Xabier Morrásen giza hiri-begirada Kondestablen islatuko da haren Margolanak eta marrazkiak, ehun bat, jasotzen dituen bilduman

Xabier Morrásen giza hiri-begirada Kondestablen islatuko da haren Margolanak eta marrazkiak, ehun bat, jasotzen dituen bilduman
Erakusketa Kondestablearen jauregiko 1. eta 2. aretoetan egonen da ikusgai urtarrilaren 19a arte
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Exposición Morrás

 

Kondestablearen jauregiko lehen solairuko 1. eta 2. aretoetan egonen da ikusgai Xabier Morrás artista nafarraren Margolanak eta marrazkiak erakusketa urtarrilaren 19a arte. 2014an Arma aretoan izen bereko erakusketa egin ostean, bost urteren buruan, Morrásek berriro bildu du ehun bat lan; hiriak eta gizakiak, agertokiak eta sentimenduak, berezkoa duten begiradaz, ikusleen begirada erakarri, pentsamendua astindu eta kontzientzia ernatzen du.
 

Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak eta Xabier Morrásek berak aurkeztu dute erakusketa, 1975etik –eta batez ere 2000tik– gaur egun arte egindako margolanak eta marrazkiak dituena. Morrásek formatu handiaren alde egin du: 2x2 metroko mihiseak, non, margoa hiri-agertokietan taularatuz, bere kosmopolitismoa islatzen baitu. Erakusketan Londres, New York, Chicago, Berlin, Verdun edo Nafarroa bera irudikatzen dira, artistaren beraren kezkak azaleratzeko agertokitzat hartuta. “Kontzeptu- eta ikuskizun-garaietan bizi den margolari figuratibo baten” margogintza pertsonala da “zinema beltzaren, oso beltzaren, begiez begiratzen duen margolari baten” zirikadaz.
 

Horrez gain, katalogoak idazki laburtu gabean azaltzen ditu bai Morrásek margolanetan adierazitakoa bai haren mihiseek, tonuek, kromatismoak, agertokiek sortzen dituzten eraginak.... bai eta giza irudia ere, zeinaren sentimendu, jarrera eta gertaerak begirada eta keinuetan islatzen baitira. “Kez eta hotzez taxutu diren margolanak dira, belztasunez eta herdoilduraz, herdoildutakoaren, zahartutakoaren, arrakalatutakoaren edertasun bitxiaz, eta desagertzerakoan gauzatutako agerpenak” taularatzen dira “gainbehera doana, gainbeheraren edertasuna, porrota, heriotza, mehatxua direla-eta sortutako oroimin- zein sumin-agertokietan”. Margolanek “bakardade eta tristeziaren irudiak” islatzen dituzte, “desagertuak –beharbada inoiz izan ez zenak eta inoiz izanen ez denak– eragindako tristeziaren edertasuna”, agertoki batzuk erabilita, “tokiko agertokiak zein unibertsalak, mende baten historia direnak, gizakiaren barne-historia, kultura baten metahistoria, neurrigabekeriaz eta odolez eraikitako zibilizazioaren historia ostekoa”.
 

Morrásen margolanetan, tokiak ez dira izen hutsak, baizik eta ñabardurak, gertaerak, pertsonak, argiak, lurrinak... Hor tokiek erabateko garrantzia dute; izan ere, katalogoan adierazten den bezala “lekuak han gertatzen dena edo gertatzen dela uste duguna dira, bai eta hura gogorarazten dizkiguten material guztiak, haien iraganari buruzko gauzak kontatzen dizkigutenak eta zeharka orain nolakoak garen erakusten dizkigutenak”. Ikusleak konkretua den horretatik abstraktura eramateko gai dira Morrásen margolanak, egunerokotasunetik haraindikora; atzealdeko agertoki erraldoiak dira, xehetasun ñimiñoetatik ideal handietara joateko.
 

Berrogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbide artistikoa

Xabier Morrás Zazpe (Iruñea, 1943) 60 eta 70eko hamarkadan egin zituen margogintza-ikasketak, Londresen eta New Yorken. Zehazki, Atzerrian Ikasketa Artistikoak egiteko Nafarroako Foru Aldundi Gorenak emandako ezohiko beka jaso zuen, baita Atzerrian Ikasketak Zabaltzeko beka ere, Juan March Fundazioak emana. Morrás Nafarroako Aurrezki Kutxako Kultur Aretoko zuzendaria izan zen, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko irakaslea eta Jorge Oteiza Fundazio-Museoko Patronatu kidea.
 

Dagoeneko duela 50 urte egin zuen bere lehen erakusketa, Nafarroako Aurrezki Kutxako Kultura Aretoan, Iruñean, Londresi buruzko bilduma batez. Lau urte geroago, 1973an, New Yorkei buruzko lanak jarri zituen ikusgai, Madrilgo Iolas Velasco Galerian. 80ko hamarkadan Windsor Galerian eta Arte Ederretako Museoan (Bilbo). Ziudadelan askotan ibilia den artista izanik, 2002an zein 2014an antolatu ziren haren erakusketak, Mistoen Eraikinean eta Arma Aretoan, hurrenez hurren.
 

Horrez gain, Morrásek dozenaka talde-erakusketatan hartu du parte, adibidez: 70. testigantza Madrilgo Arte Garaikideko Museoan; 1972ko Iruñeko Arte Topaketak, Nafarroako Museoan; Iruñeko Eskola, 1995ean, Planetarioan; Laborategiak. 70eko hamarkadako euskal artea, 2009an, Bilboko Rekalde aretoan; eta 1972ko Iruñeko Arte Topaketetako 25. urteurrena, Nafarroako Museoan zein Reina Sofia Arte Museoan.

¿Te ha sido útil esta página?