Yamaguchiko aintzirak Iruñeko Soldadurako Lantaldeak egindako pasabide berriak estreinatuko ditu

Yamaguchiko aintzirak Iruñeko Soldadurako Lantaldeak egindako pasabide berriak estreinatuko ditu
40 metroko luzerako egitura berria maiatzaren hasieran irekiko da aintziraren barruko uhartera joan-etorriak errazteko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Yamaguchi parkeak oinezkoendako pasabide berri bat izanen du laster, aintzira barneko uharteraino zeharkatzeko, bertan sahats negarti bat baitago. Egitura berriaren lanak amaitzear daude, eta aurretik zegoena ordeztuta jarri da. Egitura zaharra oso-osorik zurez egina zegoen eta otsailean kendu zuten denboraren joanagatik eta hezetasunagatik kaltetuta baitzegoen. Hirigintza Gerentziako Kontseiluko eta Iruñeko Udaleko Hirigintzako Batzordeko kideek gaur goizean bisitatu dute parkea, Hiri Altzarietako zerbitzuak eta Gizarte Enpleguko alorreko Soldadurako Lantaldeak elkarlanean egindako lanen emaitza ezagutzeko. Helburua pasabideak maiatzaren hasieran irekitzea da, ingurua egokitzeko lanak amaitutakoan.

Pasabide berriak 40 metroko luzerako eta metro bateko zabalerako sigi-saga erako diseinua du. Metalezko egitura galbanizatu baten gainean dago eta elondo-egurrezko listoiekin estalita. Diseinua aintzirako uhartearen orografia berrira egokitu da, Berdeguneetako zerbitzuak uhartearen forma aldatu eta handitu duelako barnean dagoen sahats negarti handia babesteko. Uhartean urak harrapatzen dituen eremuetan tipikoak diren zuhaixkak eta landare biziak landatuko dira eta hondartzak atseden hartzeko gune gisa utziko dira. Pasabide berriak dagoeneko ezarrita daude eta aste honetan harlauzak jarriko dira sarbideetan.

Otsailean, aintziraren ohiko garbiketa- eta mantentze-lanekin batera, pasabide zaharra kendu zuten, oso kaltetuta baitzegoen. Izan ere, sarbideak dagoeneko itxita zeuden istripuak saihesteko. Egitura zaharra kendutakoan, Gizarte Enpleguko alorreko Soldadurako Lantaldeari egitura berri bat egitea enkargatu zitzaion, 12.000 euroko inbertsioarekin. Azken asteotan, egitura berria instalatu eta ainguratu da aintziran. Ingurua egokitzeko lanak bukatu arte itxaron beharko da pasabideetatik ibili ahal izateko. 

Lan horiekin batera, aintziratik gertu dauden belardietako drainatze sistemetako bi kolektore txiki konpondu dira, bai eta barneko bideetako zoladura ere hainbat puntutan. Parkea belardi handien eta zeharkatzen duten barneko bideen drainatze- eta saneamendu-sistemarik gabe eraiki zen. Ondoren instalatu baziren ere, azken asteotan egin diren konponketak behar zituzten.

90ko hamarkadan jarri ziren
Zaldainak aintzirako hondartza bateko pagodaren aurrean daude, eta 1997an inauguratu zen Yamaguchiko parkearen jatorrizko diseinuaren parte dira. Hiriko berdegune hori bi paisajista japoniarrek diseinatu zuten Iruña eta Yamaguchi Japoniako hiria lotzen dituen senidetzearekiko keinu gisa. Pasabideen jatorrizko zurezko diseinua larriki kaltetuta dago denboraren joanagatik eta hezetasunagatik, eta pasabideen integritatea kaltetzeraino. Yamaguchi parkeak 85.000 metro karratuko azalera du eta erdigunean 4.000 metro karratuko lorategi japoniar bat dago 400 zuhaitz eta 600 landare baino gehiago dituena: gereziondo japoniarrak, gingko bilobak, sahats negartiak, zingiretako altzifreak, astigarrak, haritzak, sekuoiak eta gorostiak, besteak beste. 

¿Te ha sido útil esta página?