Pompelo Civivoxa deituko da Zabalguneko civivox berria: hilabete bukaeran irekiko dute, eta 10 milioi euro inbertitu dira guztira Gune berria Salestarren ikastetxea zegoen orubean dago, eta Zabalguneko bizilagunendako ez ezik, Iruñeko biztanle guztiendako erreferentziazko gune bihurtuko da, kultur-eskaintza zabala, hainbat museo- eta erakusketa-gune eta 400 pertsonendako edukiera duen auditorium bat izanen baititu.
Iruñeko Udalak ate irekien jardunaldi batzuk antolatu ditu zuzkidura berria ezagutarazteko: azaroaren 28an eginen dira, hurrengo egunean ospatuko den San Saturnino hiriaren zaindariaren egunari keinu bat eginez. Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak eta Íñigo Gómez Eguíluz alorreko zuzendariak, gune berriaren irekiera-egutegia aurkeztu dute: fasetan eginen da, eta 2026ko otsailaren 1ean funtzionamendu osoan egonen da.
Obrak amaituta, lanek eraikina hornitzea eta egokitzea dute ardatz aste hauetan. Ate irekien jardunaldian eraikina ikusteko aukera egonen da: 3.834,27 m² ditu, sotoan, beheko solairuan eta hiru solairutan banatuta. Goiko solairuak, bakoitza 400 m2 ingurukoa, Civivoxaren programa soziokulturaleko jardueretarako erabiliko dira. Bertan egonen dira erabilera anitzeko aretoak, hitzaldi-aretoa, informatikako, arte plastikoetako eta sukaldaritzako ikasgelak eta haurrendako areto bat, bai eta kirol- eta dantza-guneak ere. Beheko solairuan, ia mila metro ingurukoa, atarte-eremua eta 400 eserleku atzeragarri baino gehiago dituen ekitaldi-areto / auditoriuma nabarmentzen dira. Azkenik, 1.166,6 metro karratuko sotoan, hiru aretoz osatutako erakusketa-eremua egonen da.
Erakusketa-eremua abenduko bigarren erdian jarriko da martxan. Aretoetako batean hiriaren sorreraren 2.100 urteurrenari eskainitako erakusketa egonen da. Beste areto bat, Javier Ciga Echandi Iruñeko margolari kostunbristari eskainiko zaio. Hirugarren aretoan, hasiera batez, Iruñeko Udalaren Arte Garaikideko Bildumaren zati bat egonen da ikusgai. Helburua, ordea, 2026an Pablo Sarasate biolin-jotzaileari buruzko erakusketa iraunkorra instalatzea da.
Unean uneko jarduerak otsailera arte
Otsailera arte iraunen du lehenengo faseak, eta tarte horretan, herritarrei espazioa ezagutarazteaz gain, unean uneko zenbait jarduera antolatuko dira, hala nola ipuin-kontalarien saioak, hitzaldiak eta ikuskizunak auditoriumean. Pixkanaka, Nafarroako Blanca plazan dagoen Zabalguneko Civivoxeko egungo programazioa lekualdatzen joanen dira, besteak beste, haurrendako programazioaren parte bat eta kirol-jarduera batzuk.
Jarduera horiekin batera, abenduan eta urtarrilean, gune berria erakutsiko zaie kolektiboei, elkarteei, kultura-eragileei eta hezkuntza-komunitateari, beren jarduerak garatzeko espazioak lagatzeko aukera dagoela oroitarazteko, bai unean-unean, bai modu iraunkorrean. Zentzu horretan, eskaerak ohiko bideetatik jasoko dira, ezarritako irizpideekin bat, eta Nafarroako Blanca plazan dagoen Zabalguneko Civivoxa dagoeneko erabiltzen duten kolektiboek lehentasuna izanen dute.
Lehenengo irekiera-fasean, Pompelo Civivoxa 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egonen da zabalik, eta igande eta jaiegunetan itxita egonen da.
Otsailaren 1ean, bete-betean martxan
Bigarren irekiera-fasea otsailaren 1ean hasiko da. Egun horretan behin betiko aldaketa eginen da Nafarroako Blanca plazako Zabalguneko Civivoxetik Salestarren plazako Pompelo Civivox berrira. Hori dela eta, jarduera guztiak zentro batetik bestera lekualdatuko dira, ikastaroak eta lagapenak barne. Egun hori bat dator Civivox sareak antolatutako jardueren bigarren lauhilekoaren hasierarekin. Hala, hezkuntza-ziklo berria kokapen berrian abiatuko da. Ordutik aurrera, honako hau izanen da ordutegia: 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, astelehenetik larunbatera bitarte.
Izena emateko epea urtarrilean irekiko da, jarduerak jada instalazio berrian eginen dira, eta, horri esker, jarduera batzuetan eskainitako lekuen kopurua handituko da. Halaber, aurreikuspenen arabera, ikastaroen eta jardueren eskaintza dibertsifikatuko da, Civivox berrian sukaldaritzako eta kiroleko guneak baitaude, bai eta arte plastikoetako ikasgela eta haurrendako ikasgela ere.
Gainera, auditoriumean askotariko jarduerak egiten ahalko dira: Civivox sareak antolatutakoak, Udaletxeko Kulturako Alorrak zuzenean kudeatutakoak eta elkarteei eta kolektiboei egindako lagapenen bidez antolatutakoak, besteak beste. Asmoa da udaberritik aurrera auditorium hori hiriko gune eszenikoen eskaintzaren barruan txertatzea eta musika-proposamenak eta proposamen eszenikoak bertan egitea.
