Iruñeko Udalak Yamaguchi parkeko aintzirako egurrezko zaldainak kendu ditu, oso hondatuta baitzeuden. Zaldainen ordez orain kendu direnen antzeko diseinua izanen duten pasabide berriak jarriko dira datozen asteetan.
Zaldainak aintzirako hondartza bateko pagodaren aurrean daude, eta Yamaguchiko parkearen jatorrizko diseinuaren parte dira. Parke hori 1997an inauguratu zen, bi paisajista japoniarrek egindako diseinuari jarraituz. Egurrez eginda daudenez, denboraren joanak eta hezetasunak pasabideen egoera kaltetu dute. Izan ere, Udaltzaingoak eremua itxi zuen istripuak saihesteko. Hori dela eta pasabideak kendu dituzte haien ordez berri batzuk jartzeko. Hiri Kontserbazioko zerbitzua zaldain berrien materialak eta diseinua zehazten ari da.
Lan horiek aintziraren ohiko garbiketa- eta mantentze-lanekin batera egiten ari dira. Izan ere, joan den astelehenean, otsailak 12, aintzira dagoeneko hutsik zegoen, lohiak garbitzen eta kentzen hasteko. Aintziraren edukiera 2.000 metro kubikokoa da gutxi gora behera. Garbiketa-lanei esker 30 metro kubiko lohi inguru kendu dira. Udalak, lorategi zerbitzuaren bidez eta Nafarroako Gobernuko Basozaintzarekin koordinatuta, urtero hiru edo lau aldiz husten ditu hiriko aintzirak. Yamaguchiko aintziran, zehazki, ez dago faunarik, eta egon litezkeen arrain gutxi horiek espezie inbaditzaileak dira.
Honako hau urteko lehenengo hustuketa izan da, otsailaren hasieran egin ohi dena. Bigarren hustuketa bat egiten da maiatza eta ekaina bitartean. Uda ondoren, iraila eta urria bitartean hirugarren garbiketa bat egiten da. Uraren zikinkeriaren arabera, urtean laugarren garbiketa bat egiten ahal da, Eguberri inguruan. Aintziraren hustuketa-, garbiketa- eta betetze-prozesuak astebete inguru iraun ohi du. Hala ere, oraingoan, zaldainak kentzeko aprobetxatu dutenez, hustuketa hamabost egunez luzatu da. Xedea da astearen amaierarako betetzen hasi ahal izatea.
Yamaguchi parkeak 85.000 metro karratuko azalera du eta erdigunean 4.000 metro karratuko lorategi japoniar bat dago 400 zuhaitz eta 600 landare baino gehiago dituena: gereziondo japoniarrak, gingko bilobak, sahats negartiak, zingiretako altzifreak, astigarrak, haritzak, sekuoiak eta gorostiak, besteak beste. Parkeak Iruñearekin senidetutako Japoniako hiriari zor dio izena.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Yamaguchiko aintzirako garbiketa- eta mantentze-lanen barnean sartu da kaltetutako egurrezko zaldainak kentzea