorri.eus helbide elektronikoaren bidez.

Lantegia doan da, eta hamasei artistak –zortzi bikotek– hartuko dute parte: ilustratzaile batez eta idazle batez osatutako bikoteak izanen dira, eta elkarlanean arituko dira 37 orduz, Kondestablearen jauregian. Izen-emateak bikoteka edo bakarka egiten ahal dira, eta bakarka izena ematen dutenek geroago osatuko dituzte bikoteak. Izena emateko epea amaitu ondoren, Aitziber Alonsok eta Harkaitz Canok hautatuko dituzte parte-hartzaileak, eta horretarako, aurretik bidali behar dituzten lanen kalitatea hartuko dute kontuan. Hautatutako artistei 2025eko abenduaren 16a (asteartea) baino lehen jakinaraziko zaie lantegian parte hartuko dutela.

Datu hauek eman behar dira izena ematean: NANa, curriculuma, helbide elektroniko bat eta telefono-zenbakia. Ilustratzaileei dagokienez, proiektu bereko hiru ilustrazio aurkeztu beharko dituzte, argitaratuak edo argitaratu gabeak, eta irudiek kate bat sortu beharko dute; idazleek, berriz, gehienez ere orrialde bateko testu labur bat aurkeztu beharko dute, argitaratua edo argitaratu gabea, haien lana ahalik eta hoberen islatuta. Bikoteka aurkeztuko direnek euren proiektuaren zirriborro bat bidali beharko dute.

Hauek dira BIKO-TEKA egitasmoaren helburuak: haurrei zuzendutako euskarazko albumen sorkuntza sustatzea eta ilustratzaile eta idazleak elkar ezagutu eta taldeka liburu grafiko bat sortzeko behar diren lan-dinamikak ikastea. Informazio gehiago behar izanez gero, interesdunek www.ibbygaltzagorri.eus webgunera jo, galtzagorri@ibbygaltzagorri.eus  helbide elektronikora idatzi edo 943 471 487 telefonora deitzen ahal dute.

Urtero, euskal literatur-sistema bertatik bertara ezagutzen duten pertsonek bisitatzen dute lantegia. 2026ko lantegia hauek bisitatuko dute: Uxue Razkin editoreak (Erein) eta Tupust! kolektiboko Maite Caballero eta Maite Gurrutxaga sortzaileek.

Halaber, proiektu hau haurrendako album irudidunen Etxepare sariaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker egiten da.
 

BIKO-TEKA LANTEGIAREN HAMARGARREN EDIZIOA

Euskaraz liburu grafiko bat edo haurrendako album bat sortzeko ilustrazio- eta narrazio-lantegia

  • Datak: urtarrilaren 26tik (astelehena) 30era (ostirala)
  • Tokia: Kondestablearen jauregia (Kale Nagusia 2)
  • Ordutegia: lehen lau egunetan, 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era Azken egunean, ostiralarekin, goizez bakarrik, 09:00etatik 14:00etara
  • Izen-emateak: abenduaren 5era arte, administrazioa@ibbygaltzagorri.eus helbide elektronikoaren bidez
    Informazio gehiago, www.ibbygaltzagorri.eus webgunean eta 948 943 471 487 telefonoan

 

 

Bikoteka


 

¿Te ha sido útil esta página?