Jarduerak lekualdatzen direnean behin betiko itxiko dute egungo Zabalguneko Civivoxa. Otsailean zehar materialak lekualdatzeko eta hondakinak kudeatzeko lanak amaituko dira. Denbora-tarte horretan, zentroa zabalik egonen da ohiko ordutegian, astelehenetik ostiralera, erabiltzaileei arreta emateko. Lekualdatzeko lanak bukatu eta egungo civivoxa behin betiko itxitakoan, Zabalguneko Civivoxa zenaren instalazioak Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolaren parte izatera pasako dira.
Eraikin paregabea hiriaren erdigunean bertan
Pompelo Civivox berriak herritar guztiak elkartzeko gune bihurtzea du xede. Horretarako diseinatu dute, eta, hain zuzen ere, eraikinera hurreratzen diren guztiei harrera egiteko, arkupe handia izanen du kanpoaldean eta atarte zabala, barrualdean. Jasangarritasuneko, funtzionaltasuneko, moldakortasuneko eta inguruarekin bat egiteko irizpideen arabera eraiki da azpiegitura, eta hormigoi prefabrikatuaren aldeko apustua egin da, leihate eta sareta handiak bateratuta, baita lorategidun estalki baten aldeko apustua ere, beheko solairuan.
Zalantzarik gabe, eraikineko auditoriuma oso esanguratsua da azpiegituraren barruan. Auditoriumak 19 x 17,40 metroko tamaina eta 5,80 metroko altuera du, baita 402 pertsonendako edukiera ere, 253 besaulkiko harmaila teleskopiko bati eta aurreneko ilaretan lurrean bermatutako eserlekuei esker. Hain zuzen, eserleku horiek tokiz aldatu edo kentzen ahal dira, aretoaren konfigurazio ezberdinen arabera. Horri guztiari esker, eraikina moldagarria da, eta horrek aukera paregabea ematen du askotariko jarduerak eta kultura-proposamenak antolatzeko, hala antzerkiak eta kontzertuak, nola hitzaldiak eta ikus-entzuleak zutik egoteko ekitaldiak.
Auditoriumaren ondoan, eraikinaren beheko solairuan, 164 metro karratuko irakurgela bat dago, baita herritarrei argibideak eta arreta emateko zerbitzua ere. Lehenengo solairuan, berriz, hitzaldi-aretoa eta informatika-gela daude, baita erabilera anitzeko bi gela ere. Horietatik bik 50 metro karratu dituzte, eta beste bik, 20 metro karratu. Bigarren solairuari dagokionez, gune hauek izanen dira bertan: lantegiak, sukaldea eta haurrendako aretoa. Eta hirugarren eta azken solairuan, kirol- eta dantza-jarduerak eginen dira.
Estalkian, berriz, eraikinaren funtzionamendurako beharrezkoak diren azpiegiturak egonen dira: energia ia nuluko eraikuntza izanen da, eraikinaren energia-eskari guztiak elektrikoak izanen baitira, energia berriztagarriak oinarri hartuta, hala nola aerotermia eta energia elektrikoa teknologia fotovoltaikoaren bidez bertan edo gertu sortzea (autokontsumo partekatuaren kontzeptua erabiliz). Gainera, beheko solairu gaineko landare-estalkiaz gain, euri-ura hartzeko sistema bat instalatuko da eraikin barruan erabiltzeko, hala bere aztarna ekologikoa murrizteko.
Lanak hiru urtez egin dira
Pompelo Civivox berria eraikitzeko lanak 2022ko azaroan hasi ziren, kontratuaren adjudikazioduna den Construcciones Mariezcurrena enpresaren eskutik, eta 10.004.914,35 euroko aurrekontua izan du obrak. OFS Sociedad Cooperativa Profesional, INARQ Estudio de Aplicaciones de Ingeniería SL eta ATERPE Oficina Técnica SLP enpresek diseinatutakoari jarraikiz egin dira lanak.
Joan den apirilean lanak eta azken erremateak bukatu ziren, eta orduan hasi zen gune guztiak prest jartzeko denbora-tartea; hain zuzen ere, oraindik abian da fase hori. Besteak beste, informatika- eta segurtasun-sistemak eta sarrera bidegabeak detektatzeko sistemak instalatu dira, eta lanak egin dira aretoetako eta auditoriumeko argi- eta soinu-sisteman.
Azken bi hilabeteetan, lan hauek egin dira: guneak egokitu dira, eta azpiegiturekin eta Internet- eta wifi-konexioekin lotutako protokoloak, inbentarioak eta segurtasun-eta zaintza-planak landu dira. Azkenik, gunea goitik behera garbitu da hura prest jartzeko.
Lanek 10,1 milioi euroko kostua izan dute guztira: horietatik 10 milioi, lanetarako, eta beste 100.000 euro inguru, ekipamendurako.
IREKIERA, ZATIKA
• Azaroak 28: ate irekien eguna.
• Abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra bitarte: pixkanaka-pixkanaka gune osoa erabiltzen joatea.
• Otsailak 1: ikastaro eta jarduera guztiak Pompelo Civivoxean eskaintzea eta egungo Zabalguneko Civivoxa ixtea.