VIII. Iruña Open txapelketa martxoaren 9an eta 10ean eginen da Gaztediaren Etxean, eta bertan lortutako markak 2024ko Europako Txapelketarako puntuagarriak izanen dira

VIII. Iruña Open txapelketa martxoaren 9an eta 10ean eginen da Gaztediaren Etxean, eta bertan lortutako markak 2024ko Europako Txapelketarako puntuagarriak izanen dira
Ostegunean, 20:00etan, izen-ematea irekiko da, eta 64 plazak erregistro-ordenari hertsiki jarraituz beteko dira

foto

 

Nafarroa Arenan izanen den uztaileko nazioarteko hitzorduaren aurretik, hots, 2024ko Europako Txapelketaren aurretik, eta atariko gisa, Rubiken kuboaren VIII. Iruña Open txapelketa eginen da martxoko bigarren asteburuan, Gaztediaren Etxeak antolatuta, Espainiako Speedcubing Elkartearekin eta EuskalCubing elkartearekin elkarlanean. Bihar (urtarrilak 25, osteguna), 20:00etan, txapelketako 64 plazetan izena emateko epea irekiko da, eta erregistro-ordenaren arabera beteko dira.

Edizio honetan, izena ematen dutenek puzzlearen 8 modalitate ezberdinetan parte hartzeko aukera izanen dute, eta puzzlea ahalik eta lasterren ebatzi. Kategoria bakoitzeko hiru onenek domina eta diploma bana lortuko dituzte, eta 3x3x3 modalitatean (kubo klasikoa) irabazten duenak, gainera, Iruña Openeko 2024ko irabazlea dela adierazten duen txapela. Parte-hartzaile guztiek poster bat jasoko dute oroigarri gisa, eta, gainera, txapelketa amaitzean, merkatuko kubo onenen zozketa eginen da –kubo horietako batzuk 50 euroan zenbatetsirik daude–.

Txapelketa Gaztediaren Etxeko dantza-aretoan (Zangoza kalea 30) eginen da, martxoaren 9an eta 10ean, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Aretoak zortzi lehiaketa-mahai izanen ditu, eta parte-hartzaileak horien inguruan eseriko dira kuboak ebazteko. Horrez gain, kuboak nahasteko gune bat eta ikusleendako gune bat egonen dira. Azken horretan nahi dutenek lehiaketa zuzenean ikusi ahal izanen dute.

Bertaratzea doakoa da, baina izen-emateak 3,5 euroko kostua du Espainiako Speedcubing Elkarteko bazkideendako eta 5 eurokoa, bazkide ez direnentzat, Stripe sistemaren bidez ordainduko dena. 2024ko VIII. Iruña Open txapelketako markak ofizialki erregistratuko dira, eta ekitaldiko emaitzak Europako Txapelketarako kalifikazio gisa erabili ahal izanen dira. Izena emateko WCAn kontu bat zabaldu beharko da, edo dagoeneko kontu bat zabalik izanez gero, IDa txapelketari lotu.

Lehiaketa hau 2017an heldu zen Iruñeko Udaleko Gaztediaren Etxera, Iruñean aukera hori ireki nahi zuten lehiakide oso gazteen talde bati laguntzeko. Dagoeneko zortzi edizio egin izanak estatuko txapelketa zaharrenetakoa bihurtzen du, eta Iruña hiri erreferente gisa kokatzen du mota horretako txapelketetan.

 

2024KO VIII. OPEN IRUÑA LEHIAKETAREN MODALITATEAK

 

  • 3x3 (3 txanda). Guztiendako ezaguna den kubo klasikoa da, kategoriarik gailenena. Lehen txandan guztiek parte hartzen ahalko dute, eta 8 onenak pasako dira egunaren bukaeran ospatuko den final handira. Kategoria honetako irabazlea joko da txapelketako txapelduntzat, eta sari berezia eskuratuko du.
     
  • 2x2 (3 txanda). Kubo guztietan txikiena da, kubo klasikoa baino apur bat errazagoa.
     
  • Skewb (3 txanda): Kubo klasikoan ez bezala, izkinak dira ardatz, erdiko piezen ordez.
     
  • Square-1 (3 txanda): Ebatzirik dagoenean kubo forma duen arren, ardatz zeiharra duenez deformatu egiten da, eta horrek zaildu egiten du ebazpena.
     
  • Pyraminx (3 txanda): Tetraedro formako puzzle honek 9 hirukitxo ditu hiruki formako alde banatan.
     
  • 3x3 esku batez (Final konbinatua): Rubiken kubo klasikoa esku batez osatzean datza.
     
  • 3x3 itsumustuka (2 txanda): Kuboa nola dagoen buruz ikastean datza, gero begiak estalita ebazten saiatzeko. Sailkatzeko denbora bi denboren batuketa izanen da: buruz ikasteko denbora gehi ebaztekoa.
     
  • 3x3 bat baino gehiago, itsumustuka (ekinaldi bat): Lehiakideek zenbat kubo ebazten saiatu nahi duten aukeratu beharko dute, eta gehienez ere ordubetean buruz ikasi eta itsumustuka ebatzi, elkarrekin. Honela erabakiko da sailkapeneko puntuazioa: ebatzitako kuboak ken huts egindakoak.
     
¿Te ha sido útil esta página?