
Herritarrek Yala Nafarroa Con Palestina plataforma hautatu zuten txupinazoa nork jaurtiko zuen aukeratzeko bozketan. Gaur plataformaren bi ordezkari Udaletxean izan dira aurtengo sanferminei hasiera emanen dien ekitaldia prestatzeko. Hiru egun baino ez dira falta jaien hasierarako: gaur Lidón Soriano Segarra, Dyna Kharrat Juanbeltz eta Eduardo Ibero Albo bigarren solairuko balkoira atera dira, eta jendez gainezka egonen den ekitaldiaren xehetasunak errepasatu dituzte.
225 kolektibo eta 1.700 lagun baino gehiago dira herri palestinarrari babesa emateko Yala Nafarroa plataformaren parte; hain zuzen ere, plataformako hiru ordezkari, Esther Zabalegui Burguirekin batera, prentsa-aretoan izan dira protokoloari eta segurtasunari lotutako argibideak jasotzeko. Txupinazoa hasi aurretiko urratsak errepasatu dituzte, sanferminei hasiera emateko ekitaldia behar bezala garatu dadin.
Zazpigarren urtez jarraian, Pirotecnia Fiesta enpresa arduratuko da suziriak ipini eta gainbegiratzeaz. Ekitaldia arautzen duen alkatetza-dekretuarekin bat, hauxe esanen dute Yala Nafarroa con Palestinako hiru ordezkariek: “Pamplonesas, pamploneses, ¡Viva San Fermín! Iruindarrak, Gora San Fermín!”; hitz horiei ezin zaie beste ezer gehitu, ez iritzia adierazten duen hitzik eta ez bestelakorik ere.
Sanferminetako Mahai Orokorrak bost hautagai aukeratu zituen, eta Yala Nafarroa con Palestina plataformak eskuratu zituen herritarren boto gehien: eman ziren 20.045 botoetatik, 10.594 boto. Aurtengo bozketan inoiz baino boto gehiago erregistratu ziren. Iruñeko Peñen Federazioak eta Nafarroako Kirol eta Kultur Zentro Dominikarrak aurkeztu zuten hautagaitza; izan ere, plataformak “balio demokratikoen, giza eskubideen eta Iruñeko elkarbizitzaren aldeko konpromisoa du, eta bakearen eta justiziaren aldeko aldarria zabaltzen lagundu du”.