Urrezko Baba sariak 2002. urteaz geroztik urtero adingabe babesgabeen alde hainbat eremutan diharduten pertsonen eta instituzioak ez diren erakundeen lana aitortzen eta babesten du. Aurten saria Vicente Ferrer Fundazioak jaso du, lankidetzan diharduen ibilbide luzeko erakundea da eta adingabe babesgabeenekin egiten du lan. “Infancia con futuro” lan-ildoaren barnean ezaguna da India, Nepal, Sri Lanka, Filipinak, Mozambike eta Espainian (Valentziako GOIDIaren ostean) egindako lana.
Fundazioak laguntza eskaintzen du hezkuntzaren eta osasunaren ikuspegitik haur zaurgarrienak babesteko. Esparru horretan, Indian, besteak beste, Nafarroako 23 kooperante edo boluntario egon dira, medikuak zein beste arloetako profesionalak. Entitate horrek 2010ean ireki zuen ordezkaritza Foru Komunitatean, eta 15 urte geroago hamarnaka boluntario, 1.800 babesle eta bestelako lankidetza daude Nafarroan. Halaber, elkartasunaren eta nazioarteko lankidetzaren aldeko bere lanak gizartearen babes handia jaso du.
Gaur goizean Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Mamen Sádaba Chalezquer Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteko presidenteak Urrezko Baba saria eman diote Marian García García Vicente Ferrer Fundazioaren Nafarroako ordezkariari. Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak ematen du saria Iruñeko Udalarekin elkarlanean. Saria intxaur baten tamaina eta 18 kilateko urrez bainatutako baba baten irudia da, zilarrezkoa, eta hiru brillante ditu hiru Errege Magoak irudikatzeko: Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Sariaz gain, saritutako elkarteak 2.000 euro jaso ditu.
Epaimahaia honako ordezkari hauek osatu dute: Iruñeko Udala, Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkartea, Nafarroako Gobernuko Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordea, Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako departamentua, Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutza, Nafarroako Rural Kutxako Gizarte Ekintzako Alorra, iazko edizioan irabazi zuen Sahararen Adiskideen Nafarroako Elkartea / ANAS Nafarroa, baita Joaquin Galve ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko aurreko lehendakaria.
Indiatik Gazara, 3 milioi eta erdi pertsonengana heldu dira
Vicente Ferrer Fundazioa Nazioarteko Garapenerako Lankidetzarako erakundea da eta 57 urte daramatza laneanIndian. Fundazioa da “pertsonengan eta haien eraldatze-ahalmenean sinesten duen ekintza-erakunde bat, inolako sinesmen, ideologia edo erlijiorekin loturarik ez duena.” Helburu du diskriminazio-, desberdintasun- edo pobrezia-arriskuan dauden ahalik eta pertsona gehien laguntzea, haurrak babestea, eta, egoera zaurgarrian eta ahul dauden komunitateei etorkizunerako aukerak ematea, bereziki emakumeei, haurrei eta desgaitasuna duten pertsonei.
2008. urteaz geroztik 24 izan dira fundazioak abiatutako proiektuak; eta Andhra Pradeshen eta Telanganan (Indiako hegoaldea) ez ezik, bere lana beste herrialde batzuetara ere hedatu du.. Azken urteotan, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin lan egiten ari da Mozambiken haurren ezkontzak eragozteko. Esku-hartze komunitario hauek zuzenean eraginen diete 10-18 urteko 9.600 haur eta neraberi.
Orain Gazan daude: izugarrizko krisi humanitarioari aurre egin behar dion lurralde eta komunitatea. 36 hilabetez, datorren otsailetik aurrera, 6 eta 11 urte bitarteko 3.000 haur, 12 eta 16 urte bitarteko 1.800 nerabe eta 720 senide eta zaintzaile laguntzen saiatuko dira. Helburua: haurrak eta familiak babestuak sentituko diren gune seguruak sortzea, trauma tratatzeko eta egonkortasun emozionala berreskuratzeko laguntza psikosoziala ematea, eta, oinarrizko beharrak eskuratzen direla bermatzea: ura, elikagaiak, arropa, higienea, janaria prestatzeko tresnak. Hori guztia, komunitate-ehuna indartzen saiatu eta, tokiko taldeak laguntzan eta erantzun humanitarioan prestatzeko xedez.
Fundazioaren lana hasi eta mende erdi baino gehiagora, haren analistek nahiko datu dituzte beren ekintzek laguntza jaso duten haurren etorkizunean eta xede dituzten gizarteetan duten eragina ebaluatzeko: oraingoz 3,5 milioi lagunen bizitzetan esku hartu dute, horietako asko egoera bereziki zaurgarrian.
URREZKO BABA SARIAK
2002: Karitateko Alabak, La Providencia instituzioagatik
2003: Mensajeros por la Pazen Punto de Encuentro instituzioa
2004: ADANO elkartea
2005: Compartir Navarra GKE
2006: Ciganda Ferrer fundazioa, El Molino Ikastetxea erakundeagatik
2007: Nafarroa osoko guraso adopzio-hartzaileak
2008: Cardenal Ilundain ikastetxe publikoa
2009: Bideko Ama Birjina Ospitaleko haurrendako ikasgela
2010: Atena Psicoballet fundazioa
2011: Nafarroako familia harreragileak
2012: Isterria Ikastetxea
2013: Centro Puente hezkuntza zentroa
2014: Navarra Nuevo Futuro elkartea
2015: Itaka Eskolapioak fundazioa
2016: Ilundain-Haritz Berri fundazioa
2017: Xilema fundazioa
2018: Kultura Arteko Hezkuntzarako Zerbitzua (SEI)
2019: Hiru Hamabi / 312
2020: ‘Natividad Zubieta’ Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko zentroa
2021: ANFAS
2022: Iruñeko Gota de Leche
2023: ASPACE Nafarroa
2024: Sahararen Adiskideen Nafarroako Elkartea
2025: Vicente Ferrer Fundazioa