Xabier San Sebastiánek ostegunean aurkeztuko du bere azken lana, Zuhaitzak ez du beldurrik, Erraldoien Txokoan, Kantu eta Hitza zikloaren kontzertuen barruan

Xabier San Sebastiánek ostegunean aurkeztuko du bere azken lana, Zuhaitzak ez du beldurrik, Erraldoien Txokoan, Kantu eta Hitza zikloaren kontzertuen barruan
Emanaldia 20:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango da, aurretik gonbidapena hartuta

Badator Kantu eta hitza formatu txikiko euskarazko kontzertu-zikloaren azken-aurreko emanaldia. Ostegunean, Erraldoien Txokoan, hitzordua dago Xabier San Sebastián musikari, abeslari eta gitarra-jotzaile donostiarrarekin, bertan izango baita bere azken lana aurkezteko: Zuhaitzak ez du beldurrik. Kontzertua 20:30ean hasiko da eta sarrera librea da, gonbidapena hartuta, jarduera hasi baino ordubete lehenagotik.

Donostian eta Madrilen musika ikasi ostean, euskal geografiako plaza ia guztietan izan da Izotz taldeaz. Horren osteko lau urteetan, Alboka folk-taldeko kidea izan zen. Talde horrekin gerturatu zitzaion, hain zuzen, musika tradizional garaikideari, zeinari bere ahotsak eta gitarrak estilo eta nortasun bereizgarriak eransten baitizkiote. Albokarekin hiru disko grabatu ditu, eta kontzertu andana eman du Europan, Estatu Batuetan eta Egipton. 

2004an bakarkako ibilbideari ekin zion, Orai diskoaz, eta horren ostean beste hiru disko kaleratu ditu, azkenekoa Kantu eta Hitza zikloan aurkeztuko duena: Zuhaitzak ez du beldurrik. Folka eta rocka dira bere proposamenaren iturburuak, azken etapa honetan doinu akustikoetarako joera erakutsi duelarik. Izan ere, azken disko honetan ageri zaigun musikak ateak ireki dizkio esperimentazioari, batzuetan Mikel Laboa gogora ekarrita. Osteguneko emanaldian berarekin egongo dira Igor Telletxea (bateria), Matthieu Haramboure (baxua) eta Satxa Soriazu (teklatuak).

2019ko Kantu eta Hitzako euskarazko formatu txikiko kontzertuei datorren ostegunean emango zaie buru, Peio Ospital abeslari eta intelektualaren eskutik, euskal kulturaren ernaberritzean 60ko hamarkadaren amaierako aldarri-kanten bidez parte hartu zuenak kontzertua emango baitu. Pantxoa Carrèrerekin batera 40 urte baino gehiago kantuan aritu ostean, lehen bakarkako lana aurkeztuko du: Arnasa... Hatsa... Bizia...

 

KANTU ETA HITZA 2019. FORMATU TXIKIKO KONTZERTUAK EUSKARAZ

 

  • Ostegunetan. Erraldoien Txokoan (Descalzos k., 72)
  • 20:30ean. Gonbidapenak, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.
  • Ekainak 27
  • Peio Ospital. Arnasa...hatsa...bizia... 
¿Te ha sido útil esta página?