Zabalguneko merkatuan dago ikusgai emakumeek 1951an elikagaien prezioen igoeragatik egindako greba orokorrean izan zuten protagonismoari buruzko erakusketa

Zabalguneko merkatuan dago ikusgai emakumeek 1951an elikagaien prezioen igoeragatik egindako greba orokorrean izan zuten protagonismoari buruzko erakusketa
‘Erosketatik grebara’ erakusketak argazkiak, berriak eta argitalpenak biltzen ditu, 1951ko maiatzeko grebaren 75. urteurrenaren karietara



Hiru urte eskas lehenago eraikitako Zabalguneko merkatua izan zen greba orokorraren hasieraren epizentroa Iruñean. Greba 1951ko maiatzaren 7an hasi eta lau egun iraun zuen, hiriko langile-klasea mobilizatu zuen, eta emakumeek protagonismoa izan zuten, protesta sustatu eta parte-hartze esanguratsua izan baitzuten. Erosketatik grebara argazki-erakusketak egun horiek ekartzen ditu gogora, bai eta 75. urteurrena betetzen duen gertakari horretan emakumeek izan zuten garrantzia ere. 

Erakusketak duela 75 urte Zabalguneko merkatuan bizitako eszenak eta uneak biltzen ditu, bai eta bertako postuak, saltzaileak eta beste emakume batzuen lan-jarduera ere. Horrez gain, estatuko eta nazioarteko prentsan grebari buruz argitaratutako berriak eta garai hartako ezkutuko beste argitalpen batzuk ere biltzen ditu. Panelen bidez, Zabalguneko merkatuan egun hura eta greba nolakoak izan ziren azaltzen zaie herritarrei. Erakusketa osatzen duten argazki eta irudiak eskuratzeko, funts hauek baliatu dira: Nafarroako Artxibo Nagusia, Nafarroako Museoa, Iruñeko Udal Artxiboa, Memoria Historikoaren Funts Dokumentala, hemerotekak, fototekak eta beste funts pribatu batzuk. 

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Udalbatzako kideek erakusketaren inaugurazioan eta ondoren Emakumeak Izendatu Iruñean taldeko kideek egindako bisita gidatuan parte hartu dute. Inaugurazioarekin batera, 1951ko grebaren antzezlan labur bat taularatuko du Memoria Eszenikoa taldeak. Ostiralean bertan, arratsaldeko 18:00etan, grebaren 75. urteurrenari eta Iruñeko emakumeek izan zuten protagonismoari buruzko dibulgazio-hitzaldiaren txanda izanen da Zabalguneko merkatuko ikasgelan, Iruñeko Emakumeak Izendatu taldeko Ana Díez de Ure Eraul eta Paco Roda Hernándezen eskutik. Memoria Eszenikoa taldeak 1951ko grebaren une hori antzeztuko du berriz. 

Erakusketa Iruñeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako IV. Planaren 4. ildoaren (Parte-hartzea eta eragin politikoa) barruan dago, zeinak balioan jartzen baitu Iruñean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean emakumeek, emakume-talde eta -elkarteek eta feminismoak egin duten ekarpena. Emakumeen Udal Kontseiluko Emakumeak Izendatu Iruñean taldeak sustatzen du erakusketa, Iruñeko Udalarekin lankidetzan. Erakusketa gutxienez hilabete batez egonen da ikusgai Zabalguneko merkatuan, eta merkatuaren ordutegian bisitatzen ahalko da, hau da, astelehenetik larunbatera, 08:30etik 14:30era; ostiraletan, arratsaldez ere, 17:00etatik 20:00etara bitarte.

Grebak nazioartean izan zuen oihartzuna
1951ko maiatzaren 7ko greba ez zen izan Iruñeko emakumeek prezioen igoeraren, bizitzaren garestitzearen eta atsekabe politikoaren aurka ahotsa goratu zuten lehen aldia, baina bai Iruñeko emakumeak, bai langileak bai etxekoandreak, kalera atera eta mobilizatu ziren lehenengoa. Grebak oinarrizko elikagaien, arrautzak eta olioa kasurako, prezioen igoera bereizi gabea izan zuen jatorri. 

Historiografiak, genero-ikuspegia alde batera utzita, behin eta berriz azpimarratu du greba hau frankismoaren aurkako lehen greba orokorra izan zela Iruñean, baina gertakaria gizonezkoen langile-klaseak bultzatu zuela esan du beti, eta borroka kolektibo horretan emakumeek izan zuten papera ikusezin bihurtu du. Fabrika edo lantegietan lan egiten zuten emakumeek, merkataritzan lan egiten zutenek eta, batez ere, beren etxeetan lan egiten zutenek manifestazioa egin zuten; horietako batzuk ordena frankistako indarrek zauritu eta sedizioa leporatuta atxilotu zituzten. 

Emakumeek gertaera historiko bihurtu zuten greba hura, eta nazioarteko prentsak ere, New York Times egunkariak esate baterako, gure hiria frankismoaren aurkako borrokaren aitzin-aitzinean jarri zuen gertakaria izan zela azpimarratu zuen.

 

EROSKETATIK GREBARA ERAKUSKETA. ZABALGUNEKO MERKATUA

•    Argazki-erakusketa
o    Ordutegia: astelehenetik larunbatera, 08:30etik 14:30era; ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara; igandeetan, itxita
o    Funtsak: Nafarroako Artxibo Orokorra, Nafarroako Museoa, Iruñeko Udal Artxiboa, Memoria Historikoaren Funts Dokumentala, hemerotekak, fototekak eta beste funts pribatu batzuk 

•    Dibulgaziozko hitzaldia. Maiatzak 8, ostirala. 18:00. Zabalguneko merkatuko ikasgela.
o    “1951ko greba orokorraren 75. urteurrena: Iruñeko emakumeen protagonismoa”.
o    Hizlariak: Ana Diez de Ure Eraul eta Paco Roda Hernández (Emakumeak Izendatu Iruñean taldea).
o    Hitzaldiarekin batera, 1951ko grebaren antzezlana taularatuko du Memoria Eszenikoa taldeak.

 

¿Te ha sido útil esta página?