
Xak musika-taldea, Paxkal Irigoyen musikariaren proposamen berria, izanen da protagonista ostegunean, 20:00etan: Udalak antolatutako Kantu eta Hitza zikloaren laugarren kontzertua izanen da, erakundeak egindako euskarazko kultur programazioaren barruan. Eguraldiaren iragarpenak direla eta, emanaldiaren agertokia aldatu da: Erraldoien Txokoan eginen da oraingoan. Kontzertuak edukiera mugatua izanen du, eta entzule bakoitzeko bi sarrera emanen dira, leku berean, kontzertua hasi baino ordubete lehenago.
Paxkal Irigoyen (Ainhize - Monjolose) abeslari eta musikari polifazetikoa da, eta bere musika-ibilbidean zehar bakarka eta musika-talde hauetan aritu da: Behi Bideko, Andere Xuriak, Frigo,Txost!, Fifita, Bloñ, Tud, Doktor Mephisto eta Xak, besteak beste.
2017an bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen, Kontsumo produkto izenburupean; urtebete geroago, bigarren albumaren txanda izan zen, Artha izenburupean. 2021ean Bloñ taldea sortu zuen Maia Iribarne musikari eta zinemagilearekin batera, eta Bañolet kantuz diskoa kaleratu zuten elkarrekin: biek zuzendutako Bañolet filmeko abestiak barne hartzen ditu diskoak.
Xak da Irigoyenen azken proiektua: diskoak sei abesti ditu guztira, eta 2025eko maiatzean kaleratu zuen. Pop eta folk estiloak uztartzen dituzte abestiek, baita gitarra, mandolina eta ahotsen bidezko melodia malenkoniatsuak eta baxuaren eta bateriaren erritmoen indarra ere, eta, horrez gain, entzuleak erakartzeko soinu-geruzak baliatzen dituzte.
Abestiak zuzenean aurkezte aldera, Irigoyenek boskote bat osatu du: Julen Etxeberri (bateria), Allande Etxeberri (baxua), Paul Covreur (gitarra eta mandolina) eta Uxue Olaziregi (gitarra akustikoa).
KANTU ETA HITZA 2026. SARRERA LIBREA
O-ko Andre Mariaren plazako kontzertuak: 20:00etan (euririk balitz, kontzertuak Descalzos kaleko Erraldoien Txokoan eginen dira)
Ekainak 4: Xak
Ekainak 11: Bisaiak
Ekainak 18: Kaskezur
Ekainak 25: Erromintxelak