Iruñeko Udalak abian jarri du sanferminen webgune ofizial berria. Diseinu praktiko eta erraza du, eta batez ere gailu mugikorretan erabiltzeko pentsatu da. www.sanferminespamplona.es webguneak hiriko biztanleei eta bisitari guztiei festen xehetasunik ez galtzeko behar den informazio praktikoa eskaintzen die. Programa ofizialeko ekitaldiak egunez egun, entzierroetako irudiak eta sanferminetan konpartsa non dagoen jakiteko sistema bat dira jada eskuragarri dauden funtzionalitateetako batzuk. Sanferminen webgune ofiziala berritzeaz gain, eta festen esanahia onlineko inguru digitalera ere helarazteko asmoz, Udalak bere gif-bilduma handitu du aurten. Animazio-irudi horiek eskuragarri daude jada sare sozialetan, ‘SanferminakIruñean’ etiketarekin.
www.sanferminespamplona.es sanferminen webgune ofizialak zerbitzu erabilgarria ematen du festetako ekitaldiekin gozatu edo horietan parte hartu nahi duen ororentzat, edo festen historia, tradizioak eta protagonistak ezagutu nahi dituztenentzat. Horrez gain, diseinuak erraztu egiten du edozein tokitatik kontsultak egitea, izan ere, gailu mugikorretatik kontsultak osoki egiteko egokituta egoteaz gain, egitura soil baten aldeko hautua egin da, irisgarritasuna hobetu eta denbora luzez nabigatu gabe oinarrizko informazioa aurkitzea ahalbidetzen duena. Hala, erdiko gunean dauden sei ikonoei esker zuzeneko sarbidea egonen da unean-uneko gai interesgarrienei; horrez gain, goiko aldean bi menu zabalgarri daude, eta horien bidez eskura egonen dira ‘sanferminak’ esteka, festen tradizioak eta historiarekin, eta ‘Informazio praktikoa’ esteka, edozeinek festa egunez gozatzeko behar duen guztiarekin. Webguneak komunikazioko profesionalendako berariazko gune bat ere eskaintzen du, eta horren bidez deskarga daitezke ikus-entzunezko materiala zein dossier bat, festaren funtsa ezagutzen ez duen profesional bati sor dakizkiokeen zalantza nagusiak argitzeko baliagarria.
Festen programa eta horren inguruko xehetasun guztiak dira webgune berrituaren oinarrietako batzuk. Ekitaldien deskribapena kontsultatzeko aukera dago, jardueraren egunaren eta orduaren arabera sailkatuta. Halaber, festen programa ofizialaren artxiboa eskuragarri dago gailuetan deskargatzeko. Webguneak eskaintzen dituen baliabide praktikoen artean ezinbesteko zenbait telefono jasota daude, lagungarriak festa egunetan edozein zalantza edo arazo sortuz gero. Ildo beretik, ‘festetarako dokumentuak’ atalean eskura daude bisitariak hirian kokatzeko zenbait mapa eta gida erabilgarri.
Entzierroa festetako ekitaldirik adierazgarriena denez, lehentasunezko tokia du sanferminen webgune ofizialean. Orri nagusian dagoen sarbide baten bidez azken urteotako lasterketa guztiak ikus daitezke, eta egunero 2022ko entzierroetako bideoak txertatuko dira. Iruñeko Udalak sortutako webguneak gehigarri bat eman nahi die programatutako ekitaldi batzuei, onlineko zerbitzuak baliatuta. Adibidez, aukera izanen dugu festetan konpartsa uneoro non dagoen jakiteko eta Sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan bozkatzeko.
Sanferminetako gif-bilduma handitu da sare sozialetan
Gaur egun, Internet eta sare sozialak giltzarri dira herri-kultura transmititzeko eta toki bakoitzaren tradizioak munduan barna ezagutzera emateko. Iruñeko Udala horren jakitun denez, sarean duen presentzia arlo instituzionaletik haratago doa, eta lanean ari da hiriaren eta sanferminen muina komunikabide berrietan –sare sozialetako storieak esaterako– ere zabal daitezen. Iruñeak baditu jada “gif” edo animazio-irudien zenbait bilduma, eta horiez gain, orain sanferminen inguruko sormen-lan berriak gehitu dira. Libreki erabiltzeko eskuragarri daude, eta horiek eskuratzeko ‘sanferminakiruñean’ hitz-gakoa idatzi behar da bilatzailean.
Konpartsaren irudiek estreinatu zuten duela pare bat urte sanferminen inguruko animazio-irudien bilduma hori. Erraldoi, kiliki eta buruhandi bakoitza formatu animatuan erabil daiteke, edo “maskara” gisa, horren barruan pertsona baten aurpegia jarrita, nahi duen orok birtualki irudi horien larruan sartzeko aukera izan dezan. Orain, bildumak “gif” berriak ditu, hala nola konpartsa bera hiriko kaleetan barna, entzierrorako baimen-txartel bat eta Txupinazoaren unearen irudikapena hainbat ikuspegitatik. Badaude berritasun gehiago, besteak beste, santuari kantatzeko unea, Gaixoa Nia, eta edozein pertsonari “zapia” birtualki paratzeko aukera.