XX. mendea hasi zenetik entzierroan hil diren hamasei korrikalarien izenak jarri dituzte dagoeneko Entzierroaren monumentuan. Iruñeko Udalak oroitzapenezko idazkunak jarri ditu monumentuan: korrikalarien izen-abizenak daude ikusgai, baita hil ziren urtea ere. Aipatu moduan, entzierroan hil direnen oroigarri gisa jarri dituzte idazkunak, eta Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Udalbatzako kideek hartu dute parte inaugurazio-ekitaldian.
Asironekin batera, Javier Lezáun Resanok hartu du parte inaugurazio-ekitaldian: San Domingo aldapan egiten du korrika, eta Daniel Jimeno Romeroren senideen laguna da; Daniel Jimeno, Alcalá de Henareseko 27 urteko gaztea, 2009ko sanferminetan hil zen. Lezaunekin batera, haren emaztea, Estíbaliz Gago Jiménez eta seme-alabak, Eric eta Noelia, izan dira ekitaldian. Hain zuzen ere, Noelia Daniel Jimenoren aita Antonioren besoetako alaba da.
Bi familien arteko harremana Danielen heriotzaren ondoren sortu zen, eta pandemia bitartean sendotu. Urtez urte, hildako korrikalarien senideak Iruñera etortzen dira semea omentzera: lore-sorta bat paratzen dute Telefónicako tartean, han eman baitzuen azken hatsa. 2020ko COVID-19aren pandemiaren ondorioz, joan-etorriak mugatu ziren, eta Lezaun Gago familia arduratu zen lore-sorta Telefónicako tarte horretan jartzeaz. Gaur goizeko inaugurazio-ekitaldira joan dira, Daniel Jimeno familiaren eta entzierroan hildako gainerakoen ordezkari gisa; gaurtik aurrera, hildako korrikalariek brontzezko idazkunak izanen dituzte, akabera beltzarekin, eta gainera, bakoitzaren izenaren ondoan izar bat jarri dute.
Julen Hoyuelosek eta Sara Sotések osatutako Isilune duoak musika-emanaldi hauek eskaini ditu: Astraingo balsa, aurreskua eta 2. diana.
Sanferminen aurretik
Iruñeko Udalak apirilean jakinarazi zuen hildako korrikalarien oroigarri bat jarriko zuela Entzierroaren monumentuan. Entzierroaren Mahaian eman zuen asmo horren berri, eta adierazi zuen oroigarria sanferminen aurretik egonen zela prest. 2023ko abenduan Udalak entzierroan hil direnen izenen plakak jarri zituen entzierroaren ibilbideko galtzada-harrietan, baina horrek eztabaida sortu zuen; izan ere, ibilbideko elementuen irristakortasunari buruzko txosten bati jarraikiz, plaka horiek kendu behar izan zituzten, eta plakak beste leku batean jarri edo biktimak omentzeko beste moduren bat aztertzen hasi ziren.
Entzierroaren monumentua hautatu dute horretarako (Karlos III.aren eta Orreaga etorbideen arteko elkargunean dago). Idazkunak granitozko idulkiaren gainean jarri dituzte, monumentuaren alde batean, hiriko armarriaren ondoan; hala, eskulturak protagonismoa izaten jarraituko du, eta espazio bakar batean sanferminetako ohiko irudi bat eta hiriko eredu den lasterketa horretan hil direnen oroitzapena bateratzen dira.
SANFERMINETAKO ENTZIERROETAN HIL DIRENEN ZERRENDA
Francisco García Gurrea (1910)
Esteban Domeño Laborda (1924)
Santiago Martínez Zufía (1927)
Gonzalo Bustinduy Gutiérrez de la Solana (1935)
Casimiro Heredia Ruiz (1947)
Julián Zabalza Martínez (1947)
Vicente Urrizola Istúriz (1961)
Hilario Pardo Simón (1969)
Juan Ignacio Eraso Martiartu (1974)
Gregorio Górriz Sarasa (1975)
José Joaquín Esparza Sarasíbar (1977)
José Antonio Sánchez Navascués (1980)
Vicente Risco Sierra (1980)
Matthew Peter Tassio (1995)
Fermín Etxeberría Irañeta (2003)
Daniel Jimeno Romero (2009)