ZabaIik daude berriz ere udal-eraikinetan dauden Iruñeko Udalaren erregistro guztiak

ZabaIik daude berriz ere udal-eraikinetan dauden Iruñeko Udalaren erregistro guztiak
Martxoaren 15etik maiatzaren 24ra bitarte 3.386 erregistro gauzatu dira, horietatik % 83,5 online eta gainerakoak Zapateria kaleko 40ko erregistroan

registro

Dagoeneko zabalik daude Iruñeko Udalak eraikin publikoetan dituen erregistro ofizialak, hala Kondestableko erregistro orokorra, ateak maiatzaren 25ean ireki zituena, aurretiazko hitzorduaren sistema ezarrita, nola lau erregistro osagarriak, sistemara pixkanaka-pixkanaka batu direnak behin alarma-egoerak ezarritako neurriak arindu ahala.  Itxita jarraitzen duen bakarra Armada etorbidearen 2ko erregistro osagarria da, eraikina partekatua denez sarbidea kudeatzea korapilatsuagoa baita.
 

Konfinamenduak iraun duen bitartean, administrazio-epeak etenda bazeuden ere, etenik gabe erregistratu ahal izan dira dokumentuak erregistro digitalean, Egoitza Elektronikoan, www.pamplona.es webgunearen bidez.
 

Aurrez aurreko erregistroak haien ohiko ordutegiarekin itzuli dira, astelehenetik ostiralera (lanegunetan) 08:30etik 14:30era, eta guztietan betetzen dira ezarritako segurtasun baldintzak edukierari, distantzia fisikoari, segurtasuneko materialen erabilerari, eskuak garbitzeari eta tenperatura hartzeari dagokienez. Herritarrek maskara jantzita bertaratu beharko dute, egoitzetako sarrera-irteeretan likido hidroalkoholikoa eskura izanen dute eta erregistroko langileen aginduak jarraitu beharko dituzte.
 

Oro har, herritarrek edozein erregistrotan entrega ditzakete Iruñeko Udaleko edozein alor edo zerbitzutara zuzendutako agiriak, bai eta beste administrazio batzuetara zuzendutakoak ere, eta Udalak eskatutako agiriak konpultsatzea ere eskatu ahal izanen dute. Erroldako izapideak, aldiz, erregistro orokorrean soilik egin daitezke, aurrez hitzordua eskatuta 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan edo 948 420 100 telefono zenbakian, edo www.pamplona.es webgunean (‘Izapideak eta lizitazioak > aurreko hitzordua’ atalean). Errolda-orriekin zerikusia duen guztia online egin behar da halabeharrez, edo telefono horretara bertara deituta; agiri fisikoa eskatzailearen helbidera bidaliko da.
 

3.386 erregistro konfinamenduan zehar
 

Urtarrilaren 1etik martxoan alarma-egoera dekretatu zen arte Iruñeko Udalaren aurrez aurreko erregistroetan 8.222 erregistro kontabilizatu ziren eta 5.540 erregistro elektronikoan.
 

 COVID-19a baino lehenagoko epean erregistroen bidez eginiko 2020ko izapide-kopuruari erreparatuta, Iratxeko Monasterioaren kaleko erregistro osagarria izan zen erabiliena, 3.616 izapiderekin. Zifren arabera hurrena Kondestableko erregistro orokorra izan zen (1.920 erregistrorekin), Hirigintzakoa, Armadaren etorbidean (1.381 erregistrorekin) eta Eslava kalekoa (1.111 erregistrorekin). Denbora-tarte horretan joan-etorririk txikiena izan zuena Descalzos kaleko erregistro osagarria izan zen, 194 erregistrorekin.
 

Baina, hala eta guztiz ere, konfinamenduak iraun bitartean herritarrei erregistroak bi bideak baliatuz egiteko aukera ematen jarraitu zuten: aurrez-aurre zein urrunetik. Alde batetik, egun horietan, hain zuzen ere, berriz ireki zen Zapateria 40ko erregistroa, eta 1.006 erregistro egin ziren bertan maiatzaren 15etik 24ra bitarte. Bestetik, epe berean, 2.380 erregistro gauzatu ziren online erregistro digitalaren bidez; hartara, herritarrek aste horietan eginiko erregistroak 3.386 izan ziren guztira.
 

Iruñeko Udalaren erregistroak.

Erregistro Orokorra

  • Kale Nagusia, 2 Kondestablearen jauregia

Iruñeko Udalaren Erregistro osagarriak

  • Zapateria kalea, 40 Iruñeko Udaleko Zerbitzu Orokorretako Alorra - Giza Baliabideak
  • Descalzos kalea, 72. Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko Alorra
  • Iratxeko Monasterioaren kalea, 2 Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorra
  • Eslava kalea, 1 Iruñeko Udaleko Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko Alorra - Birgaikuntza Bulegoa
  • Armada etorbidea, 2 Iruñeko Udaleko Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko Alorra ITXITA
¿Te ha sido útil esta página?