Zabalguneko udal-merkatuko bezeroek armairu adimendun berriak erabiltzen ahalko dituzte telefonoz edo modu digitalean egindako eskariak jasotzeko. Udalak eskariak modu malguan eta itxaron gabe jasotzeko sistema hori instalatu du, 07:00etatik 19:00etara, zeina erosketa amaitzean eska baitaiteke. Bezeroek merkatuko postuetan produktuak erosten dituzte, eta merkatariek bezeroari alta eman edo zerbitzua kudeatzen duen plataformarako esteka ematen diote; bertan erosketa gordetzeko armairuak erreserbatzen dira, giro-tenperaturan zein hozte-sistema dutenak. Erosketa jasotzeko, postuak e-posta, WhatsApp edo SMS bidez bidalitako QR kode bat eskaneatu edo QRarekin batera datorren zenbaki-kodea erabiltzen da.
Armairu adimendunak merkatuaren barruan daude, Olite kaleko 26. zenbakian dagoen sarreran. Zerbitzua erabiltzeko ordutegia 07:00etatik 19.00etara izanen da hasiera batean. Guztira 30 armairu adimendun jarri dira, 465 mm x 255 mm x 600 mm tamainakoak, kontsumo txikikoak eta ingurumenarekin begirunetsuak. Armairuen erdiek hozte-sistema dute, eta beste erdiek, ez. Banakako zutabeetan antolatu dira, eta bost konpartimentutarako motor bakarra dute; horri esker, konpartimentu bakoitzean tenperatura behar bezala mantendu daiteke, eta armairuko tenperatura-jaitsierak ez die elikagaiei kalterik eginen.
Konpartimentuak banakakoak dira eta poliuretano-apar ekologikoarekin isolatuta daude, horietako bakoitzetik erosketa jasotzean sistema guztiaren despresurizazioa ekiditeko; hala, likidoak edo egoera txarrean dauden elikagaiak isurtzearen ondoriozko konpartimentuen arteko kontaminazioa saihesten da.
Iruñeko Zabalguneko udal-merkatuan armairu adimendunen hornidura eta instalazioaren kontratazioaren adjudikazioa prozedura irekiaren bidez egin da, eta Columat Smart Systems SL enpresari adjudikatu zaio.
Merkataritza-jarduera indartzeko Iruñeko Udalaren neurri horrek laguntzak jasotzen ditu Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan, programa horretan kudeatzen baitira Next Generation Europako funtsak.
